Coco Chanel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Coco Chanel

Gabrielle Bonheur Chanel, ezagunagoa Coco Chanel izenarekin (Saumur, Frantzia, 1883ko abuztuaren 19a - Paris, Frantzia,1971ko urtarrilaren 10a) moda diseinugile aurrelaria izan zen. Coco Chanel Moda Etxea sortu zuen. Iraultzailea, nortasun berezia eta haurtzaro zaila izan zuen emakume honek goitik behera aldatuko zuen modaren mundua.

Biografia

Gabrielle Bonhour Coco Chanel Frantziako Saumurreko umezurztegian jaio zen 1883ko abuztuaren 19an.

Aita saltzaile ibiltaria zen eta ama etxeko lanetan aritzen zen. Pobrezian bizi ziren eta Coco (Gabrielle) eta bere lau anai-arrebek haurtzaro gogorra eta behartsua izan zuten.

12 urte zituenean, tuberkulosiak hil zion ama eta aitak ez zuen ezer jakin nahi izan; umeak bi izebek Auvergeko Konderrian zuten umezurztegira bidali zituen. Hantxe dago Gabrielleren jaiotzaren erregistroa, bertan 1893an jaio zela jartzen duelarik.

Aitaren trakeskeriak, amaren heriotzak eta bakardadeak betirako markatu zuen Cocoren bizitza:

  • Haurtzaroan, beti nenbilen maitasun bila. Egunero pentsatzen zuen nire heriotzan, neure buruaz beste nola egingo ote nuen..., baina, egia esan, hilik nengoen, jada. Harrokeriak salbatu ninduen.

Izebekin ikasi zuen josten eta haria eta orratza erabiltzen trebezi handia zuela ikusi zuen. 17 urte zituenean, Aubazine umezurztegiko mojek jostun lana aurkitu zioten.

Nortasun handiko emakumea, edertasuna eta sentsualitate diskretua erakusten zuen; txikia zen eta ile motza eraman ohi zuen; 1905ean, kabareteko abeslari izatea erabaki zuen eta horretan aritu zen 3 urtez; jende asko ezagutu zuen, zenbaitekin amodiozko harremanak hasi zituelarik. Harreman hauetan uste zuen Cocok lortuko zuela bere betiko ametsa gauzatzea: jostun arrakastatsua izatea nahi zuen.

Amorante eta jostun

Zenbaiten ustez, Coco ezizena bere izebek jarri zioten txikitan, maitekiro. Baina bada izen artistikoa zela esaten duena ere, abeslari zen garaian sortua.

Parisera joan zen bere lehenengotako amorante dirudun batekin eta 1909an, Boulevard Malesherbes delakoan jarri zen bizitzen apartamentu txiki batean. Berehala irekiko zuen han bere lehen kapela denda, Chanel Modak.

Bere ohe lagunen laguntza ekonomikoei esker, urte batzuk beranduago, dirudunak gustuko zituzten hirietan instalatzea lortu zuen: Deauville, Normandia (1913) eta Miarritze (1916). 1920an, Parisera itzuli zen eta Rue Cambonen bere lehenengo Chanel Etxea ireki zuen.

Bere askatasun indarraz gidatuta ez zuen arazorik izan gizarteko gizon dirudunekin, zineko izarrekin, ofizial naziekin eta tsarren senideekin harremanetan egoteko. Eta inoiz ez zuen aipatzen bere iragana, bere jatorriaz gezur borobila luzatzen zuelarik.

Gabriellen espiritu libertarioak ez zion europar gizarteko gizon aberatsekin edo zine izarrekin harremanak izatea galarazi. Bere iragana ondo baino hobeto izkuta ohi zuen, gezurrak barra-barra esanez.

Etienne Balsan izan zen kapela denda irekitzen lagundu ziona, baina lortuko zuen arrakasta haren lagunarekin izan zuen harremanak ahalbidetu zuen, Arthur Boy Capel polo jokalari ingelesa, alegia. Erabat maitemindu zen eta berarekin egin zuen ihes. Gabriellek uste zuen ezkonduko zirela, baina hori ez zen sekula gertatu eta Capel beste goi mailako emakume batekin ezkondu zen, Coco maitale zuen bitartean. Ez zen denbora asko pasa Capel istripuz hil zen arte. Gabrielle bertaratu zen eta negar bukaezinak izan ziren une hartan. Inoiz ez zuen beste gizon bat hainbeste denboran ondoan mantendu.

Coco Chaneleta Westminsterreko Dukea

Balsan eta Capelen laguntzaz, modako dama handia bihurtu zen; aristokratek atzetik zebilzkion eta haietako bat izan zen Westminsterreko dukea. Honek ezkontza proposatu zion eta berak uko egin zion. Ez zituen baztertu, ordea, bere ohe jokoak:

Westminster dukesa asko izan dira, baina Chanel bakarra!.

Moda ikonoa

Artista eta idazle garaikide askorekin tratatu zuen, Pablo Picasso, Igor Stravinski, George Bernard Shaw, Sergei Diagilev koreografo errusiarra edo Jean Cocteau, tartean. Denek ikusi zuten berarengan feminismoaren lehenengotako aitzindaria, eskema guztiak hausteko prest zegoen emakumea. Stravinski erabat maitemindu zitzaion, baina lagun izaterekin konformatu behar izan zuen. Berak presentatu zion Errusiako Dimitri kondea, eta harekin bai izango zuen pasioz beteriko erromantzea.

Jaiotzetik zen behatzaile eta emakumeek jarraitzen zuten moda zorrotza kritikatzen zuen, animalia eta lorez jositako kapela handiak, kortseak edo diseinu farfailtsu haiek gorroto zituen erabat.

