Comenius

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jan Amos Komenský
Jan Amos Komenský
Rembrandtek egindako Comeniusen erretratua
Datu pertsonalak
Ezizena Comenius
Jaio 1592ko martxoaren 28
Uherský Brod? (Txekiar Errepublika)
Hil 1670eko azaroaren 15
Amsterdam (Herbehereak)
Jan Amos Komenský edo Comenius (1592–1670)

Comenius, jatorrizko txekierazko izenez Jan Amos Komenský (eslovakieraz: Ján Amos Komenský, alemanieraz: Johann Amos Comenius, polonieraz: Jan Amos Komeński, hungarieraz: Comenius Ámos János, latinez: Iohannes Amos Comenius) (1592ko martxoaren 28 Uherský Brod ingurua – 1670eko azaroaren 15 Amsterdam) egun Txekiar Errepublikan dagoen Moraviako irakasle, zientzialari, hezitzaile eta idazlea da.

Txekieraz Jednota bratrská (latinez Unitas Fratrum eta Txekiar anaiak, Bohemiar anaiak edo Brethren izenez ezagunak) adar erlijioso protestanteko Moraviako gotzaina, iheslari erlijiosoa eta hezkuntza unibertsalaren -Didactica Magna bere liburuan garatu zuen kontzeptuaren- lehen defendatzaileetakoa. “Nazioen irakaslea” edo “Pedagogiaren aita” ezizenak eman zaizkio, sarritan heziketa modernoaren sortzailetzat jotzen delako.

Bizitza eta lanak

Comeniusen jaioterria zein den ez dago erabat zehaztuta. Hiru herri izan daitezke: Komňa, Nivnice edo Uherský Brod, hirurak Moraviako barruti berean, Uherské Hradiště delakoan egun Txekiar Errepublikan. Bere arbasoak Hungariatik etorri ziren XVI. mendean eta bere familia-abizena Szeges zen (izena Janós Szeges zuen)[1].

  • Komňa herrixka txiki bat da, bere gurasoak bizi ziren lekua eta handik bere izena hartu zuen. (Komňa < Komenský); Comenius latinez da).
  • Nivnice herri txiki bat da, non bere haurtzaroa pasatu zuen.
  • Uherský Brod hiri bat da; hor ere umea zela bizitzen joan zen. Han museo bat dago berari dedikatua.

Latinezko eskolara joan zen Přerov-en, Moravian, 1614-1618 urteen artean bertara irakasle itzuli zen. Ikasketak Herbornen (Hessen, Alemania; 1611-1613 tartean) eta Heidelbergen (Baden-Württemberg, hau ere Alemanian; 1613-1614 tartean). William Bathe josulagunaren nahiz irakasle izan zituen Johann Piscator, Heinrich Gutberleth eta bereziki Heinrich Alsteden eragina izan zuen. Herborneko eskolaren printzipioa hauxe zen: teoria guztiek erabilpen praktikoa behar dute, beraz didaktikoa izan behar du, hau da moralki irakasgarria.

Comenius artzain bilakatu zen 24 urterekin eta Brethren-ak atzerrira zuzendu zituen protestanteak kontrarreformarengatik jarraituak izan zirenean. Europako leku askotan bizi eta lan egin zuen, hala nola, Suedia, Polonia-Lituaniako mankomunitatea, Transilvania, Erromatar-Germaniar Inperio Santua, Ingalaterra, Herbehereak eta Hungaria.

Leszno-n (Polonia) babestu zen, non gimnasio (bigarren hezkunztako ikastetxea) bat zuzendu zuen. Ondoren Suediara abiatu zen Kristina erregina eta Axel Oxenstierna kantzelariarekin lan egiteko. 1642tik 1648ra Elbing-en (alemanieraz, egungo Poloniako Elbląg) egon zen eta gero Ingalaterran Samuel Hartlib-en laguntzarekin, Elblągekoa baitzen.

1650ean Zsuzsanna Lorántffy, Gorge I.a Rákóczi Transilvaniako printzearen emazteak Sárospatakera joateko gonbita. Comenius 1654 arte hortxe ibili zen irakasle estraineko Hungariar ikastetxe protestantean; bere lan nagusietako batzuk bertan idatziak dira. Gero Lesznora itzuli zen. "Iparraldeko Gerren" aroan, 1655ean, berak Suediako estatu protestantearen alde jo zuen eta horregatik bere etxe, eskuizkribu eta eskolako inprimategia erre zizkioten Poloniaren aldekoek 1656an. Erbesteratu beharrean, Amsterdamera joan zen, Herbeheretan eta hor hil zen 1670ean. Ondo ezagutzen ez diren arrazoiengatik Naardenen hilobiratu zuten; egun ere bere mausoleoa ikusgai dago bertan.

