Charles Fefferman

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Charles Fefferman
Charles Fefferman (2006)

Charles Fefferman estatubatuar matematikaria da (Washington, D.C., 1949). Fefferman txikitatik izan zen matematikazalea, eta orobat oso argia: hamabi urterekin, kalkulua menderatzen zuen. Marylandeko Unibertsitatean sartu zen oso gazte zela, eta, 1966an, hamazazpi urterekin, graduatu zen. Princetongo Unibertsitatean, Elias Steinen zuzendaritzapean, lanean jarraitu zuen, eta 1969an aurkeztu zuen Inequalities for Strongly Regular Convolution Operators izeneko tesia. Princetongo Unibertsitatean eman zituen eskolak 1969-70 urteetan. Chicagoko Unibertsitatera joan zen 1970ean, eta irakasle egin zuten urtebete geroago: era horretan, Estatu Batuetan inoiz izandako irakaslerik gazteena bilakatu zen. 1973an, Princetonera itzuli zen. Feffermanek ekarpen ugari egin ditu dimentsio askoko analisi konplexuan. Beste arlo asko ere landu ditu: ekuazio partzial diferentzialak, Fourierren analisia, konbergentzia partikularra, biderkatzaileak, dibergentzia, ezohiko integralak eta Hardy espazioak. Lan horrengatik guztiagatik, Fields domina jaso zuen 1978ko Helsinkiko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan. 1992an, Bergman saria jaso zuen. Feffermanek oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu Bergmanen nukleoaren ikerketan. Gaur egun, Princetongo Unibertsitateko matematika-irakaslea da.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]