Digestio-aparatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Digestio-aparatua
Digestio-bidearen eskema. Irudi gehiago
Xehetasunak
Honen partegizakiaren gorputza
Konponenteakgiza ahoa
Hestegorria
Urdaila
heste meharra
Heste lodia
ondestea
gibela
pankrea
behazun hodia
Ttu guruina
faringea
Identifikadoreak
LatinezSystema digestorium
MeSHA03
TAA05.0.00.000
FMA7152
Terminologia anatomikoa

Digestio-aparatua edo aparatu digestiboa[1] janariaren digestioan, hots, gorputzera sartzen diren elikagaiak organismoaren zelulek bereganatzeko gai bihurtzen dituen prozesuan, parte hartzen duten egitura eta organoen multzoa da.

Bere funtzioak elikagaien garraioa, digestio urinen jariaketa, elikagarrien xurgapena eta hondakin produktuen kanporatzea dira. Digestio prozesua berdina da urdail bakarreko animalia guztietan, hau da, gluzido, lipido eta proteinak unitate sinpleagoetan bihurtzen dira digestio entzimei esker, xurgatu eta odolean beren garraioa posible eginez.

Digestioaren funtzioak

Bi motako funtzioak gauzatzen dira digestioan: mekanikoak eta kimikoak.

  • Digestioaren funtzio mekanikoak:
  • Digestioaren funtzio kimikoak: elikagaiak ehunetara iristeko moduko gai bilakatzea da haien helburua, ura, gatz mineralak eta zenbait azukre baitira, soilik, berez hesteetatik ehunetara iristeko gauza. Gainerantzeko kimika gaiak, digestio entzimen eraginaz prestatzen dira ehunetara igaro ahal izateko

Histologia

Digestio-bidearen hormak lau geruza ditu, barnetik kanporakoan honelaxe sailkatzen direnak:

1) Mukosa: elikagaiekin kontaktuan dagoen geruza da. Bertan xurgapena gertatzen da. Azpigeruza hauek ditu:

  • Epitelioa: hemen xurgapena izaten da.
  • Lamina propioa: ehun konektibozko geruza da.
  • Muscularis mucosae: muskulu leunez osatutako geruza da. Honen uzkurdurari esker tolesdurak agertuko dira mukosan xurgapen azalera handituz.

2) Azpimukosa: ehun konjuntiboz osatuta dago eta bertan odol hodiak, guruinak eta nerbioak kokazen dira. Nerbio sistema enterikoaren azpimukosako edo Meisnerren plexua hemen kokatzen da, eta prozesu lokalak kontrolatzen ditu.

3) Muskularra: muskulu leunez osatutako geruza da. Bi azpigeruza ditu:

  • Zirkularra: barrukoa
  • Luzetarakoa: kanpokoa

Bi azpigeruza hauen artean nerbio sistema enterikoaren 2. plexua kokatzen da, Avermach-en plexu mesenterikoa hain zuzen ere, eta honek peristaltismoa kontrolatzen du.

4) Serosa: kasu batzuetan geruza hau peritoneoa izaten da.

Organoak eta funtzioak

Digestio-aparatuko organoak:
1: Ahoa
4: Mihia
6: Listu-guruinak
7: Mihipekoak
8: Masailezurpekoak
9: Parotidak
10: Faringea
11: Hestegorria
12: Gibela
13: Behazun xixkua
14: Behazun hodia
15: Urdaila
16: Pankrea
17: Pankrea hodia
19: Duodenoa
21: Ileona (Heste meharra)
22: Apendizea
23: Heste lodia
24: Zeharkako kolona
25: Goranzko kolona
26: Heste itsua
27: Beheranzko kolona
29: Ondestea
30: Uzkia

Gizakiaren kasuan, organo nagusiak honakoak dira: ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia.

Ahoa

Ahoa da, agian, digestio organorik bereziena, gainerakoak ez bezalakoa baita bai osaeraz bai funtzionamenduaz. Listu-guruinek litro bat listu egiten dute egunean eta hainbat motatako kitzikadurak (psikikoak, usainak, etab.) eragin dezakete jario hori. Listuak entzima bat du, amilasa, maltosa ematen duen almidoiaren hidrolisia katalizatzen duena. Gainera lisozima, bakterioen aurkako entzima, ere dauka. Aho-barrunbean hortzak eta mingaina daude, eta hartara isurtzen dute listu guruinek.