Comenius erliebean Txekiar Errepublikako Dolanyko eskola batean.
Comenius Berlingo harri batean.

Bere alabetako bat, Elisabeth, Jablonné nad Orlicí herri txekiarreko Peter Figulusekin ezkondu zen. Bere semea, Daniel Ernst Jablonski, geroago Berlinera joan zen eta han Federiko I.a Prusiako erregearen gortearen artzain nagusia bihurtu zen. Han Nicolaus Ludwin Zinzendorf kontea ezagutu zuen. Zinzendorf Comeniusen lehen oinordetakoa izan zen Moraviar eliza protestanteko gotzain gisa.

Obrak

Bere bizitza eta obrak hobeto ezagutzen ditugu Altzairuzko Oihala jausi zenetik.

Latinez

  • Orbis Pictus edo Orbis Sensualium Pictus ("Mundua ikusgai irudietan"), 1658. Bere lanik ospetsuena; askoren ustez munduan gehien zabaldu den eskola-testuliburua da[2].
  • Linguae Bohemicae thesaurus, hoc est lexicon plenissimum, grammatica accurata, idiotismorum elegantiae et emphases adagiaque (" Txekieraren tesaurusa"), 1612-1656
  • Problemata miscellanea ("Arazo saski-naskia"), 1612
  • Sylloge quaestionum controversarum, ("Gai polemikoen bilduma"), 1613
  • Grammaticae facilioris praecepta, ("Gramatika errazago baten arauak"), 1614-1616
  • Theatrum universitatis rerum, ("Gauza guztien osotasunaren agertokia"), 1616-1627
  • Centrum securitatis ("Segurtasunaren erdialdea"), 1625
  • Moraviae nova et post omnes priores accuratissima delineatio autore J. A. Comenio ("Moraviako Mapa"), 1618-1627
  • Janua linguarum reserata ("Hizkuntzen ate irekia", latinezko manuala), [[1631]
  • Didactica magna ("Didaktika Nagusia"), 1633-1638
  • Schola pansophica ("Pansofia eskola"), 1650-1651
  • Primitiae laborum scholasticorum, ("Eskolastikoen jardueren hastapenak"), 1650-1651
  • Opera didactica omnia ("Ikasketa-prozesu orori buruzko idazlana"), 1657
  • De bono unitatis et ordinis ("Batasun eta ordena onaz"), 1660
  • De rerum humanarum emendatione consultatio catholica ("Kontsulta orokorra giza-kontu guztien hobekuntzaz"), 1666
  • Spicilegium Didacticum, ("Didaktika araketa/miaketa"), 1680
Orbis Pictus liburu gakoaren azala

Txekieraz

  • O andělích ("Aingeruei buruz "), 1615
  • Retuňk proti Antikristu a svodům jeho , 1617
  • O starožitnostech Moravy ("Moraviar antzinako gauzez"), 1618-1621
  • Spis o rodu Žerotínů ("Žerotín-en etxeari buruzko gidoia"), 1618-1621
  • Listové do nebe ("Zerurako gutunak"), 1619
  • Manuálník aneb jádro celé biblí svaté ("Biblia santu osoaren Manual edo Muina"), 1620-1623
  • Přemyšlování o dokonalosti kŕesťanské ("Kristau bikainduraz pentsatuz"), 1622
  • Nedobytedlný hrad jméno Hospodinovo ("Jainkoaren izena gotorleku konkistaezina da"), 1622
  • Truchlivý, díl první ("Betiluna", I liburukia), 1623
  • O poezí české ("Txekiar poesiaz"), 1623-1626
  • Truchlivý, díl druhý ("Betiluna", II liburukia), 1624
  • O sirobě ("Jende txiroaz"), 1624
  • Pres boží ("Jainkoaren presioa"), 1624
  • Vidění a zjevení Kryštofa Kottera, souseda a jircháŕe sprotavského ("Kryštof Kotter neure auzokide eta Sprotavako larru-zurratzailearen ikuste eta agertzea"), 1625
  • Překlad některých žalmů ("Salmo batzuen itzulpena "), 1626
  • Didaktika česká ("Txekiar didaktika"), 1628-1630
  • Škola hrou (Schola Ludus, "Eskola jolasaren bidez") 1630
  • Labyrint světa a ráj srdce ("Munduaren labirintoa eta Bihotzaren paradisua") 1631. Bere bizitzako esperientziez hausnarketa.
  • Brána jazyků otevřená ("Hizkuntzetarako atea zabalik"), 1631

Heredentzia

Comeniusen estatua Naardenen, Herbehereak.

Jaioterri eta aldirietan

XIX. mendeko Txekiar Berpizkunde Nazionalean ’’’Comenius’’’ txekiar nazioaren ikur idealizatua bihurtu zen. Egun ere irudi honek bere horretan dirau.

