Destruktore

Wikipedia, Entziklopedia askea
USS Winston S. Churchill destruktorea
Strogiy. Errusiar Kashin klaseko destruktorea.

Itsasontziaren terminologian, destruktorea, flota handiagoak, konboiak edo bataila-taldeei eskolta emateko eta etsai txikiagoen aurka (jatorriz torpedo-ontziak, ondoren itsaspekoak eta aireontziak) babesteko gerraontzi azkarra eta maniobragarria da.

Bigarren Mundu Gerraren aurretik, destruktoreak ontzi arinak ziren, itsasoko operazioetarako gaitasun gutxirekin; normala zen suntsitzaile-taldeak eta ama-ontzi batek elkarrekin lan egitea. Gerraren ostean, batez ere, handiagoak eta potentzia gehiagorekin egin zituzten, bakarrik funtzionatu ahal izateko.

XXI. mendearen hasieran, destruktoreak azaleko borrokarako ontzi handienak izan ziren, bi naziok soilik erabiltzen zituzten gurutzaontziak (Estatu Batuak eta Errusia) eta korazatu [1] edo benetako gerrarako gudaontzi bat ere ez.[2] Destruktore modernoak, Bigarren Mundu Gerraren gurutzaontziarekin partekatuz, pisu berekoak dira eta misil nuklearrak garraiatzeko gai dira.

Hasierako historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1860ko hamarkadan, Lehen Mundu Gerra baino lehen, agertutako torpedo autopropultsatuarekin erlazionatuta dago destruktorearen agerpena eta garapena. Momentu horretan armada bat, torpedoak jaurtitzen zituzten lurrunontziak erabiliz, flota handiago bat erabat suntsitzeko gai zen. Itsasontzi azkarren serie bat torpedoekin armatu zen eta klase horretako ontziak torpedo-ontziak izendatu zituzten. 1880ko hamarkadan, 50-100 tona arteko itsasontzi azkar eta txikiago bilakatu ziren, etsaien artilleria ekiditeko.

Hasieran, arriskutsutzat jotzen ziren flota batentzako, baldin eta flota ainguratuta bazegoen. Baina abiadura eta torpedoen helmena garatu zirenean, arrisku-ingurua handitu egin zen. Horregatik, itsasontzi azkarrak garatzen hasi ziren, torpedo-ontziak harrapatzeko eta suntsitzeko. Abiadura handian nabigatzeaz gain, autonomia handia eta nabigazio ozeanikoa egiteko kapazitatea eduki behar zuten, babesten zituzten gurutzaontziekin eta korazatuekin bidai luzeak egin behar baitzituzten.

Destruktoreak ainguralekuen babesle bilakatu zirenean, ikusi zen torpedo-ontzien buruzagiak izan zitezkeela. Hortik aurrera, Lehen Mundu Gerra arte, beraien funtsezko zeregina torpedo-ontzien flotak babestea eta etsai korazatuen aurka torpedoak jaurtitzea zen.


1884an aurrerapen handi bat ailegatu zen HMS Swift[3] itsasontziarekin. Torpedo-ontzi handi bat zen, 47 mm-ko tiro azkarreko sei kanoiekin, eta torpedoak jaurtitzeko hiru hodiz hornituta. Nahiz eta torpedo-ontziak harrapatzeko azkarregiak ez izan, beraien aurka borrokatzeko armamentu nahikoa zeukaten. Urte hartan, Manuel de la Pezuela y Lobo almiranteordeak Fernando Villaamil ontzi-tenienteari, ekintza-eremu handiagoa zeukan itsasontzi bat diseinatzea eskatu zion, espainiar armadarentzako [4]. 1885ean Clydebank-eko James and George Thompson ontziolari enkargatu zitzaion proiektua, Destructor izenarekin. Kontratorpedo-ontzi bezala katalogatu zen.