Organo honetan digestio prozesu mekanikoak eta kimikoak, bietakoak, gertatzen dira.

  • Mastekatzea ahoaren lan mekanikoa da, funtsean hortzek egiten dutena. Janaria, irentsi aurretik, xehatu eta listuarekin nahasi beharra dago. Janariak ongi mastekatuz gero, bai haien irestea eta bai ondoko txegoste kimikoaren prozesuak errazten dira, zatiak zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazago burutuko baitute entzimek dagokien zeregina.
  • Txegostearen prozesu kimikoa ahoan hasten da listuari esker. Hiru listu guruin parek jariatzen dute isurkari hori: mihipekoek, masailezurpekoek eta parotidek. Azkenik, uraren eta muzinaren zeregina nabarmentzekoa da, horien eraginez janaria hezetu eta labaingarritu egiten baita mastekatzerakoan eta, hala, hodian zehar aiseago igaro dadin prestatzen.

Faringea eta hestegorria

Iraganbideko txegoste organoak dira zentzu hertsian, ez baitute digestio prozesurik betetzen. Faringean irestearen fenomeno bizkor eta konplexua gertatzen da. Kontuan hartu beharra dago organo hori benetako bidegurutze bat dela, ahoa, sudurra, hestegorria eta trakea elkartzen baitira bertan. Hala, beraz, iresteko unean elikadura-boloa egokiro bideratu beharra dago ahotik hestegorrirantz. Irestea borondatezko ekintza da; elikagaia, behar bezala mastekatua eta listuztatua, mingainaren zolara iristen da eta horren giharrek atzerantz bultzatzen dute. Haraz gero, iresteko erreflexua eragiten dute: ahosabai bigunak sudurbidea ixten du, eta epiglotisak gauza bera egiten du trakearen sarrerari (glotisa) dagokionez .

Hestegorria da goian deskribatu eredu histologikoari jarraitzen duen digestio-hodiko lehen organoa. Epitelio leun geruztatu gogor batez estalia da, gutxi mastekatu den janariaren marruskadura erasotzaileaz babesten duena. Funtzio mekaniko soila betetzen du, elikadura-boloa arin aurreratzen bideratuz. Paretako giharren mugimendu peristaltikoek eragiten dute aurrera joate hori. Lehen zatian gihar horiek, bitxi bada ere, ildaskatuak dira (faringean bezala).

Urdaila

Urdaila diafragmaren azpian dago, sabelaren ezker aldean. Digestio-hodiaren zabalunea da, poltsa itxurakoa, muturreko kasuetan 5 litro janari ere bil dezakeena. Urdailean ondoko zatiak bereiz daitezke: hondoa, goiko partean; gorputza, organoaren parte gehiena hartzen duena; eta piloro-barrunbea.

Urdailaren paretak ezaugarri bereziak ditu:

Urdailaren paretak digestio mekaniko bizia eragiten du bere giharren mugimendu peristaltikoen bidez. Elikagaiak zanpatzen dira paretako ertzetatik jaisten direnean eta berriro igotzen dira erdialdetik; piloroa itxita edukitzen da, era horretara hesterako bidea galaraziz. Modu horretara janaria oratuz doa, eta horrenbestez mucus eta urin gastrikoarekin nahasten da.

Hala epitelio zelulak, nola muki-mintzako guruin tubularrek, mukia eta urin gastrikoa jariatzeko gauza dira. Guruinetan zehar hainbat zelula mota aurkitzen da: mukiarenak; parietalak (edo oxintikoak), azido klorhidrikoa ematen dutenak; zimogenoak (edo nagusiak), entzimak ematen dituztenak. Azido klorhidrikoak eta entzimek urdaileko txegoste kimikoa eragiten dute. Zelula zimogenoek bi entzima ez aktibo jariatzen dituzte, pepsinogenoa eta prorrenina, gero pepsina eta errenina bihurtuko direnak. HClren eraginez, urdaileko pHa oso apala da (1,5-2). Horrek hainbat ondorio ditu: pesinaren eta erreninaren eraketa; janariarekin sar litezkeen bakterio eta beste parasitoak suntsitzea; kaltzio eta burdinaren xurgaketa laguntzea. Pepsinak proteinen polipeptidoetarako hidrolisia katalizatzen du. Erreninak, berriz, esnea gatzatzen du, kaseinogenoa kaseina disolbaezina bilakatzen duenean.

