Cefalù

Koordenatuak: 38°02′22″N 14°01′19″E / 38.039481°N 14.022061°E / 38.039481; 14.022061
Wikipedia, Entziklopedia askea
Cefalu» orritik birbideratua)
Cefalù
Cefalù
Italiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Italiako hiri metropolitarraPalermoko metropoli-hiria
Izen ofizialaCefalù
Cifalù
Jatorrizko izenaCefalù
Posta kodea90015
ISTAT kodea082027
HerriburuaCefalù
Geografia
Koordenatuak38°02′22″N 14°01′19″E / 38.039481°N 14.022061°E / 38.039481; 14.022061
Map
Azalera66.24 km²
Altuera16 m
MugakideakCastelbuono, Gratteri, Isnello, Lascari eta Pollina
Demografia
Biztanleria13.881 (2023ko urtarrilaren 1a)
−417 (2018)
Dentsitatea209,56 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0921
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Katastro kodeaC421
Sailkapen sismikoa2 (Ertaina)
MatrikulaPA
comune.cefalu.pa.it

Cefalù (sizilieraz: Cifalù) Italiako hiria eta portua, Siziliako uhartearen iparraldean (Palermoko probintzia). 14.000 biztanle ditu. Arrantza-portua eta turismogune garrantzitsua. Normandiako estiloko katedral erromanikoa (XII. m.). Nahiz eta populazioa txikia izan, milaka turista ekartzen ditu Siziliatik, Italiatik eta Europako toki askotatik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziarrek fundatu zuten. Izenak toki garai eta harritsua esan nahi du (Κεφαλὴ), eta itsasora begira dago. Izenaren jatorria greziarra izan arren (Κεφαλοίδιον edo Κεφαλοιδὶς), Tuzididesek ez du aipatzen, zeinek azpimarratzen baitzuen Himera zela zonalde honetako kostaldeko greziar kolonia bakarra[1]. Litekeena da Cephaloedium hasieran Himeraren gotorleku bat izatea (φρούριον) eta hiri hau suntsituta izan zenean, hango errefuxiatuak Cefalun babestu ziren. Izena agertzen da lehenbizi historian K.a. 396. urtean, Himilkonek kartagotar espedizio bat zuzendu zuenean eta itun bat sinatu zuenean himerarrekin eta Cephaloediumgo biztanleekin[2]. Hala ere, kartagotar porrotaren ondoren, Dionisio Zaharrak Cephaloedium kontrolatu zuen[3]. Geroago, independentea izan zen, baina harreman onak izan zituen kartagotarrekin, horregatik Agatoklesek eraso eta konkistatu zuen K.a. 307an. Lehen Gerra Punikoan, Erromako armadak K.a. 254ean hiria konkistatu zuen. Erromatarrak Atilio Katalino eta Eszipion Nasicaren esanetara zeuden[4][5], baina traizioaz baliatu ziren Cefalun sartzeko[6]. Zizeronek zioenez, hiri oparo bihurtu zen, erromatar hirien hiriko pribilegio guztiekin, Cephaloedium edo Cephaloedis civitates decumanaeetako bat izan zelako. Hamarrena alez ordaintzen zion erromatar estatuari. Verresen agintaldian larriki pairatu zituen honen ordainarazpenak[7]. Txanponak urtu zituen ere. Denbora batez, ez dago albiste gehiago, baina Estrabonek[8], Pliniok eta Ptolomeok Cefalu aipatzen dute Siziliako hirien artean. Bizantziar menderatzean, populazioa aurreko tokitik gaurko tokira mugitu zen, nahiz eta hiri zaharra ez zen inoiz abandonatu. K.o. 858an, setio luze baten ostean arabiarrek konkistatu zuten eta Glafudi berrizendatu zuten. Hurrengo mendeetan, Siziliako Emirerriaren zati bat izan zen.

1063. urtean, normandiarrak hiriaz jabetu ziren eta 1131n, Roger II.ak, Siziliako erregeak, kokapena aldatu zuen leku helezinatik harkaitzaren oinera, non portu bikain bat eraiki baitzuen baita gaurko katedrala hasi ere. Oraindik ere, badaude antzinako hiriko aztarnak, beste batzuen artean, eraikin bat zenbait apartamenturekin, jauregi antza badu ere, ziklope edo poligonaleko estilorekin berreraiki da.

