Chaim Herzog
Chaim Herzog israeldar politikaria izan zen (Belfast, Ipar Irlanda, 1918 - 1997). 1935ean, familiak Palestinara emigratu zuen. Zuzenbideko ikasketak egin zituen, Jerusalemen, eta Cambridgeko eta Londresko unibertsitateetan. Bigarren Mundu Gerran, britainiarren gerra-gurdi bateko buru izan zen, eta geroago, britainiar espioi-zerbitzuarena, Alemanian. Gerra bukatu zenean, Palestinan, juduen espioi-zerbitzuko kide izan zen. Haren aita, Isaac Halevy Herzog, Israelgo rabbi nagusi izendatu zuten 1948an, Israelgo estatu berria sortu zenean. 1954-1962 bitartean, militarren espioi-zerbitzuko buru izan zen. Gero, negozio pribatuetan lan egin zuen. Irrati-esatari gisa, arrakasta handia izan zuen bere azterketa militar eta politikoengatik, batez ere Israelgo Sei Eguneko Gerran (1967) eta Yom Kippur Gerran (1973). 1975ean, Israelgo enbaxadore izan zen Nazio Batuen Erakundean. 1981ean, Alderdi Laboristako kide gisa, Parlamenturako hautatu zuten. Israelgo lehendakari izendatu zuten 1983an eta 1988an.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.