  • Nola da posible garunak horien azpian funtzionatzea?- zioen hain berezkoa zuen ironiaz.

XX. mendeko diseinatzaile itzela izateko, bere imajinazio guztia jarri behar izan zuen jokoan. Cocok garaiko modo betegarri hura baztertu zuen eta jantzi xumeak elaboratu zituen, erosoak, linea zuzenekoak, baina beti distintzio puntu batez lagunduak. Berehala bereganatu zuen moda hura Pariseko eliteak. Ekoizpena, enbalatzea eta banaketa bikain kudeatuz, XX. mendeko emakume enpresaburuen artean aitzindaria izan zen.

  • Moda den guztia modaz pasatzen da.
Fitxategi:Robe chanel.jpg
Chanel soinekoa

Gainerako jostunek gorputzak estaltzen zituzten bitartean, Cocok orkatilak eta lepoak bistan utzi zituen. Itxura androginoa eta galtzak erabiltzea sustatu zuen emakumeen artean. Feminismoaz baino gehiago feminitateaz hitz egiten zuen arren, emakumeei askatzen lagundu zien.

Behin, operan zela, emakume ororen soineko arrosez eta urdin argiez nazkatuta, zera bota zuen:

  • Emakume horiek guztiak beltzez izorratuko ditut.

Handik gutxira, bere soineko beltz ezaguna kalean zen eta Vogue aldizkariak emakume modernoaren uniformea zela aldarrikatu zuen.

Chanel Nº5

Perfumen merkatuan inbertitu zuen eta bere Chanel Nº5 izeneko lurrunak izugarrizko arrakasta izan zuen.

Ekonomia atzeraldi garaian murgilduta zegoen, baina 1931n Hollywoodeko Samuel Goldwinek milioi bat dolarreko kontratua egin zion. Cocok zeluloideko musa handiak nahi zuen janztea, Katherine Hepburn, Grace Kelly, Elizabeth Taylor edo Gloria Swanson.

Hogeiko urte ero haietan, Cocok markatu zuen moda, baina Lehen Mundu Gerran erizain izandako esperientziak ez zuen bere ospearen erorketa eragotzi. II. Mundu Gerran, erromantzea izan zuen SS-ko ofizial zen Walter Schellenbergekin eta, haren ondorioz eta berak erabateko ukazioa egin bazuen ere, nazismoakin kolaboratzeaz salatu zuten.

Coco Chanel emakume hiperaktiboa zen; karakter latzekoa eta gaiztoa bere langileekin, perfekzionista zen azken muturreraino. Ikuspegi eztabaidatua zuen modaz eta gizonezkoez. Gehiegizko ekintza soziala ez zen bere estiloa eta nahiago zituen harreman diskreto eta sendoak.

Cocteauk artista kontsideratu zuen, Cocok bere burua artisau ikusi arren. Katherine Hepburnek, Marilyn Monroek eta Hollywoodeko gainerako izar nagusiek mitoa elikatu zuten. Nahi adina ondasun eta botere lortu zuen, baina, arrakasta profesionalaren atzean, bizitza pribatu iluna gorde zuen itzalean. Ez omen zuen sekula iraganeko oinazeari eta bakardadeari ihes egiterik lortu.

Chanel

Pizkundea

Negozioa 1939an itxi behar izan zuen, baina 1954an eta 71 urte zituenean, bere moda etxea ireki zuen, baina ez zegoen bakarrik, jada, beste izen handiko diseinatzaile batzuk ezarrita baitzeuden honezkero.

Hantxe mantendu zen, dinamismo ikaragarria erakutsiz eta mundua barreiatzen zuten tendentzia ezberdinetara moldatuz. Pariseko emakume asko Diorren kortseetan itota zebiltzala, Chanelek arnas hartzen lagundu zien. Gerriak zabaldu zituen, eta gonak laburtu; modak mugimendu askatasuna esan nahi zuen harentzat.

Sinpletasuna eta dotorezia ezarri zuen berriro eta perfumeen munduan arrakastaz sartu zen, Chanel Nº5 perfumearekin bereziki.

Chanel saltokia (Hong Kong)

Heriotza

Bizitza osoa bizi izan zen artrosia eta morfinaren pean.

Heriotza ere ez zen nolanahikoa izan. 1971ko urtarrilaren 10ean, 87 urte zituenean, Vendôme Plazara ematen zuen Ritz hoteleko apartamentuan, buelta bat ematetik zetorren eta telebista ikustera eseri zen, afaria prestatzen zioten bitartean.

Telebista itzalarazi zuen eta ohean etzan zen. Berehala deitu zion berriro zerbitzariari eta honek hauxe entzun zion:

  • Hau da hiltzeko era egokia!

Azken hitzak izan ziren. Bere aginduak jarraituz, Chanel Suitzan ehortzi zuten. Laussanan dago bere gorpua, 5 lehoiek zainduta.

Moda etxeak lanean jarraitzen du Karl Lagerfelden eskutik.

Coco Chanelen itzala oso luzea da gaurko diseinatzaileen artean. Paradoxa hortxe dago: jatorri txiroko Gabrielle Bonheurrek, bere diseinu iraultzaileak emakume guztiek erabili ahal izatea nahi zuen, edozeinek ordaindu ahal izatea, alegia. Baina, egun, Chanel marka duen prêt a porter soineko batek 6.000 eurotik gora balio du, eta, goi mailako joskintzako pieza bat nahi izanez gero, 18.000 eurotik behera ez dugu gauza handirik topatuko.

Kanpo loturak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Coco Chanel Aldatu lotura Wikidatan