Montesquieu

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Charles-Louis de Montesquieu» orritik birbideratua)

Montesquieu

4. Vice Chair of the French Academy (en) Itzuli

1728ko urtarrilaren 5a - 1755eko otsailaren 10a
Louis de Sacy (en) Itzuli - Jean-Baptiste Vivien de Châteaubrun (en) Itzuli
epaile

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCharles-Louis de Secondat
JaiotzaLa Brèdeko gaztelua1689ko urtarrilaren 18a
Herrialdea Frantziako Erresuma
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1755eko otsailaren 10a (66 urte)
Hobiratze lekuaChurch of Saint-Sulpice (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Jeanne de Lartigue (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaCollege of Juilly (en) Itzuli
Lycée Saint-Louis
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea, eleberrigilea, soziologoa, abokatua, epailea, entziklopedista, historialaria, politikaria eta legelaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaFrantses Akademia
Prusiako Zientzien Akademia
Royal Society
Académie de Stanislas (en) Itzuli
Genero artistikoagutun eleberria
saiakera
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Discogs: 3594158 Find a Grave: 7653371 Edit the value on Wikidata

Charles Louis Secondat, La Bredako jauna eta Montesquieu baroia (La Brèda, 1689ko urtarrilaren 18a - Paris, 1755ko otsailaren 10a) Ilustrazio garaiko kronista eta pentsalari politikoa izan zen. Ilustrazioaren mugimenduko filosofo eta saiakeragile garrantzitsuenetakoa. Ospetsua da berak egituratu zuelako botereen banaketaren teoria, gaur egungo gobernu modernoetan oinarrizkotzat jotzen dena eta mundu osoko konstituzio ugaritan ezarria.

Haren pentsamendua Ilustrazio frantsesaren izpiritu kritikoaren korrontean sartuta dago. Korronte horren ezaugarri nagusiak hauek dira: tolerantzia erlijiosoa, askatasunaren bilaketa eta zoriontasunaren kontzeptu zibikoa. Hala ere, berak ez zituen jarraitu abstrakzioa edota metodo deduktiboa baztertzen zuten korronte horretako beste egile batzuek. Horrela, konstituzio ingelesaren zabaltzailea eta botereen banaketaren teoriko izanda, Lockeren pentsamendutik hurbil zegoen, eta Persiar gutunak liburuan idatzitakoarekin, Saint-Simonen pentsamenduarengandik hurbil; baina, betiere, bazituen bere ezaugarriak eta berezko izaera.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1689ko urtarrilaren 18an jaio zen La Brèdeko gazteluan, Bordeletik (Frantzia) kilometro gutxira. Aita Jacques Secondat eta ama Marie-Francoise Pesnel izan zituen. Bere familia kaparea zen. Jaio zen urte horretan ezarri zuen parlamentu ingelesak monarkia konstituzionala Ingalaterran, Bill of Rights idatziaren bitartez. Frantzian, berriz, Luis XIV.ak erregearen botere absolutua finkatu zuen bere erreinaldi luzean zehar, nahiz eta bere heriotza gertatu zenean 1715ean, krisia eta herriaren haserrea agerian geratu ziren.

Montesquieu-k Juilly-ko Oratoria Eskolan ikasi zuen eta, ondoren, familiako ohitura zen moduan Zuzenbidea egin zuen Bordeleko Unibertsitatean lehenengo eta azkenik Parisen. Paris hiriburuan bertako intelektualekin harremanak hasi zituen.

Aita hil zitzaionean 1714an, La Brèdera itzuli zen eta Bordeleko Parlamentuan kontseilari aritu zen. Osaba zuen Montesquieu baroiaren babespean geratu zen eta osaba hiltzean haren ondasunak, baroi titulua eta Parlamentuko Presidente kargua (1716-1727) jaso zituen.

1715ean Jeanne Lartigue-rekin ezkondu zen.

Garai horretan zehar, Bordeleko Zientzien Akademiako kide zela, zenbait ikerketa lan aurkeztu zituen giltzurrunei buruz, grabitateari buruz eta oihartzunari buruz.

Montesquieuren estatua bat Bordelen. Frantziar Iraultzan pentsalari ikonikoa izan zen, 15 urte lehenago hil bazen ere.

Azkenik, zeukan magistratu lanak aspertu egiten zuen eta, ondorioz, kargua saldu zuen eta Europan zehar bidaian aritu zen, herrialdeen ohiturak eta erakundeak aztertuz.

1775eko otsailaren 10ean hil zen Parisen. Bere eragina funtsezkoa izan zen bi gertakari historiko hil eta oso gutxira gertatu ziren: Estatu Batuen sorrera ekarri zuen iraultza, eta Iraultza frantziarra. Ez zituen Montesquieuk ikusi, baina bateko zein besteko politikari eta eragileek sarri aipatu izan zuten,

Ideia politikoak eta lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montesquieu-k John Locke-ren botere banaketari buruzko ideiak garatu zituen. Legeen espirituaz lanean argi uzten zuen, ingelesen erakunde politikoei zien miresmena eta bertan baieztatu zuen legea zela Estatuaren kontzeptu garrantzitsuena.

Persiar gutunak 1721ean argitaratu zituen 32 urterekin eta garai hartako gizarte frantsesean (erregentziaren urteak ziren) arrakasta izugarria izan zuen.

