Curriculum (hezkuntza)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Curriculum hitza latinetik munduko hainbat hizkuntzetara hedatu den hitza da, pluralean: curricula.

Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da. Hezkuntza-proiektua dela kontuan hartuz, curriculuma hezkuntzaren antolaketaren funtsa da eta, beraz, kontzeptu konplexua da, besteak beste, gizartearekiko loturak, pedagogia-sistemaren ezaugarriak eta hezkuntzaren praktika eta bilakaera bera islatzen dituena. Batzuen iritziz, curriculuma hezkuntza-prozesua guztiz zehaztu egiten duen agiria da (zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu); beste batzuen iritziz eta modu orokorrago batez, curriculuma eskolak eskaintzen dituen ikaskuntza-esperientzia guztien multzoa da, agiri batean zehaztuta ez badaude ere, curriculum ezkutu bat osatuz [1].

Curriculum motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Curriculuma irekia edo itxia izan daiteke. Curriculum irekiak helburu orokorrak bakarrik planteatzen ditu eta ikaskuntzaren uniformetasunari uko eginez, hezkuntza-egoera bakoitzean egokitzen da, ikasketa-prozesuaren emaitzei begiratuz batik bat eta ebaluazio jarraitu bati jarraiki. Curriculum itxiak, berriz, aurrez ezarritako helburu, eduki eta bitartekoak biltzen ditu, modu homogeneo batez eta programa zehatz eta aldaezin bati jarraiki.

Curriculumaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1576ko irakasgaien zerrenda. Leidengo Unibertsitatea.

Antzinako Grezian eta Erroman aurki daitezke curriculum kontzeptuaren lehenengo aztarnak. Esaterako, pitagorikoek gizon heziak aritmetika, astronomia, geometria eta musika ikasi behar zituela ezarri zuten. Lau arlo hauek Erdi Aroko unibertsitateetan quadrivium izenekoa osatu zuten, gramatika, dialektika eta erretorika osatzen zuten trivium delakoaren ondoren. 1633 urtean, curriculum hitza Glasgowko unibertsitatean aipatzen bada ere, 1918an hartuko zuen curriculum hitzak bere protagonismoa, Franklin Bobbit The curriculum liburua argitaratzean. Egile honek industria eta hezkuntza parekatu egin zituen, hezkuntza ere moldeztaketa zela aipatuz eta horretarako curriculumaren eraginkortasuna proposatuz. Ildo horretatik, hezkuntzaren ikuspegi produktibista defendatu zuen:

« Subjektiboak besterik ez diren emaitzak, adimen aberastua, erantzun azkarrak, sentikortasun finak, diziplina eta kultura ikusten dituzten horientzat hezkuntzaren helburua bizitzeko trebetasuna, produzitzeko trebetasuna baino ez da (...) Beste alde batetik, hezkuntza, lehenik eta behin eta kontzienteki, mundu praktiko batean ekintza praktiko eraginkorraren alde jardutea dela defendatzen duten horiek daude (...) eraginkortasunaren eta ekonomiaren garaian baliorik ez duena baztertu egingo da (...) »

—Franklin Bobbit[oh 1]


1949 urtean Ralph W. Tyler hezitzaileak Basic Principle of Curriculum and Instruction liburua idatzi zuen, curriculumaren zientifikotasuna nabarmendu eta bera diseinatzeko tresna teknikoak erabili behar zirela defendatu zuen.

« Ikasleak garatu behar duen portaera eta portaera hori aplikatu beharreko bizitza-arloa adieraziko dira (curriculumean) »

—Ralph. W. Tyler


Horrela, eskola bertako ikasleekin batera dena aurreikusi eta planifikatuta eduki behar duen gune moduan defendatu eta irakasleek ere eginkizun horretan jardun behar dute, aldaketarako inongo aukerarik gabe, teknikari soil gisa. Aldi berean, eskolaren kontrol mekanismoak indartzen hasi ziren. Tyler izan zen, bestalde, curriculumaren alde instrumentala, aurrez zehaztutako helburuak lortzeko bitarteko gisa, garatu zuen lehena. Ikuspegi hau jarraitu zuen Hilda Taba pedagogoak 1962an.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The curriculum (1918)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dena den, ez dago curriculumaren definizio finko eta zehatzik. Philip Jackson pedagogoaren hitzetan (Handbook of research on curriculum, 1992):Ez dago betiko iraungo duen curriculumaren definiziorik (...) Zentzugabea da horren bila aritzea (...). Definizio bakoitza bera proposatzen duen pertsonaren edo taldearen mesedetara dago (...) Beti komeni da definizio bata edo bestearen ondorioak zein diren zehaztea.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hezkuntza Artikulu hau hezkuntzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.