Japoniar Itsas Armada Inperialaren Kotaka itsasontzia (1887)

Destructor itsasontzia itsasora bota zen 1886ean eta 1887an zerbitzuan hasi zen. Ontziaren desplazamendua 380 t-koa zen eta 90 mm-ko González-Hontoria kanoi batekin, 57 mm-ko Nordenfelt lau kanoiekin, 37 mm-ko Hotchkiss 2 kanoiekin eta Schwarzkopf torpedoak jaurtitzeko hiru hodirekin ekipatuta zegoen. Bere tripulazioa 60 gizonek osatzen zuten. Ontziaren diseinu espezifikazioek, armamentu terminoen arabera, torpedo-ontziak harrapatzea eta nabigazio ozeanikoa ahalbidetzen zituzten, abiadura (22,5 korapilo) eta dimentsioak kontuan izanda. Destructor itsasontzia torpedo-ontziak suntsitzeko lehenengo ontzitzat hartzen da eta geroago Royal Navy-ak egin zituen destruktoreen kontzeptuan eta diseinuan eragin handia izan zuen.[5] [6][7][8]

1885ean Kotaka izeneko destruktorea diseinatzen hasi ziren Yarrow shipyards ontzioletan, Londonen.[9] 1887an Japoniara garraiatu eta han uretara bota zuten. Itsasontzia 37 mm-ko lau kanoi azkarrekin eta torpedoak jaurtitzeko sei hodirekin ekipatuta zegoen. Bere nabigazio-abiadura 19 korapilokoa zen (35 km/h) eta bere desplazamendua 203 t-koa. Yarrow Shipyards ontziolek diote Japoniarrek asmatu zutela destruktorea, eta itsasontzi mota horren garapenen kontzeptuak beraien merituak direla.[10]

Espainiako destruktorea Sao Vicente irlan. (1898ko apirilean)

Destruktoreen lehenengo klasea Bretainia Handian eraikitzen hasi zen. Klase hau 17 torpedo-ontzi ehiztarik osatzen zuten eta seriean eraiki ziren lehenengo destruktoreen aitzindari bilakatu ziren.

"Torpedo Boat Destroyer" (TBD) izendapena lortu zuten Royal Navy-ren lehenengo ontziek Daring klaseko bi eta Havock klaseko beste bi izan ziren. HMS Daring eta HMS Decoy 1892ko ekainaren 27an enkargatu zizkieten, John I. Thornycroft & Company ontziolari; HMS Havock eta HMS Hornet bost egun geroago enkargatu zizkieten, aldiz, Yarrow ontziolari. Guztiak uretaratu ziren 1893-94 urteetan zehar. Horietako bakoitza 76 mm-ko kanoi batekin, 57 mm-ko hiru kanoirekin eta torpedoak jaurtitzeko 460 mm-ko hiru hodirekin ekipatuta zeuden. Beraien autonomiak eta abiadurak borroka-flota batekin desplazatzea ahalbidetzen zuten.


Armada frantsesak bere lehen destruktorea 1898an eraiki zuen. Ameriketako Estatu Batuek bere lehengo destruktorea, USS Bainbridge, 1902an izendatu zuten eta 1906an 16 destruktore zeuden US Navy-ren zerbitzuetara.

Lehen Mundu Gerraren aurreko periodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Draug klaseko destruktorea. Troll izenekoa (1910).

XX. mendean destruktoreen diseinua asko aldatu zen hainbat aspektuetan. Lehenengoa, lurrun-turbinen sarrera izan zen. 1897ko ontzi-aldizkarian Turbinia izeneko lurrun-turbinez propultsatutako itsasontzi baten erakustaldi bat argitaratu zen. Ondorioz, Royal Navy-ak lurrun-turbinez propultsatutako destruktore bat diseinatzea agindu zuen. 1899an proiektu honen bidez bi itsasontzi eraiki ziren, HMS Viper ontzia eta HMS Cobra. Ontzi horiek lurrun-turbinez ekipatutako lehenengo gerraontziak izan ziren, eta Viper itsasontzia 36 korapiloko abiadurara heltzen zen. 1910ean itsas armada guztiek lurrun-turbinak erabiltzen zituzten beraien itsasontzi azkarrenetan. Bigarren garapena, dortoka-oskola itxura zeukan brankako bizkarra ordezkatzea izan zen, brankako gaztelu garai batez. Horrek, itsasontziak itsasoan portaera hobea izatea eragiten zuen.

