Cosme Damian Txurruka

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Cosme Damian Txurruka
Cosme Damian Txurruka
Cosme Damian Txurrukaren irudia
Datu pertsonalak
Izen osoa Cosme Damian Txurruka Elorza
Jaio 1761ko irailaren 27a
Arrietakua jauregia, Mutriku
Euskal Herria Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 1805ko urriaren 21a
Espainia Trafalgarko guda, Kadiz. (Espainia)

Cosme Damian Txurruka Elortza[1] (Mutriku, Gipuzkoa, 1761 irailaren 27a - Trafalgarko guda, 1805ko urriaren 21a) euskal herritar zientzialaria, itsasgizona eta militarra izan zen. Espainiako Itsas Armadako brigadier gisa zerbitzatu eta Mutrikuko alkate ere izan zen. Trafalgarko gudan nabarmendu zen San Juan Nepomuceno itsasontziaren buruzagitzat, eta heriotzaraino defendatu zuen bere ontzia.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutrikuko jauntxoak ziren Francisco Txurruka Iriondo (Mutrikuko alkatea zena) eta Maria Teresa Elorza Iturriza senar-emazteen laugarren semea izan zen.[2] Iberiar Penintsulako Gerrako heroi, abokatu eta euskaltzalea zen Julian Baldomero Txurrukaren anaia gaztea ere bazen. Bere senidea zen Antonio Gastañetak eraikitako ointetxean jaio zen, hots, Arrietakua jauregian, azken senide honen oroitzapenek berehala Cosme Txurruka gaztearengan itsasoratzeko grina piztu zutelarik[3].

11 urteko adinarekin bere senideek Burgosko Apaizgaitegi Kontziliarrera bidali zuten,[2] han Txurrukak ikasketetan erakutsitako ahaleginarengatik bertako irakasleen eta Artzapezpiku beraren estima lortu zituen, azken honek gaztearen buruargitasun eta gaitasun dohaiak ikusirik bere etorkizuneko ikasketa eta ibilbidean laguntzen saiatu zen. Artzapezpikuak bere alboan itsasgudarosteko ofiziala zen iloba zuen, honek ere bere osabaren antzera Txurruka gazteari estimua hartu ziolarik; bi gazteen anaikidetasuna hain handia bilakatu zen, zer Txurruka bere lagunak zuen itsasorako zaletasunaz erabat kutsatu zen. Txurrukak ikasturteko ikasgai guztiak gainditu ondoren etxera itzuli eta gurasoei bere itsasoratzeko asmoa aipatu zien. Itsas Guardian sartzeko eskaera egin eta postu bat lortu zuen.

Cosme Damián Txurrukaren irudia Mutrikuko bere jaioterrian. Bere egilea Marcial Agirre izan zen.

1776ko ekainaren 15ean Kadizko konpainian erroldatu eta bere oinarrizko ikasketak hasi zituen. Hurrengo urteko martxoan Ferrolera igaro zen eta han beste bi urtez jarraitu zuen, hauetan azterketan bikainen ondoren fragatako Alferez maila lortu zuen.

1778ko urrian lehen aipatutako Arce teniente jeneralaren eskoadrarekin bat itsasoratu zen, eta bere lehen kanpaina honetan, nahiko ekaitzez betea, bere maniobretarako dohaiak agerrarazi zituen, itsasoko bizimoduak etengabe eskaintzen dituen arrisku eta ezbeharrak saihesten sekulako trebezia lortu zuen. Arce ordezkatua izan zen, aginteko arduradun berri bezala Ponce de León jarri zutela[4], honek Txurruka gaztez zituen txosten ezin hobeak zirela eta, bere laguntzaile gisa ezarri zuen; Ponce de León eskoadraren buru izan zen garai guztian Txurruka kargu honetan egon zen. Honek bere agintaritza amaitzean Txurruka laguntzaile izatetik laga eta posturik gabe gelditu zen. Orduan fragata baten buru zen Ignacio de Álavak bere albora joateko dei egin zion: haren agintaritzapean Gibraltarreko kanpaina egin zuelarik[5]. Kanpaina honetan zehar Gibraltarren aurka ekiten ari ziren bateri flotagarrien su hartzea eman zen. Txurruka izan zen ldu fragatako txalupa bat hartuz itsasontzi haietako jendeari laguntzeko asmoz hurbildu zitzaienetako bat; bere izaera lasai frogan jarriaz etsaien bateriek jaurtitako metraila eta proiektil haien artean sartu zen, halere bere txalupara ahal zuen jende gehiena igo arte ez zen fragatara itzuli.

