Clarence Leonard Johnson
Clarence Leonard Johnson estatubatuar ingeniaria izan zen (Ishpeming, 1910 - 1990). Azken ingeniari erromantikoetakoa izan zen. Aerodinamika eta egitura ikasketak egin zituen; 1938an Lockheedeko ingeniariburu izendatu zuten, eta XX. mendeko ikonografian garrantzitsuak izan diren zenbait hegazkin diseinatu zituen. 1941ean Lockheed P-38 ehiza-hegazkina diseinatu zuen, eta erakutsi zuen aerodinamika militarraren arau estuen barruan bazegoela estetika pertsonalarentzat ere tokirik. 1943an bere lantaldearekin batera P-80 Shooting Star diseinatu zuen, zientzia-fikzioa errealitate eginez. Berari zor zaizkio U-2 hegazkin espioia, bidaiarientzako C-130, eta Jetstar lotura-hegazkina. 1958an SR-71 Blackbird diseinatu zuen, bi hamarkadaz munduko hegazkinik aurreratuena izan zena.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.