Henri Saint-Simongoa

Wikipedia(e)tik
Claude-Henri Rouvroy» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Henri Saint-Simongoa

Claude Henri de Rouvroy, Saint-Simongo kondea, askotan Henri Saint-Simongoa izenaz aipatua (Paris, Frantzia, 1760ko urriaren 17a - Paris, 1825eko maiatzaren 19a) filosofo eta gizartearen teorikoa izan zen, sozialismo utopikoaren korronteko kidea. Saint-Simongo kondea garaiko ilustratuen erakusgarri da.

Gizarte industrialaren garaiko lehen teorikotzat har daiteke. Horregatik, sozialismo frantsesaren —edo sozialismo utopikoaren— sortzailetzat jotzen da eta Soziologiaren aitzindaria. Bere pentsamenduaren eragina handia izan zen lehen sozialistengan (Carl Marx barne, horrek ere zientzia eta teknologian interesa eta fedea izan baitzuen), erromantikoengan, Auguste Comte-ren Soziologian, J. S. Mill-engan eta baita Luis Napoleon berarengan ere.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen jaioa, Saint-Simongo dukearen ondorengo gazteenen adarrean zeukan jatorria. Berak zioenez, Jean le Rond d'Alembert izan zuen maisu, baina ez dago horren frogarik eta posible da egia ez izatea.

Hamasei urterekin Ameriketako Estatu Batuen independentziaren alde borrokatu zen Amerikar iraultzan, Hamahiru koloniei lagunduz Britainia Handiaren kontra.

Frantses Iraultzako Terrore garaian Luxenburgo jauregian preso izan zen, baina ez zuen partaidetza handirik izan iraultza horretan, ez bada, aberasteko lur-espekulazioan parte hartuta (bere etorkizuneko proiektuen onerako eta ez aberasteko besterik gabe, zioenez).

Helduaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

40 urte zituela zenbait ikasketa egin zituen eta esperientzia garrantzitsu izan zituen. Ezkondu egin zen tertulia saloi bat izan asmoz, baina arrakastarik gabe, eta urtebetera banandu egin zen.

Egindako esperimentuen ondorioz, gainera, txirotasunean erori zen eta horrela bizi izan zen handik aurrera. Hori dela eta, lana egin behar izan zuen (9 ordu egunean urtean 40 libera esterlina irabazteko), bere antzinako gela-zerbitzari baten karitatea jaso zuen eta bere familiari pentsio txiki bat eskatzera iritsi zen azkenik. 1823an bere buruaz beste egiten saiatu zen eta begi bat galdu zuen.

Hil zenean, Le Père Lachaise hilerrian lurperatu zuten Parisen.

Ideiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere testuinguru soziala garai hartako hiru iraultzak izan ziren: estatubatuarra, frantsesa eta Industria Iraultza.

Ilustrazioaren eta Erromantizismoaren eraginak ere jaso zituen bizi izan zuen garaiagatik.

Bere idatzietan ere Positibismoa zegoen: gizartea, politika eta morala zientifikoki aztertu beharra aldarrikatu zuen. Hala eta guztiz ere, bere idatziak helburu zientifikoetatik urruti izan ziren, gure ikuspuntutik begiratuta. Izan ere, positibismoak erakarri zuen, metodo zientifikoa errespetatzen zutenak erakartzen baitzituen hasi berria zen korronte horrek. Ez hori bakarrik, gizarte aldaketa ordenaren barruan bilatzen zuten pertsonak erakartzen zituen, horrek iskanbilak eta kontrola ezinak ziren mugimenduak ez egotea ekarriko baitzuen eta errestaurazioa nahi zuen kolpea ekidingo zuen.

Sozialismo utopikoaren teorikoetako bat izan zen. Engelsek berari buruz esan zuen bere garaiko buru entziklopedikoena zela, Hegelekin batera, eta bere lanetan zeudela geroko sozialismoak garatu zituen ideia guztiak.

Bere ustez, gizakia zekena da eta biziraupena dauka helburu, nahiz eta, gizaki guztiek gizartean gora egiteko helburua duten. Gizarte sozialista utopikoa sortzeko, bere ideien arabera, aurreko ideia horiek hezkuntzaren bidez desagerrarazi beharko lirateke gizakiarengandik. Frantses Iraultzan eta aurreko Erregimen Zaharraren ondorioak ikusita bururatu zitzaizkion ideia horiek: gizarte berria egin beharra zegoen, baina ez liberalismoaren bidetik Frantses Iraultzak proposatzen zuen moduan.[1]

Industrialari utopikoa, aristokraziako kide izan arren, aberats eta txiroa izan zen. Bere ustez, industrien jabeak izan behar ziren Frantses Iraultzak hasitakoa amaitu behar zutenak: Frantziaren joritasuna ziurtatu behar zutenak, bai nekazaritzan, bai merkataritzan bai eta industria arloan bertan. hauek ordezkatu behar zituzten Erregimen Zaharreko militarrak eta espiritualtasunaren buruan zientzialariek elizgizonak.