1783an Txurruka Kadizera itzultzerako jada itsas departamentuak sortuak eta egokituak zeuden, departamentu hauek ofizial kopuru jakin batek goi ikasketak burutu zitzazken akademiak ziren; Txurruka bere sarrera eskatu zuen baina lekuak jadanik beteak zeudenez Txurruka zegokion ministroarengana zuzendu zen, honek itsasgizon gaztearen aurrekari bikainak ikusirik leku bat gehitu eta Txurrukari Ferroleko akademian sartzeko aukera eman zion. Sartu eta denbora gutxira guardia marinen laguntzaile izendatu zuten eta urte bat igaro ondoren bertako irakasle batzuk ordezkatu zituen zenbait ikasgai bere kabuz irakatsiz. Lanbide honek Txurrukaren goi ikasketak atzeratu zituen halere, bere ahalegintsua eta tematia zenez azterketa garaia iristerako gainontzeko bere ikaslagunen parera ezartzea lortu eta 1787ko ikasturtea bere ikaslagun eta irakasleen txalo eta zorion zaparrada baten pean urte hartako promozioko lehena izanez amaitzea lortu zuen.

Itsasgizon ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magallanes itsasarterako espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1788an Antonio de Córdova jauna hiru itsasontzien buru zelarik Ferroletik itsasoratu zen, bere helburuak Magallanes itsasartea ikertu, inguruko itsasportuei buruzko gutun eta mapak sortu, eta korronte eta itsasaldiak ikuskatzea zen,[2] honela itsasarte hark eskaintzen zituen abantailei buruzko argibide eta datuak biltzeko asmoz. Cordovak, Gobernuko kideeiz gain, jadanik ontziko teniente maila zuen Txurruka gaztea berarekin bat joan zedin eskatu zuen. Txurruka espedizioaren astronomia eta geografiako zatiaren arduradun izan zen. Gobernuak proposamen honi baiezkoa eman zion[6].

Espedizioa urrian itsasoratu zen eta gertaera aipagarririk gabe urtarrilerako San Joséra ailegatu zen, han aingura bota eta astronomoek itsasarte ikertzeari ekin zioten. Txurruka eta bere adiskideak zihoazen txalupak itsas bortitz hartako itsasaldietan zehar hainbat arrisku igaro zituen; lan egiten zuen konstantziak eta euren eginkizunaren perfekzioa gipuzkoar itsasgizonaren egunkaria irakurriz soilik ikus liteke, egunkari hau naturaltasun osoz eta era arruntean idatzirik dagoelarik. Ikerketak zehaztasun handiz amaituz eta bazter haietako leku guztiak ongi arakatu ondoren itzulerako bidaia burutzea erabaki zuten. Hain lan ugari eta bikainek, bai eta nekeek espedizio hartako kide guztien osasuna kaltetu zuten; hauen artean Txurrukarena ere bai, erabat gaisotu eta Ekuadorretik gertu hilzorian egon zelarik, baina zaintza onei esker Kadizera iristea lortu zuten, han lurreratu eta Txurrukak bere osasuna eta indarrak berreskuratzeari ekin zion. Beranduago Kadizeko Behatokira bidali zuten han lan handi eta merituzkoak burutu zituen, hala eta guztiz bere osasuna hainbeste lan eta eginbehar ugariren ondorioz ahuldua zegoenez beheraldi berri bat jasan zuen. Orduan Euskal Herrira itzultzeko baimena eskatu zuen. Hemen bere etxekoen artean berrindartzea lortu eta ordurarte denbora pasatzeko egin zituen jarduerak baino lantegi erraldoietarako energia berreskuratu zuen.