Britainiarrek fuel olio bidezko propultsioarekin probatu zuten 1905ean, baina geroago ikatz-galdaretara bueltatu zuten denboraldi baterako. Estatu Batuetako armadak ere egin zuen proba fuel olioarekin.

Nahiz eta destruktore mota asko egon, guztiek patroi berbera hartu zuten. Kroskoa luzea eta estua zen, sakonera gutxikoa. Branka, brankako gaztelu baten gainean zegoen, oskola itxura zeukan estalki batekin babestuta, eta horren barruan tripulazioaren ostatuak zeuden. Tripulazio-eremuaren ondoren makina-gela zegoen. Kubierta nagusia tiro azkarreko kanoiez eta torpedoak jaurtitzeko hodiekin ekipatzen zen.

1890etik 1914ra destruktoreak asko handitu ziren. Hasierako ontziak 300 t-koak ziren eta Lehen Mundu Gerra hasi aurretik 1000 t-ko ontzi batzuk eraiki ziren. Nahiz eta ontzien tamaina handitu, guztietan ahalik eta motor handienak sartzea saiatzen zen, ondorioz, estrukturak ahulegiak ziren. Kasu batzuetan, kroskoa soilik 3,17 mm-koa zen.


Alemaniak torpedo-ontziak eraikitzen jarraitu zuen Lehen Mundu Gerraren amaiera arte, nahiz eta destruktoreekin asko ez bereizi bere torpedo-ontziak.

Bizitza lehen destruktoreetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo suntsitzaileak, leku deserosoak eta bizi-kalitate oso txikikoak ziren. Havock klaseko ontzietan, tripulatzaile batek ezin zuen gainerakoak asaldatzea saihestu, eta ofizialek oheen ordez aulki kuxinetan lo egiten zuten. Lehenengo destruktore klasea, lehen mailako ofizialentzako kabina bereiziekin eta kapitainarentzako berogailuarekin, 1902ko River klasea izan zen.

Lehenengo destruktoreak. Taktikak eta lehenengo liskarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Destruktoreen lehenengo asmoa ontzi handiak torpedo-ontzien aurka babestea zen, baina bere abiadurari esker azkenean asmo askotarako ontzi bilakatu ziren. Sir Baldwin Walker almiranteordeak ondorengo zereginak ezarri zituen Royal Navy-ko destruktoreentzat:[11]

  • Flotaren aurreratzea defendatzea torpedo-ontzien aurka.
  • Kostalde etsaiak esploratzea, flotarako bide seguruak aurkitzeko.
  • Etsai-portuak bilatzea, torpedo-ontziekin presioa egiteko.
  • Etsai-flotak erasotzea.

Destruktoreen lehenengo garaipen inportantea borrokan, Port Arthur batailan gertatu zen, Errusia-Japonia Gerraren hasieran, 1904an. Bertan, Japoniako hiru destruktoreek errusiar itsasontziak, portuan zeuden bitartean, eraso zituzten. Ondorioz, bi korazatu errusiarrak nahiko suntsituta geratu ziren.


Lehen Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerran destruktoreek eraso eta patruila akzio asko egin zituzten. Itsasoko gerraren lehenengo tiroa HMS Lance destruktoreak egin zuen, 1915eko abuztuaren 5ean, Königin Luise izeneko minatzailearen aurka. Britainiarren lehenengo baja HMS Amphion izeneko gurutzaontzi arina izan zen, Königin Luise ontziak jarritako mina bat harrapatzean.

Gallipoliko guduan eta Heligoland-eko badiako guduan eginkizun inportanteak egin zituzten, hala nola, tropak garraiatzea, esploratzea eta beste itsasontziak laguntzea. Jutlandiako guduan britainiar 80 destruktorek eta Alemaniako 60 torpedo-ontzik parte hartu zuten.

