Txoka arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carduelis cannabina» orritik birbideratua)
Txoka arrunta
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaFringillidae
GeneroaLinaria
Espeziea Linaria cannabina
Linnaeus, 1758
Sinonimoak
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa1,66 g (pisua jaiotzean)
19 g (helduen pisua)
Zabalera0,24 m
Kumaldiaren tamaina4,9
Errute denbora13 egun

Txoka arrunta (Linaria cannabina), txoka izenaz ere ezaguna, fringillidae familiako hegazti paseriformea da, Europan, mendebaldeko Asian eta iparraldeko Afrikan bizi dena[1].Bizkaieraz Nabasitxori-a izendatuta[2]

Txoka arrunt arrak bizkarraldea arre-gorrixka du eta sabelaldea argia eta nabarra eta burua grisa; kopeta eta bularra gorriak. Emeak lumaje arre argia eta nabarra du. Haziak jaten ditu eta habia zuhaitz, zuhaixka edo sastraka baxuetan egiten du. Landazabalak ditu maite eta ez da bizi baso itxi eta handietan. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan atlantikoan baino arruntagoa da.[3]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez ditu koloreak karnabak bezain politak, baina kantari bezala ez da atzean geratzen. Kantu atsegina du eta asko eta ondo kantatzen du.

Txoka arruntaren lumaje diskretuan nabarrak dira nagusi: gorputza arre-grisaxka gainetik pixka bat marratua, eta azpian sabelaldea zuria eta alboak okre-antzekoak zerrenda arreekin. Hegoak eta isatsa arre ilunak, luma hauek kanpoko ertza zuria dute.

Espezie honen bereizgarriena, eztei-lumajean arrak kopetan eta bularrean dituen orban gorri biziak dira, udazkeneko mudaren ondoren itzali egiten da kolorea, gorri hits batera pasatuz.

Emeak arren antzekoak dira, baina arre-grisaxka kolorekoak, marra markatuagoak dituzte eta ez dituzte bularreko eta bekokiko orban gorriak. Gazteak eta emeak ia berdinak dira.

Txolarre bat baino txikixeagoa den txoria da, 13 cm inguruko neurria du eta lirainagoa da, buztana sakonki eskotatua, alejaleen mokoa, eta hegada uhindua fringilido gehienen antzera.

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alejalea, lurrean ematen du bere denboraren zati handi bat, eta saltoka ibiltzen da hainbat belarren hazien bila. Udaberrian eta udan intsektu batzuk ere jaten ditu.

Txoka arrunta oso espezie lagunkoia da. Hauen espiritu taldekoia kumaldian ere ikusten da, eta ez da arraroa bikote batzuk elkarrengandik oso hurbil haziz aurkitzea, baita dozenaka batzuk ere ipuruetan edo mahastietan, baina neguan nabarmentzen da gehien hauen taldekeria. Garai honetan, txori askoko taldetan biltzen dira, batzuetan ehunka txorikoak eta horiei maiz beste fringilido batzuk elkartzen zaizkie.

Martxo aldera edo apirilaren hasieran hasten dira habia egiten hostotza lodiko zuhaixketan edo txaraketan, beti altuera txikian, eta oso gutxitan ezponda belartsuetan, harkaitzetan edo harrizko hormetan. Mahastietan haztea ere gustatzen zaie, baina garai honetan mahatsondoak inausita eta hostorik gabe daude, estaldura gutxi eskaintzen diote, beraz bigarren habia egiten dute mahastietan, maiatzetik aurrera.

Sustrai finez eta belar lehorrez eraikitzen du habia, material leuneko barne-forruarekin, ile edo zenbait landareen kotoizko malutekin, artile edo surdeekin. Emeak 12-13 egunez txitatzen du, batzuetan arrak ordezkatuta. Normalean 4-6 arrautza zuri orbantxo arreekin erruten ditu. Beste 12-14 egun nahikoa dira txorikumeen hegaldiari ekin eta gazteen aldratan biltzeko, udaberrira arte luzatuko da bizimodu ibiltari hau.

Gure artean habia egiten duten txoka arruntak sedentarioak dira, baina Europako ipar eta ipar-ekialdekoak, neurri batean behintzat, Mediterraneo aldean igarotzen dute negua. Iparretik datozen txoka arrunt askok gure lurraldea zeharkatzen dute udaberrian eta udazkenean, eta batzuk negua igarotzen geratzen dira alfer-lurretan, uztondo eta Arabako mahastietan.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txoka arrunta eremu mediterraneotik boreal hegoaldera hazten da, eskualde Paleartikoaren mendebaldean, Atlantikoaren eta Turkestanen artean. Europan zehar, Eskandinaviako hegoalderaino eta Finlandiaraino hedatzen da, eta iberiar eskualde guztietan arrunta da. Euskal Herriko lurralde osoan zehar banatzen da, kostaldetik hasi eta Ebroko haraneko mahasti eta alfer-lurretaraino. Atlantikoko isurialdean baino ohikoagoa da Mediterraneo aldean.[4]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste izen arruntak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linaria cannabina tokiko euskarazko testuetan:[5] burugorri; kardintxarre; pardillo (pardilu, pardil); txoka (xoka); batzuetan liho-xori; nabasitxori; txirriskla; txonta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2004). Carduelis cannabina. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
  2. Nabasitxori «[www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=413&lang=eu]».
  3. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E.. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 221 or. ISBN 84-87114-09-1..
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 310 or. ISBN 84-7542-639-5..
  5. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]