Hego Ameriketarako espedizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartan Espainian Hego Amerikako Itsas Atlasa osatzeko helburuz espedizio bat antolatu nahi zen, Itsas Atlas hau herrialde askoren intereseko objektua zen, baina eginkizun hau Espainiak bakarrik burutu zezaken berari zagozkion lurraldeak baitziren. Eginkizun hau egiteko bi dibisio aukeratu ziren: bata lur lehorraz arduratuko zen, bigarrena aldiz uharteetaz. Honetarako lanen nondik-norako guztien pisua jasango zuen pertsona trebatu bat behar zen, eta betebehar hau hain korapilatsua zenez, ministroak egunero bere mahai gainera iristen ziren amaigabeko eskaera mezuei muzin egiten zien. Betebehar honen garrantzi eta neurri handiaz arduraturik Mazarredo jeneralarengana aholku bila joan zen, azken hau gai honen inguruko gizon buruargi eta atal honetako Itsas Gudarostearen buru zen; bere iritzia betebehar honen burutzea Txurrukari oso ongi egokitzen zitzaiolakoa zen. Honek zalaparta handi xamarra piztu zuen Itsas Gudarostean, beste hautagaien parean aipatutako zorte onekoak adin eskasagoa eta behe-graduazio baitzituen, baina ministroak eta Mazarredok bekaizti eta jeloskorrei aurre egiten jakin zuten eta izendapena mutrikuar gaztearen aldekoa izan zen, hau jarraien Madrilera igaro zelarik, han Mazarredorekin batera espedizioa prestatzeko asmoz hainbat bidaia burutu zituelarik.

Espedizio hau 1792ko ekainaren 17an itsasoratu zen eta Trinidad uhartean aurretik itsasoratua zen beste espedizio batekin elkartu beharrean zen, handik bere eginkizunari hasiera emateko. Agindutako lekura ailegatzean Behatokia bertako gotorleku zahar batean egokitu zuten; dena prest zen eta espedizioa bere betebeharrekin hastera zihoan, orduan albiste txar batek espediziokide guztiak zur eta lur utzi zituen: Frantziako Konbentzioaren gerra aldarrikapena. Hortaz espedizioaren eginbehar berri eta mugatua Trinidad uhartea defendatzea bilakatu zen.[2] Behin gerra amaitu ondoren lehendik agindutako eginkizunetara itzuli ziren. Oztopo handiei aurre eginez, ia erabilgarriak ez ziren naoekin eta kortsario, itsaslapur eta piratez beteriko itsasoak zeharkatuz, Txurrukak zehaztasun handiko plano eta gutunak osatu ahal izan zituen; Txurrukaren izaera biziari esker, bi urteren bururako bere eginkizuna amaituta zuen.

Ur ameriketarretako bere egonaldian zehar Txurrukak bere osasuna larriki kaltetu eta bi txandatan Europara itzultzera behartuarazi zuten bi gaixotasun larri jasan zituen. Espainiar Gortera ailegatzean aurkezten zen leku guztietan gizalege eta adeitasun handiz hartu ohi zuten. 1802an ordura arte burututako bere lanei buruzko idazlan bat argitaratu zuen, eta 1804an balio handiko gutun esferiko bat ezagutarazi zuen, gainera gutun partzial, portu eta kanalen planoak, etab... ugari ere kaleratu zituen.