U.S. Navy-ko Paulding klaseko destruktorea. USS Beale (DD-40) Key West portuan, Florida (AEB).

Gerra hasierak, destruktoreentzako etsai arriskutsu berri bat ekarri zuen; Itsaspekoa edo U-Boot. Itsaspekoak ur azpian kamuflatu ahal ziren eta bertatik torpedoak jaurti, beraz, abantaila handiak zeuzkaten. Aldiz, hasierako destruktoreek aukera zeukaten soilik, itsaspekoa murgildu aurretik suntsitzeko edo abordatzeko. Halaber, itsaspekoentzako, destruktoreak torpedoen bidez suntsitzea zaila egiten zitzaien, azkenekoek zingo txikia zutelako.

Itsaspekoak erasotzeko beharrak destruktoreen garapena ekarri zuen. Denbora gutxitan, branka indartuekin, ur-azpiko kargekin eta itsaspekoak bilatzeko hidrofonoekin ekipatu zituzten. Alemaniar itsaspeko baten lehenengo baja U-19 izenekoarena izan zen, 1914ko urriaren 29an, HMS Badger izeneko destruktoreak eraso zionean. Hilabete bat geroago, HMS Garry ontziak U-18 itsaspekoa hondoratu zuen. Ur-azpiko kargen bidezko lehenengo hondoratzea 1916ko abenduaren 4an izan zen, HMS Llewellyn ontziak UC-19[12] itsaspekoa hondoratu zuenean.


Itsaspekoen mehatxuak zirela eta, aliatuen destruktoreen parte handi bat ia gerra osoan zehar itsaspekoen aurkako patruila-lanak egiten egon zen. Honako lanak nahiko arriskutsuak ziren, izan ere, gerran galdutako britainiar 67 destruktoreetatik, 18 talken ondorioz izan ziren eta beste 12 hondoratu egin ziren.

Gerraren amaieran, garapen teknologiko handienak zituzten destruktoreak britaniar W-klasekoak ziren.

Gerrarte periodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kersaint (Vauquelin klaseko destruktorea) 1934-1936

1920ko hamarkadan eraikitako destruktoreen estandarra 'V' eta 'W' klasekoa izan zen.

Hurrengo garapen inportantea 1923an diseinatutako Fubuki klaseko destruktoreetan eman zen. Destruktore berriak kanoi antiaereoekin eta helmen handiko torpedoekin ekipatu zituzten. Hurrengo klasekoak, hau da, Hatsuharu klasekoak, bere armamentua gainegituraren alboan gordetzen zuten, kanoiak eta torpedo hodiak gehienez 15 minutuan kargatzeko.

Beste nazio batzuek antzeko ontziak eraiki zituzten. Estatu Batuek Porter izeneko klasea atera zuten, geroago Mahan eta, azkenik, 1931an, Gridley klasea. Azken klase honetako destruktoreetan, torpedoak jaurtitzeko hodien kopurua handitu zuten, 12tik 16ra.

Italiar itsas armadak, Condottieri klaseko gurutzaontzi arinak eraikitzen hasi zen, eta horrek frantsesek ohiz kanpoko destruktoreen Chacal klasea diseinatzea eragin zuen. Klase horretako destruktoreak 2000 t-ko desplazamenduetara heltzen ziren. 1930 aldera antzeko hiru klase egin zituzten.

Fubuki klaseko destruktorea. Fubuki.

Hitlerren berrarmatze prozesua zela eta, Alemania destruktoreak eraikitzen hasi zen 1930ko hamarkadan. Alemaniarrek destruktore handiak nahiago zituzten, baina hasieran, nahiz eta ontzi handiak eraiki, ontzi txikien kanoiekin ekipatzen zituzten. Honen adibidea Tipo 1934 klaseko ontziak dira; izan ere, 3000 tonako destruktoreak ziren, baina 137mm-ko kanoiekin ekipatuta. Hau aldatu zen hurrengo klasea diseinatu zenean, Tipo 1936 klasea. Alemaniar destruktoreek presio altuko lurrun makineria erabiltzen zuten, bere eraginkortasuna hobetzeko, baina honek arazo mekanikoak ere bazekartzan.

