Dawda Jawara
Dawda Kairaba Jawara (Barajally, Gambia, 1924ko maiatzaren 16a) gambiar politikaria da.
Biografia [aldatu]
Nekazari eta merkatari musulman baten semea da. 1948an, Glasgowra (Eskoziara) joan zen albaitaritza ikastera. 1958an, Gambiako britainiar koloniako albaitari-funtzionario nagusi izendatu zuten, baina bi urte geroago kargua utzi zuen Herriaren Alderdi Aurrerakoia gidatzeko. 1960an, aulki bat lortu zuen Gambiako Parlamentuan, eta Hezkuntza Saileko ministro izendatu zuten. 1963an, lehen ministro bihurtu zen, eta karguari eutsi zion 1965ean Gambiak Commonwealthen barruan independentzia lortu zuenean.
1970ean, errepublika independentea aldarrikatu zuten gambiarrek erreferendum bidez, eta lehendakari hautatu zuten Jawara. 1981ean, kargua uztera behartu nahi izan zuten estatu-kolpea emanez. 1982an, Gambia eta Senegal bildu zituen Senegam konfederazioan, eta bera izan zen lehendakariordea. 1989an, konfederazioa desegin zenean, Gambiako Errepublikaren lehendakari izaten jarraitu zuen, eta 1992an bosgarren agintaldirako hautatu zuten. 1994ko uztailean, Jawararen gobernua eraitsi zuten militarrek, kontrolpean hartu zuten Gambia, eta herrialdetik alde egin behar izan zuen Jawarak.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