1285ean, Karlos Salerno eta Petri III.a Aragoikoaren arteko ituna sinatu zen Cefalun, honen arabera Karlosek, Petriren presoa zena, Siziliari uko egiten zion Jakueren mesederako (Alfontso II.a Aragoikoa erregaiaren anaia) askatua izateko. Honetaz gain, Jakueren ezkontza finkatu zen Karlosen alaba batekin, eta Violante printsesarena Karlosen seme batekin. Nahiz eta Karlosek, askatua izan ondoren, ituna berretsi zen, ez Frantziak ezta Aita Santuak ez zuten onartu.

XIII. mendean eta 1451. urtean zehar zenbait nobleen leinupean egon zen. Harrez geroztik, Cefaluren apezpikuaren jabegoa bilakatu zen.

Risorgimentoren garaian, Savatore Spinuzza aberkidea fusilatua izan zen 1857an. Geroago, Cefalu Italiako Erresumaren zati bat izan zen.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku interesgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedralaren barrualdea

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedrala eraikitako zonaldea aspaldidanik populatuta egon da; erromatar errepideen aztarnek eta paleokristauen mosaikoek adierazten duten moduan. Eraikuntza 1131ean hasi zen estilo normandoan (hauek Sizilia konkistatu zuten 1091n). Tradizioaren arabera, eraikina altxatu zen Roger II.ak Jaungoikoari promesa bat egin zuelako ekaitz batetik ihes egiterakoan eta Cefalun lehorreratu eta gero. Eraikinak gotorleku antza du, zeinak urrutitik ikusita, Erdi Aroko hiritik gaientzen den. Honekin ere normandoek haien presentzia irlan adierazi nahi zuten. Hasieran lanek ez zuten etenik izan: absidearen mosaikoak 1145ean, eta Roger II.aren eta bere emaztearen sarkofagoak urte berekoak dira. Alabaina, 1172tik aurrera elizak gainbeherako aldia jasan zuen arazoak agertu zirelako[9] eta horiek egiturazko aldaketak ekarri zituzten. Roger II.a hil eta gero, lanak eten ziren. Geroago, beste arkitekto batzuk nabe zentrala eta fatxada bukatu zituzten. Gauzak honela, 1215ean Frederiko II.a Hohenstaufenekoak bi sarkofagoak Palermoko katedralera mugitu zituen. Lanek aurrera jarraitu zuten, katedralaren fatxada 1240an bukatu zen. Azkenik, Rodolfo Chevriêreskoak, Albanoko apezpikuak, 1267an katedrala sagaratu zuen. Ambrogio da Comok 1472an, eliz atari bat egin zuen, fatxadako bi dorreen artean.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedralaren aurrean zabaldegi handi bat dago, turniali izenekoa, jatorriz hilerri bat izan zen. Tradizioaren arabera, Jerusalemdik ekarritako lurrarekin egin zen, gorpuak azkar momifikatzeko berezitasuna omen zuelako. Oinplanoa basilikala da, gurutze latindarrakoa. Hiru nabeak 16 granitozko eta haitzurdinezko zutabeekin banatuta daude. Zutabeen harroinak eta kapitelak K.o. II. mendekoak dira. Arku hauen garaiera ezberdina da, zoruak ere maila ezberdina duelako. Erdiko nabean, badago presbiterio-arku handi bat (garaipen-arkua) transeptuari hasiera ematen diona. Litekeena da, XII. mendearen erdian Apuliako arkitekto batek egitea. Presbiterioak baditu abside bat eta pastoforia. Eraikuntza zenbait angelutatik hasi zen: presbiterio, pastoforia eta gorputza haren garaipen-arkuarekin, absidioloak izan ezik. Erregeen Atetik absideraino 70 metro daude. Nabe zentralak 24 metro garaiera du eta transeptuarenak 33.