Martxoaren 28a, jaio zen eguna, Txekian nahiz Eslovakian Irakasleen Eguna da.

1919an Comenius Unibertsitatea sortu zen Bratislavan (orduko Txekoslovakian, orain Eslovakian). Eslovakieraz eskolak eman zituen estraineko unibertsitatea izan zen.

Brána jazyků (txekieraz "Hizkuntzen atea") Txekiar Errepublikan 2005eko urritik 2007ko ekainera garatutako helduentzako hezkuntza proiektuak –gehienbat irakasleen hizkuntza trebeziaz ari denak- Janua linguarum reserata ("Hizkuntzen ate irekia") bere liburuaren izenburua hartu zuen

Sárospataken (Hungaria) irakasle-eskola batek bere izena darama; egun Miskolceko unibertsitatearen menpean dago.

Mazedoniako Skopjeko lehen mailako eskola bati Jan Amos Komenski (Comenius mazedonieraz) izena jarri zitzaion. 1963an hiri horretako eraikin ugari eraitsi zuen lurrikara izugarriaren ostean Txekoslovakiako gobernuak emandako diruaz egina da.

Fundacja Komeńskiego ("Comenius Fundazioa") Poloniako GKE bat da, 10 urtetik beherako umeei aukera berdintasuna eskaintzeari dedikatua.

Munduan zehar

1892an Comenius Hall deritzon eraikina eraiki zen Moravian College unibertsitatean (Pennsylvania, AEB). Urte berean bere jaiotzaren hirugarren mendeurrenaren ospakizunak sona handikoak izan ziren hezitzaileen artean eta Comenian Society izenekoa sortu zen, bere lanen argitalpen eta ikerketa garatzeko.

Aurrekoak bezala jatorri erlijioso moraviarra duen Salem College ikastetxeko (Ipar Carolina, AEB) hezkuntza departamentuak urtero Comenius Symposium antolatzen du bere omenez, hezkuntza munduaren egungo gaiez aritzen dena.

Cotton Matherren arabera Harvard Unibertsitatean (Massachusetts, AEB) presidentea izateko eskatu zioten baina nahiago izan zuen Suediara joatea [3].

"Comenius Domina" UNESCOk banatzen dituen sari entzutetsuenetakoa da; hezkuntzaren gaineko ikerketak eta berrikuntza bultzatzea du xede.

Roberto Rossellini zinema-zuzendariak Comenius eta bereziki bere "zuzeneko ikusmenaren teoria" hartu zituen italiarrak zituen teoria didaktikoen garapenerako, uste baitzuen mundua etorkizun utopiko[4] batean murgil lezakeela.

AEBetan ere bada Comenius Foundation izena daraman fundazio bat[5].

Comenius Europako proiektua

"Nazioen irakaslearen" izena hartu du Europako Batasunak 2002tik ikastetxeen arteko harremanak bultzatzeko programa bat [6] izendatzeko. Ikas-komunitatearen estamentu guztiei (ikasle, irakasle, familia, GKE, instituzioak...) zuzenduta dago. Lehen urteetan hiru ikasturterako proiektuaz izaten ziren eta 2009tik aurrera bi urtekoak izaten dira.

Euskal Herriko hainbeste ikastetxek esku hartzen dute aipatu proiektuan[7].

Aipua

  • « Gazteriaren heziketa orokorra metodo on batekin hasten denean, ez zaio inori ondo pentsatu eta ekiteko behar duen ezer faltako. »

Bibliografia

  • Keatinge: The Great Didactic of Comenius (Londres, 1896)
  • Laurie: John Amos Comenius (1881; seigarren argitalpena: 1898)
  • Quick: Essays on Educational Reformers (Londres, 1890)
  • Müller: Comenius, ein Systematiker in der Pädagogik (Dresden, 1887)
  • Löscher: Comenius, der Pädagogik und Bischof (Leipzig, 1889)
  • Monroe: Comenius and the Beginning of Educational Reform (New York, 1900)

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Milada Blekastad bere biografoaren arabera; 1968an aurkitutako Comeniusen idazki batean oinarriturik.
  2. New International Encyclopedia.
  3. Comenius, Charles William Bardeen eta Charles Hoole, The orbis pictus of John Amos Comenius. ISBN 1437297528,ii or., Cotton Mather aipatuz, Magnalia, II liburukia, 14.or.
  4. Rossellini, Roberto. Utopia autopsia 1010. Erroma, Armando, 1974. 195-6. or.
  5. Comenius Foundation elkartearen webgunea.
  6. Comenius proiektuaren webgunea.
  7. Proiektu batzuk artikulu honetako kanpo loturetan kontsulta daitezke.

Kanpo loturak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Comenius Aldatu lotura Wikidatan