Alemaniarrek eta Japoniarrek berrarmatze-prozesua amaitu zutenean, britainiarrak eta estatubatuarrak destruktore arinak eraikitzen hasi ziren. Britainiarrek, 1400 tonetako desplazamenduarekin, torpedoak jaurtitzeko 8 hodiekin eta 120 mm-ko lau kanoiez ekipatutako itsasontziak eraiki zituzten (A klasetik, I klasera). Estatu Batuen Benson klaseko destruktoreek, desplazamendu antzekoarekin, 127 mm-ko bost kanoiekin eta torpedoak jaurtitzeko hamar hodiekin ekipatuta zeuden. 1936an britaniarrak Tribal klasea produzitzen hasi ziren. Geroago J klasea eta L klasea eraiki zituzten.

Itsaspekoen aurkako sentsoreen artean sonarra zegoen. Itsaspekoen aurkako armak gutxi aldatu ziren garai hartan.

Gerrarte periodoaren operazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920ko eta 1930eko hamarkadetan, destruktoreak, eginkizun diplomatikoetan edo hondamendi humanitarioak agertzen zirenean erabiltzen ziren. Britainiar edo estatubatuar destruktoreak kostatik gertu eta Txinako ibaietan ikustea erreza zen, bere interes kolonialak bermatzen.

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USS Slater (1944)

Bigarren Mundu Gerra hastean, mehatxuak berriro garatzen hasi ziren. Itsaspekoak eraginkorragoak ziren eta hegazkinek ontzien aurkako armamentu gehiago zeramaten. Berriz ere, destruktoreak beraien etsaien aurka borrokatzeko txarto ekipatuta zeuden, eta beraz, hegazkinen aurkako armamentua gehitzen hasi ziren. Adibidez, radarra eta ASW armamentua. Destruktoreen bajak zirela eta, itsaspekoen aurkako borrokan espezializatuak zeuden ontzi mota berriak agertu ziren, esate baterako korbetak, bailandrak, fragatak eta eskolta-destruktoreak. Japonian, antzeko programa bat hasi zen, lehenengo destruktoreen desplazamendua zeukaten destruktoreak eginez (ikusi Matsu klasea).

Gerraostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ORP Blyskawica Poloniako Armadaren itsasontzia. Museo itsasontzi bilakatuta.

1940ko hamarkadaren amaieran eta 1950eko hamarkadan, hainbat destruktore egin ziren Bigarren Mundu Gerrako esperientziak kontuan hartuta. Ontzi hauek hasierako destruktoreak baino handiagoak ziren eta guztiz automatizatutako kanoiekin, radarrekin, sonarrekin eta itsaspekoen aurkako Squid mortero berriarekin ekipatuak. Hauen artean, 1949ko Daring britaniar klasea, Forrest Sherman estatubatuarra eta Kotlin sobietar klasea.

Bigarren Mundu Gerrako hainbat ontzi modernizatu ziren, itsaspekoen aurkako borrokarako, oso garestiak ziren itsasontzi berriak eraikitzea ekiditeko.

Lurretik-airerako eta lurretik-lurrerako misilen agerpenak, 1960ko hamarkada hasieran, itsas gerra aldatu zuen. Gidatutako misil-jaurtigailuak zeuzkaten destruktoreak eraiki ziren, itsas armaden flotak, itsaspekoen, beste ontzien eta hegazkinen aurrean babesteko. Besteak beste, sobietar Kashin-class klasea, britaniar County klasea eta estatubatuar Charles F. Adams klasea, 4000 eta 6000 tona arteko desplazamenduekin.

Destruktore modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako Armadan, suntsitzaileek, hegazkin eramaileak, gainazaleko ekintza taldeak, talde anfibioak eta horniketa-taldeak babesten dituzte. AEBko armadak gaur egun erabiltzen dituen suntsitzaileak Arleigh Burke klasekoak dira.

