Delphine Seyrig
Delphine Seyrig —jaiotza-izena: Delphine Claire Beltiane— (Beirut, Libano, 1932 - Paris, Frantzia, 1990) frantses antzerki- eta zinema-antzezlea izan zen.
Biografia [aldatu]
Txikitatik munduko herrialde ugari ezagutzeko aukera izan zuen, bere aita, Henri Seyrig, arkeologo garrantzitsua zenez, etengabe bidaiatzen baitzuten. Azkenean, Parisen jarri ziren bizitzen, baina berak Estatu Batuetara itzultzea erabaki zuen 1956an, eta, New Yorkeko Actor's Studios eskola ezagunean, arte dramatikoko ikasketak egin zituen.
1958an arrakasta handia lortu zuen Broadwayen, Ibsenen Herriaren etsai bat obran egindako lanarengatik. Urte hartan bertan egin zuen bere lehen filma ere. Parisa itzulirik, 1960an Alain Robbe-Grillet idazlearen eta Alain Resnais zuzendariaren Azken urtea Marienbaden film abangoardista arrakastatsuan parte hartu zuen. Ondoren, antzerkian jarraitu zuen, baina 1964an, berriz ere, zinemara itzuli zen, Resnaisen Muriel filmean parte hartzeko; bertan egindako lanarengatik interpretazio-saria eman zioten Veneziako Zinemaldian.
Bere ibilbide profesionalean hogeita hamar film baino gehiago egin zituen. Hona hemen nagusiak: Joseph Loseyren Accident (1967), Luis Buñuelen Le charme discret de la bourgeoisie (1972), Jacques Demyren Peau d´Ane (1970) eta abar.
Antzerkian, berriz, Molièreren Tartuffe eta Ibsenen Hedda Gabler. Bestalde, emakumearen funtzio sozialaren aldeko ekintza askotan parte hartu zuen, Simone Signoret antzezlearekin, Marguerite Duras idazle eta zinema-zuzendariarekin eta Simone de Beauvoir idazlearekin batera.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.