Daniel Pennac
Daniel Pennac (jaiotza-izena: Daniel Pennacchioni; Casablanca, 1944) frantses idazlea da, jatorriz marokoarra. Literaturaren kritikan eta haur-literaturaren alorrean nabarmendu da, batez ere. Haurrentzako liburu-sail bat idatzi zuen, Kamo pertsonaia protagonista duena: Kamo : L'agence Babel, L'Évasion de Kamo, Kamo et moi eta Kamo : l'idée du siècle. Haurrentzako literaturari dagokionez, aipagarria da, bestalde, L'Œil du loup (1984). Berehalako ospea lortu zuen Au bonheur des ogres (1985) eleberriarekin. Eleberri horretako protagonistak Benjamin Malaussène du izena, eta errudun izatea du lanbide. Malaussène sagako eleberrietan, Malaussène familia handiaren, haien lagunen eta Parisko Belleville auzoko bizilagunen abenturak kontatzen dira, eta surrealismoa eta ustekabea izaten dira nagusi: La Fée Carabine (1987), La Petite Marchande de prose (1989), Monsieur Malaussène (1995), Des chrétiens et des maures (1996), Aux fruits de la passion (1999) eta Monsieur Malaussène au théâtre (1996). Arrakasta handia izan du mundu guztian lan horiekin. Eskola-giroaz ere mintzo da Comme un roman (1992) eta Chagrin d'école (2007) lanetan; lehenak eztabaida sutsua piztu zuen irakurketak eskolan duen garrantziaren inguruan; bigarrenari esker, berriz, Renaudot saria eman zioten 2007an.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.