Desamortizazioa Espainian

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Desamortizazioa Espainiako gobernu liberalek, XVIII. mendearen bukaeratik aurrera, herrien eta Elizako instituzioen esku zeuden lur, eraikuntza eta ondasun hilak merkatu arruntera igarotzeko abiarazi zuten bidea. Neurri horien helburua bitarikoa zen: Espainiako estatuan Elizaren, lurjabe handien eta herrien sail eta eremu handiak esku pribatuetan uztea; eta, irizpide berriek zioten bezala, nekazaritza bizkortzea, alde batetik, eta, Ameriketako eta estatu barneko gerren ondorioz, behea jota zegoen estatuko kutxa diruz hornitzea, bestetik. Oro har, helburu horiek erdizka baizik ez ziren lortu, lurren jabetza eskuz aldatuagatik Espainiako nekazarien egoera ez baitzen askorik aldatu, Estatuak diru-iturri erosoa lortu bazuen ere. Desamortizazioak Hego Euskal Herrian ere eragin handia izan zuen, prozesuak hemen guztiz ezaugarri bereziak izan zituen arren.

XIX. mende osoan zehar hedatu zen desamortizazio-prozesuak bi garai nagusi ezagutu zituen Espainiako estatuan. Lehena, 1837an Mendizabal (jaiotzez, Juan Alvarez Mendez, Mendizabal deitua) ministro liberalak elizaren ondasunak besteren eskuetara igarotzeko eman zuen legearen ondotik etorri zen, eta salmentak Lehen Karlistaldia bukatu ostean (1843-1847) egin ziren, batez ere. 1851. urtean Elizaren eta Estatuaren arteko akordioa izenpetu arte egon zen indarrean Mendizabalen dekretu hori. Bigarrena, Pascual Madoz ministro nafarrak 1855ean herrien eta erresumako instituzioen esku zeuden ondasunak esku pribatuetara igarotzeko aldarrikatu zuen legearen ondoren gauzatu zen, eta salmenta gehienak 1860ko hamarkadan egin ziren, 1868ra arte. Bi lege horiek, ordea, Godoy ministroaren 1798ko legea zuten oinarri.

Godoyren desamortizazioak garrantzi handia izan zuen Hego Euskal Herrian, era apalagoan ezarri zen arren. Herri askotako eliz ondasunak, parrokia bakoitzaren mendean zeudenak batez ere, esku pribatuetara igaro ziren 1798-1799an. Mendizabalen desamortizazioa garrantzitsua izan arren, modu guztiz desberdinean gauzatu zen Hego Euskal Herrian, karlisten eta liberalen arteko gerra zela medio. 1837an abiarazi zen prozesu hark erlijio-ordenen ondasunak zituen batez ere helburu, eta foruzale euskaldunak haren aurka altxatu ziren, elizaren jabetza ez ezik herri-ondasunak ere arriskuan ikusi zituztelako. XIX. mendera arte, Erregimen Zaharrean, udalek ezin zituzten beren lurrak eta ondasunak saldu edo eskuz aldatu, eta Madozen desamortizazioak sendotu eta gauzatu nahi izan zuen XVIII. mende-bukaeratik aurrera hasitako liberalizazioa. Estatua herri-erakundeen ondasunen jabe egin zen, herri-lurrena izan ezik, eta salmenta guztien % 20 jaso zuen; gainerakoa udalarentzat gelditu zen. Saldu ez ziren ondasunak beretzat gorde zituen Estatuak. Desamortizazioak, Erregimen Zaharreko jabetza-moldeak astintzeaz gainera, kinka larrian utzi zituen Euskal Herriko foruak. Ordura arte zerga eta errenta txikiak ordainduz herri-lurrak erabiltzen zituzten laborariek ez zituzten neurri haiek onartu, eta hori izan zen, besteak beste, nekazari euskaldun gehienak liberalen aurka altxatzeko arrazoietako bat. Bestalde, nekazaritza-mundura halako aurrerapenik ez ekartzeaz gainera, desamortizazioak burgesia berri baten hazkundea bideratu zuen: ondasun haien erosle asko eta asko lanbide liberaletan ziharduten pertsonak izan ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]