Diane Tell

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Diane Tell
Diane Tell 2009an Montparnassen.
Diane Tell 2009an Montparnassen.
Datuak
Jaioterria Quebec Hiria (Flag of Quebec.svg Quebec)
Jaiotza data 1959ko abenduaren 24a
Musika mota Pop, jazz
Tresnak Ahotsa, biolina, gitarra
Urteak 1977-gaur egun
Disketxeak Sony BMG
Webgunea www.dianetell.co

Diane Tell, jaiotza izenez Diane Fortin Pelletier (Quebec Hiria, 1959ko abenduaren 24- ) Quebecen jaiotako kantari, musikari, musikagile, ekoizle eta argazkilaria da. Biarrizko familia ezagun batekoa den Pierre Aroztegirekin ezkondua, Angelun (Lapurdi) bizi da. Gehienbat frantsesez kantatzen du.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak Quebecen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Quebec Hirian jaio zen; Michel Fortin aita mediku quebectarra eta Gloria Pelletier ama irakasle eta teologo estatubatuarra ditu. Bizitzako lehen urteak Quebeceko Abitibi-Témiscamingue eskualdean dagoen Val-d'Or hirian pasatu zituen[1].

Val-d'Orreko kontserbatoriora sei urterekin sartu zen; han eta geroago Montrealgoan Luis Rebellorekin biolina eta gero Marie Prévelekin gitarra klasikoa ikasteari ere ekin zion. Musika ikasketak Montrealgo Saint-Laurent auzoko Cégepen[2] amaitu zuen Sam Baldermanekin harrezkero bere estilo kutuna izango den jazzerako gitarra landu eta gero. Lehen kanta 12 urterekin egin zuen. 1977an bere lehen diskoa grabatu zuen (Ipar Amerikan lau grabatu ditu); bertako kanta guztiak eta beren hitzak berak eginak dira. 1981n musikaren munduko urteko pertsonaia izan zen Quebecen eta herrialde honetan egile eta interprete gisa benetako arrakasta popularra izan den lehen andrazkoa izan da. 1982an Si j'étais un homme kantak dagoeneko arrakasta izan zuen Frantzian.

Europara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983an Parisen plantatu zen bere karrera musikalarekin segitzeko. Bere lehen kolaborazioak egin zituen eta kantak idatzi zituen Boris Bergman, Maryline Desbiolles, Maryse Wolinski edota Françoise Hardyrekin; 1985ean arrakastatsua izan zen Hardyren Faire à nouveau connaissance kantaren hitzak egin zituen 1991n Michel Berger eta Luc Plamondonek La Légende de Jimmy komedia musikalean paper garrantzitsuenetakoa eskaini zioten; James Deanen bizitzari buruzko ikuskizun hau Jérôme Savaryk prestatua da. Komediari izenburua eman zion kantak bere arrakastarik handiena bilakatu zen eta oraindik ere hedabideetan gehien errepikatzen den bere abestia da. Horren ostean beste komedia musikal bat egin zuen, Marilyn Montreuil (hau ere Savaryrena, Tellen musikarekin), 1992an Chailloteko antzoki nazionalean sortua.

1990eko hamarkadaren erdialdean frantsesez eta ingelesezko kantez egindako beste disko bat argitaratu zuen Londresen. Hor Robbie McIntosh Pretenders eta Paul McCartneyk osatutako Wings taldeetako gitarra jotzaile-ohia ezagutu zuen; harrezkero berarekin kolaboratu zuen bai zuzeneko emanaldietan bai grabaketetan.

2001ean BMG diskoetxearekin (gaur egun Sony BMG bihurtua) kontratua sinatu zuen eta bere aurreko lanen berrargitalpenari ekiteaz gain Popeline lan berria grabatu zuen. Lon (Landak, bizitokia duen Ipar Euskal Herritik hurbil) eta Londresen nazioarteko musikaren munduan entzutetsuak diren musikari eta teknikarien laguntza izan zuen.