Mukiak urdaileko paretaren babesle funtzioa du, guztiz beharrezkoa dena organo horren azidotasun handia eta pepsinaren agresibitatea direla eta. Urdaileko digestio honek lau ordu inguru irauten du eta denbora horretan elikadura-boloa arian-arian ahi erdilikido bilakatzen da, kimo izenekoa. Une horretan irekitzen da piloroa Irekitze hori modu erritmikoz gertatzen da, piloro-barrunbearen uzkurduren eraginez, halako bonba baten gisa baitihardu. Era horretara elikadura heste meharrean sartuz doa.

Heste meharra

Heste meharra digestio eta xurgaketaren organo nagusia da. 6 m luze ingurukoa da, honela banaturik: duodenoa (20 cm), ieiunoa (2,4 m) eta ileona (3,4 m).

Egituraz, heste meharreko paretak digestio-aparatuaren eredua jarraitzen du, baina aipaturiko bi funtzio horiekin zerikusia duten ezaugarri propioak ditu. Agian, paretak (muki-mintzak, batez ere) jasaten dituen aldaketak izango dira nabarmengarrienak. Hesteak, duen luzera handiaz gainera, beste hiru modutara zabaltzen du elikagaiak xurgatzeko eremua:

  • Lehen buruan, muki-mintzak 7 mm garai diren tolesturak dauzka, asko duodenoan eta ieiunoan.
  • Tolesturen eremuan behatz itxurako luzakinak daude, heste-biloak, 0,5 mmko garaierakoak. Halakoak gutxi dira ileonean, baina milioika batzuk daude heste meharrean.
  • Bilo horiek estaltzen dituzten epitelio-zelulek mikrobiloz hornituriko mintza agertzen dute. Hori guztia dela eta, heste meharraren 6 metro horien xurgapen eremuak zifra ia sinestezina hartzen du: 550 metro karratu.

Digestioarekin zerikusia duten guruinak dira egitura horren beste ezaugarri garrantzitsu bat.

  • Muki-mintzean Lieberkühn-en kriptak daude, bertakoko biloen artean zulaturiko putzu estuen itxurakoak. Zenbait entzima eta beste gai batzuk jariatzen dituzte.
  • Duodenoaren azpiko muki-mintzean guruin duodenalak aurkitzen dira, kripten hondoan zabaltzen direnak. Horien jariakina gehienbat mukiz osatua da, baina entzima gutxi du.

Heste meharraren konplexutasun handia kontuan harturik, banan-banan heldu behar zaio funtzio bakoitzari.

Digestioa

Piloroan zehar duodenoan sartzen den kimoak, batez beste, 7 ordu behar du heste meharra burutik buru igarotzeko. Aurreratze hori paretaren gihar leunaren mugimendu peristaltikoen eraginez gertatzen da. Gainera, beste mugimendu batzuek lagundu egiten dute kimoa aurrera joan eta biloekin nahas dadin.

Heste meharreko egonaldi luze horren lehen zatian, hiru urin gastriko desberdinek erasotzen diote kimoari: heste-urinak, urin pankreatikoak eta behazunak. Urin horiek gehienbat duodenoan dihardute:

  • Pankreako alde exokrinoak pankreako urina jariatzen du eta hodi pankreatikoaren bidez iristen da duodenora. Urin pankreatikoaren osaeran bikarbonatoa, kimoaren pH azidoa neutralizatzeko, eta entzima batzuk sartzen dira: amilasa, lipasa, tripsinogenoa (tripsina ematen duena), kimotripsinogenoa (kimotripsina ematen duena), peptidasak eta nukleasak.
  • Goian aipatu diren Lieberkühn-en kriptetan sorturiko heste-urinak entzima asko izaten du: amilasa, maltasa, laktasa, sakarasa, lipasa, enterokinasa, peptidasa, nukleasak eta nukleotidasak. Bestalde, guruin duodenaletan sortzen den urinak bikarbonato asko du (pH azidoa neutralizatzeko), eta mukia eta entzima piska bat ere bai (enterokinasa eta amilasa).
  • Gibelak jariatzen duen behazuna behazun xixkuan biltzen da eta hartatik, hodi koledokoan zehar, duodenora igarotzen da Wirsung-en kanalarekin batean. Behazunak ez du entzimarik baina bai digestiorako funtsezkoak diren beste zenbait gai, behazun gatzak bereziki. Gai horiek kimoaren gantzak tanta mikroskopiko anitzetan emultsionatzen dituzte, tanta horien gainean pankrea eta hesteko lipasak ihardun dezaten moduan.