Akademia Frantsesean sartu zen 1727an eta 1729an Ingalaterrara joan zen eta Royal Society-ko kide bihurtu zen. Ingalaterran egin zituen hiru urteak ezinbestekoak izan ziren bere garapen intelektuala gertatzeko.

1739an erromatarrei buruzko entsegua argitaratu zuen.

Legeen espirituaz Geneban argitaratu zen 1748an. Bi urte geroago, lan horri jansenistek eta jesuitek egindako kritikei erantzuteko, Legeen espirituaz defendatuz argitaratu zuen, baina Elizak debekatutako liburuen zerrendan sartu zuen.

Bi dira gizarteak aztertzeko Montesquieu-k egin zituen ekarpen originalak egile askoren arabera:

  • Montesquieu-k gizartearen errealitatea zientifikoki azaltzeko metodo analitikoa eta positibista erabili zituen. Alegia, soilik deskribatu beharrean, datuak taldekatzen eta tipoak sortzen saiatu zen.
  • Gertaera sozialak gertatzen diren moduan gertatzeko, arrazionalki interpretatu daitekeen ordena eta arrazoi bat existitzen dela uste zuen eta, ondorioz, erantzun soziologikoa ematea posible dela, gertaera ustez hain anitz eta desberdinentzat.

Liberalismoaren bultzatzaileetako bat izan zen eta, esan bezala, botereen banaketaren teoria eratu zuen; botere legegilea, botere judiziala eta botere betearazlea bereizteko beharraz jardun zuen.

Hiru botereen banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goian aipaturiko Legeen espirituaz 1748ko lanean dago Montesquieurengandik ezagutzen dugun ideia politiko hedatuena, botere-banaketarena. Pasarte honetan definitu zuen botere banaketa:

« Estatu bakoitzean, hiru botere mota daude: botere legegilea, jendeen zuzenbideari dagozkion gaien botere betearazlea, eta zuzenbide zibilari dagozkion arazoen botere betearazlea.

Lehenaren bidez, printzeak edo magistratuak legeak egiten ditu aldi baterako edo betiko, eta egindakoak zuzentzen edo indargabetzen ditu. Bigarrenaren bidez, bakea edo gerra egiten du, enbaxadak bidali edo jaso, segurtasuna ezarri eta inbasioei aurre egiteko neurriak hartu. Hirugarrenaren bidez, delituak zigortu edo partikularren arteko gorabeherak epaitzen ditu. Azken horri epaitzeko boterea deritzo, eta besteari, estatuaren botere betearazlea, besterik gabe (...).

Galdua legoke dena, baldin pertsona batek edo nagusien, nobleen nahiz herriaren gorputz batek hiru botereak balitu: legeak egitekoa, ebazpen publikoak exekutatzekoa, eta partikularren arteko delituak eta gorabeherak epaitzekoa (...).

»

—Mostesquieu baroia, "Legeen espirituaz" (moldatua), 1748

Gerora, laburtu izan da hirutasun hau triada edo hiruko politiko gisa, hiru adarren definizio orokor hauekin:

  • Botere legegilearen adarra, legeak sortzeaz eta indarrean dauden legeak aldatzeaz edo indargabetzeaz arduratzen dena.
  • Botere betearazlea, exekutiboa, legeak betetzen direla ziurtatzeaz arduratzen dena; politikak sortzea eta politikak nola gauzatzen diren aukeratzea barne hartzen du.
  • Botere judiziala, legea interpretatzeaz eta egoera zehatzetan legea aplikatzeaz arduratzen dena.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lettres familieres a divers amis d'Italie, 1767
  • Les causes de l'écho
  • Les glandes rénales
  • Essai sur le goût (1757)
  • La cause de la pesanteur des corps
  • La damnation éternelle des païens (1711)
  • Système des Idées (1716)
  • Lettres persanes (Persiar gutunak 1721)
  • Le Temple de Gnide (1724ko poema liburua)
  • Arsace et Isménie (1730eko eleberria)
  • Considérations sur les causes de la grandeur des Romains et de leur décadence (1734)
  • De l'esprit des lois (Legeen espirituaz 1748)
  • La défense de «L'Esprit des lois» (1750)
  • Pensées suivies de Spicilège
  • Le flux et le reflux de la mer
  • Mémoires sur la fièvre intermittente
  • Mémoires sur l'écho
  • Les maladies des glandes rénales
  • La pesanteur des corps
  • Le mouvement relatif
  • Le Spicilège
  • Pensées

Bibliografia euskaratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Montesquieu, Persiar gutunak, Literatura unibertsala 38, Euba, Ibaizabal, [itzultzailea, Patri Urkizu], ISBN 978-84-7992-569-8.
  • Montesquieu, Gutunak, Mikoleta, Bilbo, Desclée de Broker, 1998 [Manu Erzillaren moldapena], ISBN 978-84-330-1323-8.
  • Montesquieu, Legeen espirituaz, Pentsamenduaren klasikoak, Bilbo, Klasikoak, 1999 [euskaratzailea, Iñaki Iñurrieta ; berrikuslea, Jon Arrieta ; hitzaurregilea, Carmen Iglesias], 2 liburuki, ISBN 978-84-88303-36-X.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Montesquieu Aldatu lotura Wikidatan