Constantin Brâncuşi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Constantin Brâncuşi
Constantin Brâncuşi
Constantin Brancusi 1922an
Datu pertsonalak
Izen osoa Constantin Brâncuşi
Jaio 1876ko otsailaren 19
Errumania Hobita (Errumania)
Hil 1957ko martxoaren 16a
Frantzia Paris, (Frantzia)

Constantin Brâncuşi (Hobita, Errumania, 1876ko otsailaren 19a -Paris, 1957ko martxoaren 16a) Frantzian lan egin zuen errumaniar eskultorea izan zen. XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetariko bat izan zen.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errumaniako hegoaldean jaio zen. Hamaika urterekin, gurasoen etxetik alde egin zuen. Alderrai ibili zen, lanbide askotan lan eginez, harik eta 1894an Craiovako Arte eta Lanbide eskolan sartu zen arte. Han lau urte egin ondoren, 1898an Bukaresteko Arte Ederren eskolan egin zituen gero ikasketak[1]. 1892an, hamasei urterekin, Medikuntza eskolako gorpu baten gihar bakoitzaren moldea eginez, buztinezko écorché bat egin zuen (gizon baten estatua, azala kenduta giharrak erakusteko), anatomia-ezagutza sakonak zituela adierazten zuena. 1904an Parisa abiatu zen oinez, han hartu zuen bizilekua, plater-garbitzaile ari izan zen bolada batean, eta lantoki bat antolatu zuen, berehala garai hartako idazle eta artista ospetsuenak erakarriko zituena: Marcel Duchamp, Man Ray, Erik Satie, Henri Rousseau[2], Tristan Tzara, Ezra Pound, James Joyce... Auguste Rodin ezagutu izanak bere lanean eragin handia izan zuen.

Parisa iritsi eta handik hiru urtera harri eta zur utzia zuen arte-giroa Otoitza, Errumaniako hilerri baterako egin zuen monumentu hieratiko eta soil-soilaz. 1907an, orobat egin zuen neska gazte baten burua, harriz landua, eta 1909rako iritsia zuen jadanik bere artearen betetasuna.

Oso gizon berezia zen, berak egin zituen bere etxeko altzariak, berogailua, bazkaltzeko tresneria, eta lantokian oso modu bitxian antolatu zituen bere obrak, ederraren ederrez bisitan joaten zitzaizkion guztiak txundituta utzirik. Man Rayrekin argazkiak egiten ikasi zuen, eta bere lan guztien argazkiak egin zituen.

Bere lehen eskultura, Otoitza, egin ondoren, buztina baztertu zuen, eta material gotor eta iraunkorrak zuzenean lantzeari eman zitzaion -marmola, brontzea, haritza, altzairu herdoilgaitza-, eskultura bakoitzaren muinaren bila xehetasunak alde batera gero eta gehiago utziz. Hala, ingude bat eta sutegi bat jarri zituen bere lantokian. 1907an Renée Frachon baronesaren erretratua harriz egin ondoren, hura gaitzetsi eta marmolez berregin zuen, haren hazpegiak lausoturik. Erretratu hartatik atera zituen Logalea (1908), Musa lotan (1909 marmolez, eta 1910 brontzez)[3].

Musua (1909) deritzon eskulturak kubo-itxurako harri puska batean bikote bat besakarturik irudikatzen du. Eskultura horretan biltzen da Brancusiren pentsakera: material iraunkorrez eta erabateko soiltasunez gauzen mamia irudikatzea. Eta ez zen geroztik bere bilakaeran ikuspegi horretatik aldendu, ezta garai hartan indarrean zeuden joera artistikoen eraginez ere, abangoardismoko mugimendu guztiak gainditu baitzituen.

1910ean egin zuen bere lehen txoria, Errumaniako herri literaturako pertsonaia bat oinarritzat harturik. Geroztik, beste txori batzuk egin zituen, beti ere aurreneko txori horren aldaera eta bilakaera gisa, gero eta forma soilagoz eta elementu gutxiagoz: Urrezko txoria (1919), Txoria espazioan (1921).

Zutabe amaigabea izan zen Brancusik behin eta herriz landu zuen eskultura-gaietako bat, eta berak bere lan nagusitzat zeukana. Lehenengoa 1912an egin zuen, eta bigarrena 1918an. Errumaniako Târgu Jiu herrian jarri zuten[1], eta 30 metroko altuera zuen, baina Brancusiren asmoa zen zutabe horren aldaera bat, 120 metroko altuerakoa eta altzairu herdoilgaitzezkoa, Parisen kokatzea. Asmo hori, ordea, ez zen aurrera atera. Brancusik beste lau zutabe egin zituen geroztik.

1935ean Gorjeko (Errumania) emakumeen ligak monumentu bat eskatu zion Brancusiri Lehen Mundu Gerrako hildakoen oroitzapenetan. Brancusik hiru monumentu egin zituen Târgu Jiu herriko hiru lekutan kokatzeko. Zutabe amaigabe bat kobre urreztatuz metalizatua; Isiltasunaren atea, eta Isiltasunaren mahaia. Tartean, Brancusik beste eskultura batzuk ere egin zituen: Prometeo, Itsuentzako eskultura, Arraina...

Parisen ehortzi zuten Montparnasseko hilerrian eta haren lana erakusten duen museoa, Renzo Pianok diseinatua, ere hiri berean dago.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zutabe amaigabea, Târgu Jiu, Errumania.
Muxuaren atea, Târgu Jiu, Errumania.

Târgu Jiu herrian, Errumanian, parke batean haren hiru lan nagusiak aurkitzen dira:

  • Zutabe amaigabea
  • Muxuaren atea
  • Isiltasunaren mahaia

Egilearen bilduma garrantzitsuenak dituzten museoak Bukaresteko arte museo nazionala eta MoMA (New York) dira. Craiovako arte museoak ere hainbat artelan ditu. Gainera, Parisen Brâncuşiren lantegia (Atelier Brancusi) bisita daiteke Georges Pompidou Zentroan[4].

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mutiko baten soingaina (1906)
  • Otoitza (1907)
  • Lurraren jakinduria (1908)
  • Mademoiselle Pogany (1912), Philadelphia Museum of Art
  • Muxua 1916, Philadelphia Museum of Art
  • Madame L.R. (1914–1918)
  • Musa bat (1917)
  • Kimera (1918)
  • Txoria espazioan, 1924, Philadelphia Museum of Art
  • Nancy Cunard-en erretratua (1925–1927)
  • Oilarra (1935)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Constantin Brancusi Guggenheim.org
  2. Albrecht BARTHEL: The Paris Studio of Constantin Brancusi: A Critique of the Modern Period Room Arch.columbia.edu
  3. Constantin Brancusi Encyclopædia Universalis. Universalis.fr
  4. Atelier Brancusi - Centre Georges Pompidou Parisinfo.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Constantin Brâncuşi
  • (Frantsesez) Monografia Centre Pompidou. Centrepompidou.fr.