Katedralaren fatxada

Fatxadak arku-itsuen bi lerro ditu eta bi kanpandorre normando estilokoak, leihoak mainelezkoak (ojiba bikoitzeko) dira eta dorreek bi pinakuluetan bukatzen dute, XV. mendean gehituak. Pinakulu bakoitza ezberdina da: hauetariko baten oinplanoa karratua da, almena flamigeroz inguratuta. Honek Aita Santuaren autoritatea sinbolizatzen du baita mitra ere; bestearen oinplanoa oktogonala da eta almena gibelinoak[10] ditu, erregearen eta mundutar boterea islatu dutenak. XV. mendeko nartexak hiru arku ditu, albokoak zorrotzak dira, zentrala, berriz, puntu erdikoa. Lau zutabek sustengatzen dituzte arkuak baita nerbio-gangak ere. Arkupearen beheko partean Porta Regum (Erregeen Atea) dago. Honen atariak haitzurdinezko apaindura finak ditu eta pinturak alboko hormetan ere. Eraikinaren atal batzuk kanoi-gangakoak dira, baina beste zonaldetan ez dago gangarik baizik eta zur polikromatutako habeak, eta sabaia bi uretakoa da. Azken honek arabiar eragina islatzen du.

Presbiterioari dagokionez, gurutze-gangakoa da. Gurutzaduraren ostean, erabilitako estiloa gehienbat erromanikoa da, nahiz eta arku zorrotzak agertu. Ezaugarri honek, Monrealeko katedralean ikusgai dagoena ere, Paris eskualdean gutxira sortu zen estilo gotikoa iragartzen du. Elizak hiru abside ditu, Monrealeko katedralearen antzera. Albokoak, arku itsuekin eta mentsulekin apainduta daude. Mentsulak 1215-1223 artean eginak dira, non maskarak, animalien buruak eta makurtutako giza figurak irudikatuta dauden. Abside zentralak jatorriz hiru arrosa leihoak zituen -geroago itxi zirenak mosaikoei espazio gehiago ematearren- eta beste arku-zorrotzeko leiho zentral bat. Beste leiho zirkularrak transeptoaren amaieran daude. XVI. mendera arte, katedralera harmailadi zabal batetik heltzen zen. Zituen hiru zatuiak San Petri, Done Jakue eta San Joan sinbolizatzen zuten (Antzaldaren lekukoak). Beranduago, zonalde hau hilerri bilakatu zen.

Klaustroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedraleko klaustrora elizaren barrutik sartzen da. Arkuteria arku zorrotzez osatuta dago zeinak zutabe bikoitzetan oinarriten baitira. Klaustroaren itxurak Espainiakoen edo Frantziakoen antza du, baina zutabe bikoitzen kapitelen motiboak bizantziarrak dira, hala nola, arranoak eta leoiak, elkarri begira, ispilu efektua eginez. Errekurtso artistiko hau Ravennako erliebe askotan ikusgai dago.

Arte-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Litekeena da, hasiera batean, eliza osoa mosaikoz beteta pentsatuta egotea, baina, azkenean, presbiterioa baino ez zen estali. Oraindik ere absidea eta alboko hormen erdiak dekoratuta daude. Roger II.ak Konstantinoplatik ekarri zituen mosaiko tekniketan artistak. Haiek bizantziar dekorazioa egokitu zioten ipar-europarreko arkitekturezko egitura honi. Absidearen erdiko kupulan Kristo Pantokratorraren irudia gailentzen da, esku batekin bedeinkatuz. Ezkerreko eskuan San Joaneko ebanjelioa du non, grezieraz eta latinez, irakur baitaiteke hurrengo testu hau: “Ni munduko argia naiz, Ni jarraitzen nauena ez da iluntasunean alderrai ibiliko, bizitzaren argia izango duelako” (San Joan, 8:12). Absidearen goiko partean, Ama Birjina agertzen da, bi eskuak altxatuta eta lau arkanjeluz alboan dituela. Bigarren eta hirugarren mailean, leiho zentraleko bi alboetan, apostuluak eta ebanjelistak kokaturik daude programa teologiko baten arabera. Mosaiko-dekorazioa presbiterioaren zehar hedatzen da, alboko hormetan, profeta eta santuen irudiekin. Eskumako horman, erregearen tronuaren ondoan errege-irudiak daude, baina ezkerreko horman, apezpikuaren tronuaren ondoan, eliz-gizonak irudikatuta daude. Irudi bakoitzak grezierazko eta latinezko azalpen bana ditu. Gurutze-gangaren dekorazioan lau kerubin eta lau serafin agertzen dira. Patokratorraren eta Ama Birjinaren irudien jantziak urdinak dira. Margo honek argitasun handia ematen du, hondoaren urrezko mosaikoen gainean nabarmentzean. Lanik garrantzitsuenak dotoreak dira, tunika eta aurpegien sentsibilitatei eta keinuei dagokienez. Batzuen ustez, Italiako bitzantziar mosaikorik politenak dira, Konstantinoplako Bitzantziar amaierako aldiaren bezalakoak. Mosaikoak 1170ean baino lehenago amaitu ziren. Presbiterioko albokoen hormen beheko zatia XVII. mendean bukatu zen, horretarako aurreko margoak estali zirenez, aztarna gutxik irauten dute.