Gurutzaldi-misilen agerpenak suntsitzaileen papera hedatu egin du, lurrean laguntzeko zereginak gehituz. Gerraontzi handien kostuaren igoera dela eta, suntsitzaileek hazten jarraitu behar izan dute. Adibide gisa, Arleigh Burke klaseko destruktore modernoek, Bigarren Mundu Gerraren gurutzaontzi harin baten desplazamendu berdina daukate.

Gaur egun, Royal Navy-k, Type 45 (Daring Class) motako bost ontzirekin funtzionatzen du, 7200 t-ko desplazamendua dutenak. Principal Anti Air Missile System (PAAMS) britainiar bariantearekin eta BAE Systems-ko SAMPSON radarrekin hornituta. Ontziak Scotstoun-en muntatzen ari dira. HMS Daring ontzia , bere klaseko lehenengoa, 2003ko uztailaren 23an zerbitzuan jarri zen.[13]

Type 055 klaseko destruktorea. 2014an itsarotatu zen klase honetako lehenengo ontzia.

Espainiako armadak, nahiz eta suntsitzaileak erabiltzeko tradizio luzea izan, gaur egun ez dauka izendapen hori duten ontzirik, seguruenik iritzi publikoaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, Álvaro de Bazan klaseko fragatek, 6.000 tona inguruko desplazamendua dituztenak, destruktore baten botere baliokidea daukate eta suntsitzaileak bezala kontsideratzen dira OTAN[14][15] egiten diren maniobretan eta guda eszenatokietan, beraien botere erasotzailearengatik eta erreakzionatzeko ahalmenarengatik.[16] Australiar Armada Errealaren Hobart klasea, klase honetako bosgarren ontzian, Cristóbal Colón izenekoa, oinarritutako hiru itsasontzi ditu. Hobart klasea, Álvaro de Bazan klasearen antzekoa eta ontziola berdinetan eginda, bere armadarengatik destruktore bezala katalogatuta dago.

Italiako Armada Militarrak, gaur egun, Durand de la Penne klaseko bi unitate ditu eta Class Horizon-eko beste bi. Frantziako Armadak ere, klase horretako bi ontzi ditu.

Kanadako Itsas Armadak, gaur egun, lau Iroquois klaseko ontzi ditu, 1970eko hamarkadan itsasoratuak. Iroquois ontziak, Kanadiar armadaren gas-turbinen bidez propultsatutako lehenengo ontziak izan ziren. Gurutzaldi-abiadurarako bi turbina eta beste bi abiadura handiagorako (COGOG) zituzten, 29 korapiloko abiadurara heltzeko (54 km/h) eta lau helikoptero garraiatzeko gaitasuna ematen zutenak. Aurretik, Sobietar armadak gas propultsioa erabili zuen, 1960ko hamarkadan, Kashin klaseko suntsitzaileekin. Iroquois klasearen diseinua, Estatu Batuetako Armadak geroago diseinatu zuen Spruance klasea inspiratu zuen. Itsaspekoen aurkako borrokarako prestatuak izan ziren, baina 1990eko TRUMP programarekin, klasea modernizatu zen. Modernizazio horrek hegazkinen aurkako defentsarako destruktoreetan bihurtu zituen.

Indiako Armadak, Delhi klaseko hiru suntsitzaile ditu, 130 km-ko distantziara ailegatzen diren Kh-35 misilekin hornituak. Misil hauek, Brahmos izeneko gurutzaldi-misilez aldatuko dira.

Errusiar Armadak eta Txinako Herri Errepublikarrak, Sovremenny klaseko destruktoreak erabiltzen dituzte, misil suntsitzaileak dituzten ontzi handiak. Bestetik, 30 korapiloko abiadura gainditzea ahalbidetzen dituzten presio altuko galdarez hornituta daude. Ontzien aurkako zortzi Sunburn SS-N-22 misil ditu, hegazkinen aurkako SA-N-7 Gadfly misil jaurtitzaileak eta bi 130mm-ko AK-130 ditu, laser bidez gidatutako misila jaurti dezaketenak. Horrez gain, 533 mm-ko torpedoak jaurtitzeko hodiak eta RBU-6000 suziriak jaurtitzeko makinaria daukate, itsaspekoen aurka erabiltzeko. Bere eginkizun printzipala, itsas azaleko ontzien aurka borrokatzea da.