Txegoste urin guztiek ihardun ondoren, kimoa kilo bihurtzen da, gai urtsuagoa berau.

Xurgatzea

Digestioa edo jakiak elikagai txikietan bereizte hori amaitu ondoren, beroriek hesteko epitelioa igaro eta muki-mintzako odol eta linfa hodietara iritsi behar dute, fenomeno hori xurgatzea da. Goian ikusitakoaren arabera, muki-mintzaren eremu eskergak elikagaien xurgatzea faboratzen du.

Xurgatzea era desberdinetara gertatzen da molekula motaren arabera:

  • Gluzidoak, ia soilik duodenoan eta ieiunoan xurgatzen dira. Hestearen pareta monosakarido moduan zeharkatu (%80 glukosa; %10 galaktosa; %10 fruktosa) eta hodi kapilareetan sartzen dira. Disakaridoak eta polisakaridoak ezohikoak diren zenbait egoeratan xurgatzen dira soilik.
  • Proteinak aminoazido moduan xurgatzen dira. Ama-esnearen inmunoglobulinak (antigorputzak) salbuespen guztiz interesgarriak dira, haurtxoaren hesteak, ezertan aldatu gabe, xurga baititzake, modu horretara haurrak defentsa inmunitario guztiz baliotsuak bereganatzen dituela.
  • Lipidoak dira xurgatzeko modu gehien izaten duten elikagaiak. Digestioaren ondorio diren molekulen parte bat (gantz azidoak eta glizerina, batez ere) odolera igaro daiteke. Elikagai horietariko gehienak, alabaina, biloen baso kilifero edo linfatikoetara doaz. Gantz azidoak eta glizerina, epitelio zelulek xurgatu ondoren, berriro elkar daitezke, baso kilifero horietan sartzen diren gantz tanta txikiak moldatuz. Tanta horiek proteinaz hornitzen dira eta lipoproteina konplexuak (kilomikroiak deituak) eratzen dira; halakoak linfa sistemaren bidez bihotzerantz joaten dira.
  • Ura eta ioiak (Na + , K + , Ca 2+ , Fe 2+ , etab.), azkenik, ileon aldean xurgatzen dira.

Xurgatzeko mekanismoak ere askotarikoak dira: osmosia, difusio bakuna eta erraztua eta garraio aktiboa. Odolera igaro diren elikagaiak gibeleraino eramaten dira mesenterio eta porta zainen bidez. Gibelean, produktu horietariko asko bildu edo bestelakatu egiten dira, beste berri batzuk emanez. Gibeletik bena hepatikoaren bidez irteten dira, bihotzera joateko eta handik gorputz osora zabaltzeko.

Heste lodia

Digestio-hodiaren azken parte hau 1,5 m inguru luze da eta bi osagai ditu: kolona eta ondestea. Kolonak heste itsu izeneko halako zabalgune edo zaku moduko batean hasten da, ileona bertara datorrela. Itsutik apendizea irteten da, behatz itxurako 8-12 cmko dibertikulua. Jarraian kolonaren lau zatiak datoz (goranzkoa, zeharkakoa, beheranzkoa eta pelbisekoa) eta uzkian amaitzen den ondestea. Bilorik eza da heste lodiaren ezaugarri nagusia.

Heste lodiak ez du txegoste funtzio berezirik. Izan ere, digestioa eta xurgapena ileonean amaitzen dira eta, horregatik, kolonera iristen diren gaiak hondakinak dira; horiekin gorotza moldatuko da. Prozesu horretan uraren parte bat xurgaturik gera daiteke eta odolera pasa. Gainera, kolonean bakterio-flora ugaria dago; horrek hartzidura eta usteltzea eragiten ditu eta halakoetan gorputzak aprobetxa ditzakeen bitaminak (K eta B) sintetizatzen dira. Gorozkiek 3 edo 4 ordu behar izaten dute heste lodia igarotzeko eta hori hiru edo lau aldiz gertatzen da egunean. Azkenik, gorotza ondestean pilatu eta iraitzi egiten da.

