Daniel Carleton Gajdusek
Daniel Carleton Gajdusek (Yonkers, New York, 1923 - Tromsø, Norvegia, 2008) Estatu Batuetako sendagile eta biofisikaria izan zen. Rochesterren egin zituen fisikako ikasketak eta Harvarden medikuntzakoak. 1958. urteaz geroztik Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionaleko kide izan zen, besteak beste. 1976an Medikuntzako Nobel saria eman zioten, Baruch Samuel Blumberg zientzialariarekin batera, eritasun kutsakorren sorrerari eta kutsatzeari buruz egindako ikerlanengatik. Ginea Berriko biztanleetan agertzen den eta nerbio-sistema zentralari eragiten dion kuru izeneko eritasun kutsakorrari buruz hark egindako azterketetatik ateratako ondorioei esker, hipotesi berri ugari sortu ziren eritasun neurologiko kronikoei buruz. Era berean, esklerosiari eta Parkinsonen gaixotasunari buruzko ikerketak ere egin zituen Gajdusekek.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.