Dekan goi-ordokia
Dekan goi-ordokia (ingelesez: Deccan Plateau; maratieraz: दख्खन) Indiako hegoaldean dagoen goi-ordoki zabala da, Gangesko eta Narmandako ibaien haranen hegoaldean. Bere mugak hiru mendilerroek sortzen dituzte eta zortzi indiar estatuetara hedatzen da. Triangelu itxura du, mendebaldean Mendebaldeko Ghats eta ekialdean Ekialdeko Ghats mendilerroek hegoaldeko erpina sortzen dute. Iparraldeko muga Satpura eta Vindhya mendilerroek sortzen dute. Iparraldean Indiako ibai-ordokiak ditu.
Eskualdeko hiru estatu nagusiak Maharashtra, Karnataka eta Andhra Pradesh dira. Bere altuera iparraldeko 100 metroetatik hegoaldeko 1000 metroetara doa; batez besteko altuera 610 metrokoa da, eta Bengalako Golkorako jaitsiera du.
Dekan prakritozko dakkhin izenatik dator, berez sanskritozko dakṣiṇa- edo दक्षिण ekarrita, eta 'Hegoa' esan nahi duena.
Eskualdeko antzinako izena Dakshinapatha zen, Mahabharatan agertzen dena.
Dekango ibai nagusiek Bengalako golkoan dute ahoa (Godavari, Tungabhadra, Krishna, Mahanadi eta Kaveri), bi izan ezik (Narmada eta Tapi, Arabiako itsasoan ahoa dutenak).
Dekango biztanleak herri askotakoak dira, nagusienak Bhil eta Gond herriak izanda. Bertako biztanleak dravidak dira. Eskualdeko hiri nagusia Hiderabad da. Beste hiri nagusiak Bangalore, Karnatakako hiriburua, eta Maharashtrako Nagpur, Pune, Aurangabad eta Sholapur dira.
Klima tropikala eta uholdetsua. Ekonomia-jarduera kotoiaren, kafearen, arrozaren eta azukre-kanaberaren produkzioan oinarritua da. Musulmanen mende dago XIV. mendeaz geroztik.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.