Frantziako lehen egonaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1797ko otsailean Espainiar Itsas Gudarosteko buruzagi nagusia zen Mazarredo jeneralak Txurrukari erakunde militar honetako Nagusitza eskaini zion, honela Kadiz hiria setiatzen zuen ingeles eskoadraren aurka prestatzen ari zen kontraerasoan gipuzkoarraren trebezia eta gaitasuna erabiltzeko asmoz. Gerora Conquistador ("Konkistatzailea") ontzia agintzera pasa zen[7], honetan bai material nahiz diziplina arloetan berrikuntza ugari egin zituelarik. Eskoadra bateratuarekin ingelesen atzetik jarraituz Txurruka Frantziako Brest hirira iritsi zen, hemen zituen astialdi laburretan ariketa militarrei buruzko kartila bat idatzi zuen, hau denbora batera argitaratu eta ofizialen artean banatu zen. Txurruka Brestetik Parisera igaro zen, hiriburu honetan Behatoki astronomikoa eta frantziar herrialdeak zituen beste hainbat zientzi erakunde aztertu ahal izan zituen. Egonaldi honetan zehar bertako jakintsuek harrera egin zioten eta orduko Lehen Kontsula zen Napoleon Bonapartek entzunaldi partikularrean hartu zuen, azken honek Txurrukari zion miresmena agertuarazi nahian ohorezko ezpata bat oparitu ziolarik. Honela bada, Txurruka Parisetik Brestera itzuli zen, eta kostaldeko hiri honetan zegoela Frantzian berak idatziriko Antilletako gutun esferikoa argitaratu zen, Madrilen argitaratutako gutunean agertzen ziren datu ia gehienak kopiatuak zituela; honexegatik, gutun hau Frantzian kaleratzean argitarapen berezi bat sortu eta mutrikuar itsasgizon gazteari oparitu zioten.

Frantziako bigarren egonaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bresteko bere bigarren egonaldian Txurrukak beste idazlan zientifiko bat idatzi zuen honako izenburuarekin: Apurtutako ontzi baten gilaren inflexioak zehazteko metodo geometrikoa (Método geométrico para determinar las inflexiones de la quilla de un buque quebrantado), meritu handiko idazlana eta artsenalei abantaila handiak eskaintzen zizkiona.[2] Akordioa sinatu ostean, Espainiak Frantziari bere sei ontzi laga behar zizkion, hauen artean Txurrukak agintzen zuen Naoa; mutrikuarrak atsekabe eta nahigabe handiz hiru urtez bere agintepean eta beregan lan handiak egin zituen ontzia frantziarrei uztea beste irtenbiderik ez zuen izan. Honenbestez agintaritzarik gabe, Concepción itsasgarraioan eta bidaiari xume gisan 1802ko maiatzaren 25an Penintsulara itzuli zen.

Mutrikuko alkate[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betebehar eta eginbehar ugariez nekaturik, Euskal Herrira itzultzeko baimena eskatu zuen, mugagabeko denbora eta soldata osoaz gozatzeko baimena eman ziotelarik; Txurrukak, baimen hau probestuz, Frantziara igaro eta Mediterraneoko kostaldea arakatzen ibili zen. Handik Mutriku bere jaioterrira itzuli eta bere senide eta lagunen artean atsedenaldia hartu zuen. Mutrikun alkate izendatu zuten, eta herritarren pozerako kargu hartan aritu zen aldi batez.[2]