Destruktorearen etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Hotzaren amaieran, borroka-itsasontzien belaunaldi berri bat eraikitzen ari zen, misilak garraiatzeko eta etsaien ontziak erasotzeko ahalmenarekin. Hauek, diseinuaren hasieratik, misil bertikalen abiarazte sistema berriarekin hornituta zeuden.

Askotariko misil motak garraiatzeko gaitasuna daukate, itsasontziaren bizkarrezurrean ezkutatuak, abiarazte sistema automatikoekin. Gainera, aurkako itsasontzien erasoak atzeman ditzakete, beste gerraontzi batzuetatik abiatuta, kostaldetik eta hegazkinetatik. Berriki, misil sistema berriak probatzen ari dira, irismen ertaineko ICBM misilak antzemateko; Arleigh Burke, Ticonderog, Álvaro de Bazán, Fridtjof Nansen klaseetako itsasontzietan eta Kirov klaseko gurutzaontzian.

Gerraontzien belaunaldi berriak, profil zorrotza, angelu zuzenekin, radar interferentzia sistemekin eta margo bereziekin, radar seinaleak xurgatu ahal izateko, horniturik daude. Armak ontziaren kroskoaren barruan ezkutatuko dira eta misilak forma bertikalean jaurtiko dira.

Zerbitzuan egon zen Spruance klaseko azken destruktorea, USS Cushing, 2005eko irailaren 21ean kargutik kendu zen. Hauek, Zumwalt klaseak ordezkatu zituen; 2001eko azaroaren 1ean, AEBetako Itsas Armadak proposatu zuen etorkizuneko gainazaleko ontziaren programa (Future Surface Combatant Program) berrikustea. Aurretik DD 21 bezala ezagutzen zena, programa DD (X) izendatu zuten, programaren helburua hobeto islatzen zuelako, hau da, gainazalen aurkako borrokan teknologikoki aurreratua den familia edo ontzidi bat sortzea.