2008ko urriaren 2tik 2009ko urtarrilaren 4a arte Parisko Théâtre du Gymnase Marie Bell antzokian Je m’voyais déjà komedia musikalean Francesca Laviren rola bete zuen. Zazpi kantariek abestutako kanta guztiak Charles Aznavourren errepertoriotik ateratakoak dira. 2009ko azaroan Docteur Boris & Mister Vian diskoa atera zuen. Laurent de Wilderen lan teknikoaren laguntzaz Boris Vianek frantsesera egokitutako jazzaren maisu handien lan batzuen bertsioak egiten ditu.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1988an Diane Tell Angelun bizi izaten hasi zen[3]. Azken urteetan bere ospea tokiko GKE batzuekin kolaboratzeko erabili du; horretarako hegazkinak gidatzeko 1996an atera zuen baimena baliagarri izan zaio: horren laguntzaz Afrikara laguntza humanitarioa bidaltzeko zenbait bidaia antolatu ditu 1996an sortu eta egun desagertuta dagoen "Zeruko Txalupa" elkartearentzat; talde hau ASI (Action de Solidarité Internationale) GKErekin lotuta zegoen. Adibidez 1998an Zanzibarrera Gabriel Dartaguiette kopiloto eta hegazkin-irakaslearekin egindako bidaia azpimarra daiteke, Air Solidarité izeneko ekimenaren barruan antolatua zen: Liptougoun (Burkina Faso) eskola bateko jantokia eraikitzen ere laguntza bildu zuten[4].

1999an kontzertu akustiko bat egin zuen Bidarraiko elizan Robbie McIntosh (gitarra), Pino Palladino (baxua) eta Paul Beavisen (bateria) laguntzaz[5]; Tout de Diane (2003, BMG) bilduman bere zati bat sartu zuten[6].

2004ko irailaren 24an Pierre Aroztegirekin[7] ezkondu zen; Biarrizko Maison Arostéguy janari-denda ospetsu eta historikoaren -1875ean zabaldu zen- jabea da[8][9]. 2008an Anne Etxegoien donapaleutarrak atera zuen Pachamama diskoan parte hartu zuen[10].

2010eko abuztuan ospatu zen Biarritz Jazz Festivalaren lehen edizioan esku hartu zuen[11]. Euskal Herrian argazkilaritza-trebetasunak ere landu ditu; berarentzat zaletasuna baino gehiago bada ere oraindik ez du arlo honetan lanik argitaratu.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Diane Tell (1977)
  • Transcription (1978)
  • Entre Nous (1979)
  • En Flèche (1980)
  • Chimères (1982)
  • On a besoin d'amour (1984)
  • Faire à nouveau connaissance (1986)
  • Dégriff' moi (1988)
  • La légende de Jimmy (1990, artista askorekin batera)
  • Marilyn Montreuil (1992)
  • Désir Plaisir Soupir (1995)
  • Popeline (2005)
  • Docteur Boris & Mister Vian (2009)
  • Rideaux Ouverts (2011)

Disko bildumak eta berrargitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Paris/Montréal - Ses plus belles chansons (1987, Polygram)
  • Collection Or et Double Collection Or (1992, Sony)
  • Morceaux Choisis (1993, Sony Music)
  • Tout de Diane (2003, BMG)
  • Lehen zazpi diskoak CD formatuan (2003, BMG)
  • Souvent, longtemps, énormément disko bilduma (2007-2009, Sony)
  • Cinéma cinéma (2008)
  • Original Album Classics 5 CDko bilduma (2009, Sony)[12]

Komedia musikalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irratian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Les Louves France Inter irratian; 45 saiotako kontzeptu, ekoizpen eta gidari lanak (2006).

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Diane Tell...le capitaine fait son scène, La Semaine du Pays Basquen, 2010eko abuztuaren 20-26a.
  2. Cégep: Collège d'enseignement général et professionnel.
  3. Biografia Ramdam.com webgunean.
  4. Zeruko Txalupa Tellen webgunean.
  5. Diane par Diane 2002ko autobiografia.
  6. Une biographie,2007.
  7. Frantsestutako grafian Arostéguy.
  8. Arosteguy.com.
  9. La Maison Arostéguy ho ho ho!!!! Tellen webgunean.
  10. Anne Etchegoyen donne offrande à la Pachamama Euskal Herriko Kazeta.
  11. Biarritz Jazz Festivalez.
  12. Diskografia Dianetell.info webgunean.
  13. Félix Leclerc Quebeceko musikagile, idazle eta soberanistaren omenez hala deituak.
  14. Prix Juno edo Juno Awards musika munduan aritzen diren kanadiar estatuko artistei urtero banatzen zaizkien sariak.
  15. Frantses estatuan sortutako ekoizpenei ematen zaizkien sariak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]