Trafalgarko guda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1803ko azaroan Txurruka Espainiar Gortera eta handik Ferrolera zuzendu zen, itsasportu honetan Príncipe de Asturiasen agintaritzarekin egin zen, itsas eta guda baldintza ezin hobeak zituen ontzia, itxura onena eta aipatutako departamentuan hiru zubi zituen bakarra zen[8]. Bere lehendabiziko betebeharra ontzia guda egoeran jartzea izan zen; gero itsas gudarostearen hiztegia aztertu zuen eta B.M.-ren baxelen erabilerarako punteriari buruzko argibideak (Instrucciones sobre puntería para uso de los bajeles de S. M.) izenburupean idazlan berri bat idatzi zuen, hau argitaratu eta piskanaka jendearen artean hedatua izan zelarik. Txurrukak bere ontziaren armategia berritzen ahalegindu zen eta bere goiko nagusietatik ezer lortzen ez zuela ikusirik, une hartan diketik atera behar zen San Juan Nepomuceno ontziaren agintaritza eskatu zuen; agintaritzak eskaera honi baiezkoa eman eta gainera Txurrukaren nahien arabera berau armatzeko baimena ere eman zioten.

Lehorrean egon zen denboran mutrikuarra María Dolores Ruíz de Apodakarekin ezkondu zen, izen bereko Itsas Gudarosteko jeneralaren alaba.

San Juan Nepomuceno ontziaren berrikuntza eta armakuntza lanak amaitzean, Txurruka Kadizera igaro zen. 1805eko urriaren 20an Villeneuve frantziar almirantearen agindupean zeuden bateratutako eskoadrekin bat atera zen, bai bata zein bestea Federico Gravina teniente jeneral jaunaren agindupean. Hurrengo egunean eta jadanik Trafalgarko uretan, aipatutako bi eskoadren eta Nelson almirantearen ingeles eskoadraren arteko topaketa eman zen[9]. Nahiz eta artikulu honen helburu nagusia borrokaldi honetan emandako gertakari ezberdinen aipamena egitea ez izan, gipuzkoar heroiak partehartze zuzena izan zuen xehetasunak gogoratu beharrean aurkitzen gara, borrokaldi honetan amaitu baitzen mutrikuarraren ibilbide loriotsua.

Goizeko hamarrak aldera ingeles eskoadra bere handitasunean ikuskatzen utzi zen. Jada bi eskoadrak gertu zeuden Horatio Nelsonek ontzi nagusia zen Victoryn bere lelo ezagun eta adierazgarria jaurtiki zuenean:

« Ingalaterra zuetako bakoitzak bere eginbeharra bete dezan zain dago.  »

Txurrukak etsaiaren eskoadraren martxa interes handiz jarraitzen zuen; bere ontzian jadanik dena prest zen eta gizon bakoitza berari zegokion lekuan. Kapilauari eskifaia osoaren absoluzioa eskatu zion; apaizak gerlari eta itsasgizonak bedeinkatu eta Mutrikuko heroia aginte zubira igo zen, han honako hau oihukatu zuelarik[10]:

« Ene semeok: Gudarosteen Jainkoaren izenean, bere eginbeharra betetzen duenari zoriona hitzematen diot; honi hutsegiten diona fusilatua izango da; nere edota agintzeko ohorea dudan ofizial ausarten begietara, bere arrangurek gelditzen zaizkion gainontzeko egun guztietan dohakabe eta zorigaiztoz jarraituko diote.  »

Eta une goren eta erabakiorra iritsi zen. San Juan itsasontzia hiru ontzi ingelesek erasotu zuten eta haiekin bi orduz borrokatu zen, beranduago beste hiru ontzi gehiagoren aurka ere defendatu beharrean aurkitu zenean[11]. Halere hau ez zen Txurrukaren izaera barea izutzeko aski izan. Komandante kementsuak bere dohai eta adoreak arriskuen handitasunaren neurrira azalarazi zituen, denaren gainetik zegoen; bere kabuz punteria egiten zuen eta maniobrak guda turutarekin agintzen zituen. Ez ontzia estaltzen zuen metrailazko euriak, ez eta etsaiaren artilleria boteretsuak egiten zituen zauritu eta hildako kopuru handiek ez zuten bere asmo izukaitza kikiltzen.

Txurrukaren heriotza, Eugenio Álvarez Dumonten margolana. Pradoko Museoa[12].

