David Attenborough

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
David Attenborough

Sir David Frederick Attenborough (Isleworth, Londres, 1926ko maiatzaren 8a) britainiar idazlea eta telebistako ekoizle eta aurkezlea da. Richard Attenborough, britainiar zinemagile ezagunaren anaia.

Zoologian eta Geologian lizentziatu zen Cambridgeko Unibertsitatean. 1952an, BBCk era guztietako programak (politikari, erlijioari, balletari, arkeologiari eta abarri buruzkoak) ekoizteko kontratatu zuen. Urte horren amaieran, animaliei buruzko programa bat egin zuen Londresko Parke Zoologikoarekin eta Jack Lester adituarekin elkarlanean. Gero bururatu zitzaien interesgarriagoa izango zela animaliak beren habitatean erakustea, eta, hala, Sierra Leonera (Afrikako mendebaldera) jo zuten.

1954an hasi zen Zoo Quest dokumental-sail famatua: Zoo Quest in Sierra Leone, Zoo Quest to Guyana, Zoo Quest in Paraguay, eta abar. 1960ko hamarkadaren hasieran Antropologia ikasten hasi zen Londresko Unibertsitatean, baina BBCkoek BBC-2 sortu berriaren programa-zuzendari izatea eskaini zioten. Kate berri horretan gutxiengo batentzat egindako kultura-programak eskaini nahi ziren. Oso ezagunak ez ziren billarra bezalako kirolak, ingeles literaturako obra garrantzitsuetan oinarritutako telesailak eta historiari eta izadiari buruzko dokumentalak egitea erabaki zuen. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta BBCk bi kateetarako kontratatu zuen programa-zuzendari gisa, finantza- eta administrazio-kontuetan ere erabateko kontrola zuela. Hala ere, 1972an, postua utzi eta izadiari buruzko programak egitea erabaki zuen. Tribuen arteak liluraturik, 1975ean The Tribal Eye estreinatu zuen, arteak gizarte primitiboetan duen egitekoa azaltzeko saioa. Zenbait urte geroago, izadiaren historiari buruzko sail bat egiteari ekin zion, Life on Earth. Britainia Handian eta Europan 10 milioi ikusle baino gehiago izan zituen astean. Trilogia modura planteatu zuen lan hori, eta beraz, 1984an The Living Planet, eta 1990ean The Trials of Life egin zituen.

Ondoren, 1996an, The Private Life of Plants egin zuen, eta 1998an The Life of Birds. 2002an, The Life of Mammals; 2005ean Life in the Undergrowth; 2008an, Life in Cold Blood; eta 2010ean First Life egin zituen.

Attenboroughek, aurkezle eta kontalari gisa, klixe sentimentalak, erretorika akademikoa eta hiztegi zientifikoa alde bat utzi eta gaiak modu argi eta erakargarrian azaltzen jakin du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
David Attenborough