Hori dela eta, industrializazioa aztertu zuen lehen egileetako bat izan zen. Bere ustez, industrializazioa ona zen, aberastasuna sortzeko bidea eta ideia horrekin Émile Durkheim bezalako egileengan eragina izan zuen. Areago, gizarte eredu berri bat sor zezakeela uste zuen eta Estatuak lagundu egin beharko lukeela aldaketa hori. Jabego pribatuaren aldekoa zen, baina norberak irabazitakoa izanda, hau da: herentzia eskubidea desagertzearen aldekoa zen (Estatuak jaso zezala dena) eta langileek produktibitatearen arabera kobratu beharko lukete. Berarentzat bi gizaki mota zeuden: produzitzen zutenak (langileak eta enpresaburuak) eta produzitzen ez zutenak (merkatariak, alferrak, etab.). Gizartea asoziazioan oinarritu behar zen: familia, hiria, nazioa eta nazio desberdinen federazioa. Jabegoa hauen esku egongo zen eta horrela gosea desagertuko zen. Bere ideietan emakumea eta gizona berdinak ziren, biak ziren "gizarteko gizabanakoak", familia (ezkontza bidez), erlijioa eta estatuaren bidez lan egingo zutenak taldean.

Pobrezia gainditzeko ideiak proposatu zituen Kristautasun Berria (Nouveau Christianisme) bere lanean, erlijio izaera hartzen zutenak (Jainkoarengan sinetsi behar zen eta txirotasuna desagerrarazi) eta Comterengandik urruntzea ekarri ziona.

Azkenik, aipatzekoa da gizarte fisiologiaren bultzatzailea izan zela, hots, gizarte fisika ere deitu zenarena eta Auguste Comtek gaur egunera arte iritsi den Soziologia izena eman zion zientzia eta ezagutzarena. Saint-Simongo kondearen idazkaria izan zen A. Comte eta garai horretan eta orduko elkarlanetik sortu zuen Comtek berak “Hiru Estatutuen Teoria”.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso asmo handiko gizona zen eta goizero bere gela-zerbitzariak esaldi honekin esnarazi behar zuen: "Gogoratu, jaun kondea, gauza handiak dituzula egiteko".[2]

Bere lehen proiektuetako bat Atlantiko Ozeanoa Ozeano Barearekin lotzea zen ubide bat eraikiz eta beste ubide bat eraikitzea Madril itsasoarekin lotzeko.[3]

Lehen idatzia: Lettres d'un habitant de Genève izan zen eta 1802an argitaratu zen. Lehen lanak, orotara, politiko eta zientifikoak izan ziren.

Bere lan garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: Industria: 1817an L'Industrie izeneko tratatu hau hasi zen egiten, bere ideia sozialistak agertzeko. Ideia hauek hurrengo lan batean garatu zituen L'Organisateur (1819), Augustin Thierry eta Auguste Comte-k lagunduta ateratzen zuen aldizkarian. Lehenengo aleak arrakasta itzela izan zuen, baina ez zuen aldeko kide asko lortu.

Industria Sistema: 1821an Du système industriel argitaratu zuen eta 1823–1824 artean Catéchisme des industriels.

"Kristautasun Berria" (1825): bere azken lan garrantzitsua izan zen Nouveau Christianisme, baina bukatu gabe laga zuen.

Jarraitzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizi zela ez zuen arrakasta handirik izan bere ikasle gutxi batzuengan izan ezik. Ezagunenak Olinde Rodrigues eta Barthélemy Prosper Enfantin izan ziren. Le Producteur aldizkaria sortu zuten, baina 1826an ez zuen jarraipenik izan. hala ere, jarraitzaile taldea asko hazi zen eta 1828rako Parisen eta inguruko herri handietan bilerak egiten zituzten. Horrela 1828an Amand Bazardek, Saint-Simon-en ideiei buruzko hitzaldi multzoa eman zuen eta Exposition de la doctrine de St Simon (2 liburuki, 1828–1830) liburuan gauzatu zen, jarraitzaile ugari lortuz.

1830eko iraultzan askatasuna lortu zuten sozialista erreformatzaile hauek eta jabegoen komunitatea, herentzia desagertzea eta emakumeen askapena politikoa eskatu zituzten.

Hurrengo urtean "Le Globe"ren jabetza lortu zuten, elkartu zitzaien Pierre Leroux-ri esker (eta berari jarraituz École Polytechnique-eko ikasle asko), taldearen organo nagusia bihurtu zena.

Rue Monsigny-n beren gizarte asoziatuan bizitzen hasi ziren, baina haien arteko arazoak sortu ziren (batez ere Bazard eta Enfantin-en artean). Ondoren Enfantin-ek zeukan jabego batera aldatu ziren Ménilmontant-en, baina diru arazoek eta bestelakoek taldea apurtzea ekarri zuten.

Kide ohien taldetik ingeniari, ekonomialari eta negozio gizon garrantzitsuak sortu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. T. Kirkup, A History of Socialism, London, Adam and Charles Black, 1892, 21. or.
  2. Donald, F. Busky: "Communism in History and Theory: From Utopian Socialism to the Fall of the Soviet Union"
  3. Frank E. Manuel: "The Prophets of Paris", Harper & Row, 1962

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • REYBAUD, Marie Roch Louis, Études sur les réformateurs contemporains, 7. argitalpena, Paris, 1864.
  • JANET, Paul Janet, Saint-Simon et le Saint-Simonisme, Paris, 1878.
  • BOOTH, A. J., Saint-Simon and Saint-Simonism, Londres, 1871.
  • WEILL, Georges, Un Précurseur du socialisme, Saint-Simon et son œuvre, Paris, 1894.
  • WEILL, Georges, École Saint-Simonienne, Paris, 1896.
  • DUMAS, G., Psychologie de deux messages positivistes St Simon et Comte, 1905.
  • LEVASSEUR, Pierre Émile Etudes sociales soles la Restauration.

Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Henri Saint-Simongoa Aldatu lotura Wikidatan