Hainbeste etsaien aurrean bere suak banatzera behartuta, bere buruargitasun eta jardueraz, bereak baino boteretsuagoak ziren indarrek begirunez ikusten zuten, ingelesek bere itsasontziaren ontziraketa behin ere saiatu ez zirelarik. Honela mantendu zen Txurruka, brankako bateria bat ikuskatzera zihoan unean kanoi bala batek jo eta bertan bera bere eskuin zangoa gerritik behera ebaki ziolarik, lurrera botaz. Gertakari honen ondorioz hil zen; balak jo eta hiru ordutara zendu zelarik[13]. 44 urteko adina zuen. Bere azken guda aginduak hirin kupel naten barnean sarturik oihukatu zituen. Bere azken hatsa eman aurretik ofizialei amore eman ez zezaten aholkatu zien eta bandera hiltzatzeko agindu zuen, honela eraitsi ez zedin; gero beren zerbitzuez aski gustura zegoela esan zien horietaz agurtu zen. Txurrukak bere amaiera aurreikusi zuela zirudien, Kadizen itsasoratu baino ordu batzuk aurretik bere lagun bati honako hau idatzi baitzion[14]:

« Nere itsasontzia preso hartu dutela entzuten baduzu, zinez sinistu ezazu hilik nagoela.  »
Zehazki bete zen amaiera heroikoa

San Juan Nepomucenoren ontzi-kroskoa urtez askoz Gibraltarreko badia mantendu zen, bere ganbera itxirik zuela, eta bere ate-gainean Txurrukaren izena urrezko hizkiz zuen hilarri batekin. Noizbait ganbera hura garrantzi handiko norbaiten jakinmina asetzeko irekitzen bazen, bertara burutsik, jarrera egokiz eta begirune osoz sartu beharra zela ohartarazten zitzaion. Begirune honek ingelesek euskal heori eta itsasgizonari aitortzen zioten merezimendua ederki asko agertarazten du.

Mutrikuko udalerriak bere seme kuttuna omentzeko asmoz etorkizuneko belaunaldiek buruzagi garrantzitsu honen balentriak oroitarazi zitzaten estatua edo harrizko irudi bat altxatzea erabaki zuten.[2] Irudi honen lehen harria 1866ko irailaren 5ean jarri zutelarik eta egilea Marcial Agirre izan zelarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Aitor Anduaga Egaña: «Cosme Damián de Churruca y Elorza», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. Amadeo Delaunet, "La Casa de Churruca y sus Alianzas". Donostia, 1937
  4. Hiru: Euskal geografoak
  5. Encarta Entziklopedia
  6. Mª Dolores González-Ripoll. "A las órdenes de las estrellas (La vida del marino Cosme de Churruca y sus expediciones a América)". CSIC, Madril, 1995.
  7. www.foromaritimovasco.com
  8. Fernández Duro, Cesáreo: "Armada Española, desde la unión de los reinos de Castilla y de Aragón", Itsas Museoa. Madril, 1973
  9. Alcalá Galiano, P.: "El combate de Trafalgar". I.H.C.N. Espainiako Defentsa Ministerioa. Facsimile, Madril, 2004
  10. Julián Baldomero Txurruka Elorza, "Elogio histórico del Brigadier de la Real Armada Don Cosme Damián de Churruca, que murió en el combate de Trafalgar en 21 de octubre de 1805". Madril, 1806
  11. Marliani, Manuel. "Combate de Trafalgar. Vindicación de la Armada Española". Madril, 1850
  12. Madrilgo Pradoko museoaren webgunea ikusgai
  13. Ferrer de Couto, José: "Combate naval de Trafalgar". Imprenta de D. Wenceslao Ayguals de Izco. Madril, 1851.
  14. Cervera y Jácome, Juan. "El Panteón de Marinos Ilustres". Espainiako Marina Ministerioa. Madril. 1926

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Cosme Damian Txurruka Aldatu lotura Wikidatan