Beste arte-lan batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urbano V.aren irudi bat, XIV. mendekoa ezkerreko nabean irudikatuta dago eta entronatutako Ama Birjina bat ere, XV. mendekoa, transeptuaren ezkerreko besoan. Basilikak baditu zenbait hilobi-monumentu, hala nola, antzinako sarkofago bat, beste Erdi Aroko bat eta Castelli apezpikuaren hilobia, XVIII. mendekoa. Bateo-iturria, XII. mendekoa eta harrizko bloke bakar batean zizelkatua, dekoratuta dago lau lehoi txikiekin. Elizak badu Antonello Gaginik pintatutako Madonna bat, XVI. mendekoa eta 1468an Guglielmo da Pesarok margotutako gurutze bat. Organoaren kontsola tutuetatik aldenduta dago. Nabearen sapaiak margotutako dekorazioa dauka: bustoak, irudimenezko animaliak eta beste motibo batzuk, litekeena da arabiar artisauen lana izatea. Michele Canzonerik, Palermoko artistak, 1985ean, 72 eztabaidazko beirate abstraktu ezari zituen, Antzinako eta Testamentu Berrian oinarritutakoak[11].

Mosaiko paleokristauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedralean eginiko indusketek agerian utzi dute VI. mendeko polikromatutako mosaiko baten atal batzuk. Hauetan irudikatuta daude: uso bat edaten, beste txoriren zatiak, bi zuhaizka eta lirio bat lauki batean sartuta, ojibazko eta erronbozko motiboekin. Mosaikoa, beharbada, bizantziar basilika batena zen. Cefaluko zonalde hau erabili zen VIII. mendera arte, apezpikuaren egoitza zelako.

Beste aztarna batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako hiriko aztarnak ikusgai daude harkaitzaren tontorrean, baina lekuak berak adierazten du bakarrik herri txiki bat egon zitekeela, eta seguruena garrantzia zetorkion erasoezina zelako. Tommaso Facelloren garaian oraindik zenbait aztarna zeuden, hala nola, doriar tenplu bat, gaur egun, honetatik bakarrik oinarriak ikusgai daude. Baina aztarna arkeologikorik deigarrienak eraikin bati dagozkio, jauregi bat etxe bat izan zitekeena, hainbat apartamentuz osatua. Erabilitako kareharrizko blokeak irregularrak dira ziklope-estiloan altxatutakoak. Moldurak zakarrak dira, doriar ordenarekin antza dutenak. Eraikin honen estiloa usua zen Italia Zentralean. Nott doktoreak ondo azaldu zuen haren 1831ko Annali dell'Instituto di Corrispondenza Archeologica txostenean , (III. bolumena, 270-287 orrietan). Harkaitzaren erpinean badaude arabiar gaztelu baten aztarnak. Herriko gotorlekuak kostaraino heltzen ziren, gaurko hiria dagoen lekuraino. Orduan, bi harresik zaintzen zuten portua. Hegoaldean, beste harresi baten blokeak daude, gaur egungo Porta Garibaldiren ondoan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. vi. 62
  2. Diod. xiv. 56
  3. Ibid. 78
  4. https://en.wikipedia.org/wiki/Scipio%E2%80%93Paullus%E2%80%93Gracchus_family_tree
  5. Ikusi Galerian. Eszipion leinua
  6. Id. xxiii., Exc. Hoesch. p. 505.
  7. Cic. Verr. ii. 5. 2, iii. 43.
  8. Strab. vi. p. 266; Plin. iii. 8. s. 14; Ptol. iii. 4. § 3; Itin. Ant. p. 92; Tab. Peut.
  9. V. Zoric, “Considerazioni analitiche sulla costruzione della cattedrale normanna di Cefalù”, publicado en La basilica cattedrale di Cefalù, 1989, pág. 227-234
  10. Hauen goiko atalek enara-buztanaren itxura dute.
  11. Grady, Ellen, Blue Guide Sicily, 7th Edition, Somerset Books, London, 2006

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]