Cecil B. DeMille

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Cecil B. DeMille.
Iragarkia (1919)

Cecil Blount DeMille (1881eko abuztuaren 12a1959ko urtarrilaren 21a) AEBetako zinema zuzendaria izan zen, Oscar sariaren irabazlea.

DeMille dozenaka film muturen zuzendaria izan zen, tartean Paramount Picturesen lehen pelikula ere, The Squaw Man (1914), 1910eko hamarkadaren amaieran eta 1920ko hamarkadan ospe eskerga lortu aurretik. Urte horietan ospearen gailurrera iritsi zen Don't Change Your Husband (1919), The Ten Commandments (1923), edo The King of Kings (1927) gisako filmei esker. Hollywooden izar bilakatu zen lehen zuzendarietakoa izan zen DeMille.

Hurrengo urteetan, 1930eko eta 1940ko hamarkadetan lan asko egiten jarraitu zuen, baina ez agian aurreko arrakastarekin. Nolanahi ere, 1952ko The Greatest Show on Earth filmak film onenaren Oscar eman zion eta 1956ko The Ten Commandments ere oso arrakastatsua izan zen. Billy Wilderren Sunset Boulevard filmean (1950) DeMille agertu zen bere burua antzezten, zinema mutuko aktore gehienekin gertatu ez zen bezala, zinemagileak oraindik ere ospea zeukala erakusteko.

Cecil B. DeMillek aktoreen trebetasuna ikusteko sena zeukan, eta antzezle ezezagun franko izar bihurtu zituen. Hainbat aktore behin eta berriro hartzen zituen film orotarako: Henry Wilcoxen, Julia Faye, Joseph Schildkraut, Ian Keith, Charles Bickford, Theodore Roberts, Akim Tamiroff, edo William Boyd. Claudette Colbert, Gloria Swanson, Gary Cooper, Jetta Goudal, Robert Preston, Paulette Goddard, eta Charlton Heston ere oso maiz agertu ziren haren filmetan.

Estudioan tirano izateko fama izan zuen, eta arrisku fisikoak hartzeko prest ez zeuden aktoreak gutxiesten zituen. Nolanahi ere, milaka extrak zuzentzeko gauza zen. Izan ere, bere film ugaritan eszena handiak eta jendetsuak txertatzen zituen, bere zinemaren ezaugarri behinenetakoa hain zuzen ere.

Filmografia (zuzendari gisa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Cecil B. DeMille Aldatu lotura Wikidatan