Claude Joseph Vernet

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:19, 22 urtarrila 2016
Artikulu hau margolari okzitaniarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Vernet».
Joseph Vernet
Joseph Vernet
Élisabeth Vigée Le Brunek eginiko
Joseph Verneten erretratua.
Datu pertsonalak
Izen osoa Claude Joseph Vernet
Jaio 1714ko abuztuaren 14a
Avignon ( Okzitania)
Hil 1789ko abenduaren 3
Paris ( Frantzia)
Bikotekidea(k) Virginia Parker

Claude Joseph Vernet, izen laburrez Joseph Vernet (Avignon, Okzitania, 1714ko abuztuaren 14 - Paris, 1789ko abenduaren 3) margolari eta marrazkilaria izan zen.

Biografia

Proventzan hazia, bere maisutzat Adrien Manglard izan omen zuen. 1734an Erromara joan zen; han paisaiaren eta portuen margolarien lana ikertzeari ekin zion. Hori dela eta Verneten lanean Claude Gelléeren estilo eta gaiak aurkituko dira. Nicolas Poussin ere artista kutuna izan zuen. Denboraren poderioz, ordea, berezko estiloa sortuz joan zen.

Bere lanetan alde batetik natura margozten du, zeruari espazio handia -margoaren bi herenak- eskainiz, bestetik eguneroko bizitzaren pertsonaiak eta eszenak.

1753an Abel-François Poisson de Vandières Marignyko markesak, geroago Luis XV.aren Eraikinetako zuzendaria izango zenak, Frantziako erresumako 24 portuetako margoak enkargatu zizkion; 1753tik 1762ra horietako hamabost egin zituen. Portuetako orduko bizitzaren benetako testigantzak dira eta portuen margolaririk ezagunenetakoa bihurtu zen.

Carle Vernet semea, Horace Vernet iloba eta Émile Vernet-Lecomte birriloba ere margolariak izan ziren.

Lanak

Vernetek margotutako Baionako portuko ikuspegia.

Baionako portua

Margoztu zituen portuen artean Baionakoa dago. Lapurdiko hiriburura 1759ko uztailaren 7an heldu zen eta 1761eko ekainaren 20a arte egon zen; Émilie alaba Baionan jaio zen[2]. Vernetek bi margolan egin zituen, Le port de Bayonne eta Vue de la ville et du port de Bayonne. Prise de l'allée de Boufflers près de la porte Mousserole[3][4]. Bitxia da artistak ez zuela Luis XV.aren enkargua bete, erregeak koadro bakarrean kortsarioak eta harrapatutako itsasontziak agertzeko eskatu ziolako baina Vernetek bi egin bazituen ere bakarrean ere ez dira kortsarioak agertzen, ezagutzen ez diren arrazoiengatik; Aturriko barra eta itsasoa furian agertzeko ere esan zitzaion eta margolariak ez zituen aintzat hartu; hiria izan zuen ardatz, batean erregearekiko lotura eta boterea adierazten dituen ziudadela eta bestean hiria merkataritza eta trukeetarako leku paregabea dela ateratzen dira azpimarratuak[5].

Vernetek Baionako portuaz egin zituen margolanez Denis Diderotek laudorioak egin zituen; aldiz, erretaula ilunegiak atera zitzaizkiola kritikatu zuen eta arrats hondarreko Baiona hori islatzea ez zela hautu ona iritzi zion.

Galeria

Bibliografia

Erreferentziak

  1. Vernet Philadelphia Museum of Arten.
  2. Biografia, Over-blog.com.
  3. Mousserole idatzi zuen; egun Mousserolles edo Mosoeleta izena daramana.
  4. Historic-marine-france.com.
  5. Euskaltzaindian sartze-mintzaldia: Baionan, Xarles Bidegain, Euskera 2010, 55, 3. 1.099-1.100.or.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Claude Joseph Vernet Aldatu lotura Wikidatan