Desestazionalizazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hiru hilabeteko denbora serie bateko balioak (urdinez) eta balio desestazionalizatuak (berdez)

Denbora serieen azterketan, desestazionalizazioa denbora serie bateko osagai estazionala baztertzeko prozedura estatistikoari deritzo. Joera eta ziklo osagaiak ez bezala, osagai estazionalak gorabehera berdintsuak azaleratzen ditu sasoi bakoitzean. Horrela, denbora serie bateko balio jakin bati osagaia estazionalagatik dagokion aldizkako aldaketa ezabatzen zaionean, balioa desestazionalizatu egin dela esaten da. Desestazionalizazioari esker, sasoi ezberdinetako balioak erka daitezke, sasoiaren efektua bazterturik geratzen baita.

Desestazionalizazioa burutzeko hainbat prozedura dago. Modelo batzuen arabera, osagai estazionala era batukor eta biderkakor batean gehitzen den hartu behar da kontuan. Osagai estazionalak era batukor batean gehitzen badu gainerako osagaien balioa, desestazionalizazioa osagai estazionalari dagokion gehikuntza kenduz egin beharko da. Osagai estazionalak gainerako osagaien balioa biderkatu egiten badu, desestazionalizazioa osagai estazionalari dagokion gehikuntzaz zatituz egin beharko da. Prozedura konplexuagoak badaude, denbora serieen azterketan maiz erabiltzen den X-12-ARIMA prozedura esaterako.

Desestazionalizazioak aplikazio zabalak ditu ekonomia arloan. Esaterako, hilabete ezberdinetako langabetu kopuruen igoerak eraktu nahi direnean, behar beharrezkoa hilabete horiei dagokien osagai estazionala kontuan hartzea. Adibidez, ez dira berdinak ekainean 20 000 langabetu gehiago izatea, hilabete horretan berez 10 000 langabetu gutxiago izaten delarik, eta irailean 20 000 langabetu gehiago izatea, hilabete horretan berez 30 000 langabetu gehiago izaten delarik.

Desestazionalizioa burutzeko beste prozedura bat azken sasoietako balioak gehitzea da, sasoi bakoitzeko gorabehera konpentsatu egingo baitira horrela bata bestearekin. Adibidez, hilabete ezberdinetako inflazioaren ehuneko igoerek izan ohi dituzten gorabeherak baztertzeko, azken 12 hilabeteetako inflazio ehuneko igoeren batuketa egiten da. Horrela ordea urteko inflazioaren joera zein den azter daiteke bakarrik, hilabete jakin bateko inflazio igoera handia edo txikia izan den, eskuarki izaten duen mailarekin erkatuz, jakin gabe.

Batez besteko higikorrak kalkulatuz, adibidez urtez urteko hiru hilabeteko datuetarako 4 tamainako batez besteko higikorrak kalkulatuz ere (4 hiruhileko baitaude urtebetean) desestazionalizatu edo ezabatzen da osagai estazionala, baina horrela interesgarria izan daitekeen hondar osagaia ere ezabatzen dela hartu behar kontuan.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]