DD (X) ak edo Zumwalt klasea deiturikoak, ohiko destruktoreak baino askoz ere handiagoak dira, 12.000 tonako desplazamendukoak, Ticonderoga klaseko gurutzaontziaren 3.125 tona baino gehiago. Potentzialki, arma aurreratuak eta potentzia sistema elektriko integratuak erabiliko dituzte; hala ere, programa bi ontzietara soilik murriztu zen, eta, gaur egun, hiru ontzietarako diru zenbatekoa bakarrik dago. Spruance klasearen erabateko erretiratzearekin, Estatu Batuetako Armadak, Arleigh Burke klasearen aldaera aurreratuak esleitu zituen. 2006an, horietako 22 ontzi zerbitzuan ziren eta beste zazpi eraikuntzan zeuden.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nahiz eta gaur egun korazaturik zerbitzuan ez egon, Estatu Batuetako Armadak Iowa klaseko bi korazatu mantentzen ditu, behar izango balira berraktibatzeko.
  2. Nahiz eta Kirov klasekoak, beraien desplazamenduarengatik, batzuetan gurutzaontziak bezala sailkatuak egon, gehienetan misil-jaurtitzaile gurutzaontzi handiak bezala sailkatuak daude.
  3. Battleships-Cruisers.co.uk (ed.).
  4. Villaamil-en biografia
  5. Lion, 18. horrialdea: 1892ko TBDko J&G Thomson diseinuak, ez da arraroa "Constructor" ontziaren diseinua gogoratzea.
  6. Lion, 66. horrialdea: J&G Thomson ontziolak jadanik transatlantikoak eta gurutzaontziak eraikitzen zegoen, Royal Navy-rako TPDak eraikitzeko eskatu ziotenean eta "Destructor" izeneko torpedo-ontzi on bat eraikita zeukan. Bere lehenengo disenua (Royal Navyrentzako) "Destructor" ontziaren antzeko zen.
  7. Greyhounds estatubatuarren buruzko artikulu batetik: Torpedo-ontziak mehatxu handi bat bezala kontsideratzen zuten eta munduko armada guztiek beraien aurka defenditu behar izan ziren. 1884an Fernando Villaamil kapitainari torpedo-ontzien aurka joateko gerraontzi espezializatu bat diseinatzea eskatu zioten. Diseinua egin zuenenan, J&G Thomson ontziola aukeratu zuen itsasontzia egiteko. 1887ko urtarrilaren 19an Destructor ontzia uretaratu zen eta 24 ordu geroago Espainiar kostaldera ailegatu zen, 18 korapiloko abiaduraz eta ekaitz baten erdian. Bere diseinu berria zela eta, batzuek pentsatzen zuten ez zuela iraungo ezta egun bat ere ez itsasoan, baina handik gutxira duda guztiak ekiditu zituen, bere diseinatzaileari arrazoia ematen.
  8. "Fernando Villamil-en (1845–1898) influentziarekin, Espainia, 1886an torpedo-ontzien lehenengo suntzitzailea eraiki zuen." Kern, Robert & Dodge, Meredith: Historical dictionary of modern Spain, 1700–1988. Greenwood Press, 1990, página 361. ISBN 0-313-25971-2
  9. Evans and Peattie, David C. and Mark R. (1997). Kaigun: Strategy, Tactics, and Technology in the Imperial Japanese Navy, 1887–1941. Annapolis, Maryland: Naval Institute Press. ISBN 0870211927.
  10. Howe, Christopher (1996). The Origins of Japanese Trade Supremacy: Development and Technology in Asia from 1540 to the Pacific War. Chicago, Illinois: University of Chicago Press. ISBN 0226354857.
  11. Brett, Bernard: "History of World Sea Power", Deans International (Londres) 1985. ISBN 0-603-03723-2
  12. U-Boats Destroyed, Paul Kemp (1997), ISBN 1-85409-515-3
  13. Royal Navy, ed. (2009ko uztailaren 23a). «Commissioning Day for the Royal Navy's most powerful ship». 2009ko uztailaren 23an kontsultatuta.
  14. «World Navies Today: Spain» (ingeleses). Originaletik artxibatuta 2002ko martxoaren 24an. 2011ko uztailaren 7an kontsultatuta.
  15. «On Modern Heavy Frigates» (ingeleses). Originaletik artxibatuta 2011ko apirilaren 4an. 2011ko uztailaren 7an kontsultatuta.
  16. «Canada’s Destroyer Replacement» (ingeleses). Originaletik artxibatuta 2010eko martxoaren 20an. 2011ko uztailaren 7an kontsultatuta.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Destroyers, Anthony Preston, Bison Books (Londres) 1977. {{ISBN|0-600-32955-0}}
  • The First Destroyers / David Lyon - Caxton Editions, 1997 - {{ISBN|1-84067-364-8}}
  • Kaigun: Strategy, Tactics, and Technology in the Imperial Japanese Navy, 1887–1941, David C. Evans, Mark R. Peattie. Naval Institute Press, Annapolis, Maryland {{ISBN|0-87021-192-7}}
  • The Origins of Japanese Trade Supremacy: Development and Technology in Asia from 1540 to the Pacific War, Christopher Howe, The University of Chicago Press, {{ISBN|0-226-35485-7}}
  • Conway's All the World's Fighting Ships (1860–1905): Gardiner, Robert (Ed.), Naval Institute Press, 1985.
  • The Atlantic Campaign, Dan van der Vat.
  • DD-963 Spruance-class
  • Navy Designates Next-Generation Zumwalt Destroyer
  • El buque en la armada española, ed. Sílex 1981, pp. 320 eta ondorengoak.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]