Deba (ibaia)
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: Deba (argipena)
|
|||
|---|---|---|---|
| Kokapena | Gipuzkoa | ||
| Luzera | 58 km | ||
| Arroa | 518 km² | ||
| Emaria | 13,4 m³/s | ||
| Iturburua Koordenatuak |
Leintz-Gatzaga 42°57′43″N 2°33′2″W / 42.96194°N 2.55056°W |
||
| Ibai ahoa Koordenatuak |
Deba, Bizkaiko Golkoa 43°17′57″N 2°21′18″W / 43.29917°N 2.355°W |
||
Deba[1] ibaia Gipuzkoako ibaia da, Leintz-Gatzaga inguruan jaio eta Deban itsasoratzen dena.
Euskal Herriko bostgarren ibaia da luzeraz, 58 kilometro dituelarik. Tamalez, Euskal Herriko ibairik kutsatuenetako bat da gaur egun.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
Antzinean nabigagarria izan zen Altzola (Elgoibar) auzoraino, bertan komertziorako kai garrantzitsua zegoelarik (haren aztarnak badaude gaur egun ere). Kai haren garrantziak zetzan artilearen eta burdinaren garraioan, lehenengoa Gaztelatik Ingalaterrara eta bigarrena Ingalaterratik hona, inguruko burdinoletan banatzen zutelarik. Jarduera hauek ontzi lauetan egiten zituzten, gabarra izenekoetan. Artilea Altzolatik mandoekin eramaten zuten Debaraino, hortik itsasontzietan sartzeko, bertan ere kontrako norabidean burdina garraiatuz.
XVIII. mendean , Argien mendean baitan, Mediterraneoa eta Atlantikoa elkar lotzeko egitasmoa planteatu zuten, Zadorra eta Debaren ibaien bidez hain zuzen ere. Antza denez proiektua ez zuten gauzatu orografia zailak eskatzen zuen dirutzagatik, Gaztela eta Aragoi aldean zati batzuk egin bazituzten ere 1776 eta 1790 artean Frantzisko Xabier Muniberen aginduz.
Itsasadarraren ertzetan bestela itsasontziak eraiki zituzten XX. mendeko hasiera arte. Tradizionalki turismo gunea ere izan zen, Altzolako bainuetxea tartean zegoelarik.
Ibarraren azken zatia haitzarte modukoa da, eta bertan aztarna arkeologiko garrantzitsuak topatu izan dituzte. Bertan Astigarribiako Ander Deunaren eliza dago, XI. mendeko osagai erromanikoak dituena. Astigarribia Debarako bide nagusian zegoen antzinean, derrigorrez igarotzeko lekua, eta zergak kobratzen zizkieten bidaiariei.
Deba ibaia, azkenik, mendebaldean karistiar eta ekialdean barduliarren arteko muga naturala zen. Gaur egun oraindik mendebaleko euskara eta erdialdekoaren artekoa bada.
[aldatu] Ibilbidea eta ibaiadarrak
Debagoienako eta Debabarrenako eskualdeak zeharkatzen ditu, eta hegoaldetik iparraldera Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba udalerriak.
Bere ibaiadar nagusiak ezkerraldean Aramaio, Angiozar, Aranerreka, Ego (Eibar, ibaiadar nagusia) eta Kilimon (Mendaro) dira. Eskuinaldetik bestela Oñati, Urkulu eta Antzuola ibaiak datoz.
[aldatu] Ibaiaren kutsadura
2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Kadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.[2]
Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.
Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Deba ibaian, ondoan industria jarduera handia duten Gipuzkoako beste ibai batzuetan bezala, oso atzeratuta doaz hondakin ur guztiak arazteko lanak.[3][4][5]
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Argazki galeria
-
Sorburuaren inguruneak Dorletan (Leintz).
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Euskaltzaindia: 166. araua: Euskal Herriko ibaiak.
- ↑ Txus Díez: «Seis ríos vascos presentan niveles de contaminación superiores a las exigencias de la Unión Europea», Diario de Noticias de Álava, 2009-02-09.
- ↑ Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2006: ni un ladrillo más».
- ↑ Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2007: metástasis costera».
- ↑ Ekologistak Martxan: «Informe Banderas Negras 2008: hipoteca costera».
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz)(Ingelesez)Deba ibaiaz aldundiaren webgunean