Digestio-aparatuaren disfuntzioak

Ahoa

  • Txantxarra. Bakterio plakan pilatzen diren mikrobioek janarien azukreak hartzitu egiten dituzte eta hartatik sorturiko azidoak hortz-haginen esmaltea eta dentina desegiten ditu. Kariesa eratzea eragiten duten zenbait eragile seinalatu dira: azukrea gehiegi jatea; aho higienerik eza; urak fluor gutxiegi izatea.
  • Gaixotasun periodontalak. Bakterio plakako mikrobioek eragiten dituzten oien aldaketak dira. Hasieran oien hantura gertatzen da eta sarri odoletan izan ohi dira. Gero, hortzaren erroak albeoloari eta hezurrari berari atxikitzen dioten zuntzak jotzen ditu hanturak; horren ondorioz, hortza mugitzen da eta, azkenean, erori egiten da.

Urdaila

  • Ultzera. Urdaileko paretaren zati bat desegiten denean sortzen da ultzera. Pepsina entzimak paretari eraso eta txegosi egin dezake, behar bezala babesturik ez izanez gero. Orain dela gutxi arte, gaixotasun horren kausak ezezagunak ziren. Egun, ordea, Helicobacter pylori bakterioa eta hanturaren aurkako sendagailuak ultzera eragile nagusitzat hartzen dira.
  • Gastritisa. Urdaileko muki-mintzaren hantura da eta faktore askok eragin ohi dute, hala nola B bitaminen eskasiak eta alkohol, janari edo zenbait botika (aspirina, adibidez) gehiegi hartzeak.

Gibela

  • Zirrosia. Gibeleko ehunaren suntsitzea da; ehun horren lekua alferrikako zuntzezko ehunak hartzen du. Behazunaren produkzioa apaltzen da eta ikterizia agertu ohi da behazunaren jariatze eskas horregatik, eta horren ondorioz pigmentuak (bilirrubina, bereziki) odolean zehar hedatzen dira. Kausa nagusia alkoholaren gehiegizko kontsumoa izaten da.
  • Behazun harriak. Kolesterolezko kristalez eratuak izan ohi dira; gai hori ez da oso solugarria eta gotortu egiten da behazunaren kontzentrazioa handiegia denean. Kasu honetan ere, behazunaren ebakuazioa oztopatu egin daiteke, ikterizia sortuz.
  • Hepatitisa. Gibelaren hantura da eta infekzio, botika edo gai kimikoren batek eragina izan ohi da. Ikterizia, mina, sukarra, goragalea, etab. eragiten ditu. Hainbat birus motak eragindako infekzio birikoa izaten da hepatitisaren kausarik ohikoena.

Hestea

  • Idorreria. Behar adina libratu ez eta gorozkiak heste lodian pilatzen direnean gertatzen da. Gehienetan gorozkien igarotzearen moteltasunak eragiten du; hainbat arrazoi izan daitezke horretarako, behar adinako heste-mugimendua ez izatea, adibidez. Zuntz kontsumo egokiak urritasun hori konpontzen laguntzen du.
  • Beherakoa. Gorozki erdijariakariak edo gehiegizkoak libratzea da, eta gorozkien igarotze lasterrak eragina izan ohi da. Kausak askotarikoak izan daitezke: muki-mintzaren hantura, infekzioren batek eragina; jaki narritagarriak; nerbio-arazoak, etab.
  • Gastroenteritisa. Urdailaren eta heste meharraren aldi bereko hantura da eta hainbat sintoma eragin ditzakeena, hala nola sukarra, goitikoa eta beherakoa. Kausak, gehienetan, birus-infekzioak eta jakien bidezko pozoitzeak izan ohi dira.
  • Crohn gaitza. Heste meharreko zenbait zatiren hanturak eragina izan ohi da (heste larrian ere gertatzen da, baina gutxiagotan). Sabeleko mina eta beherakoa eragiten ditu. Kausa zehatza argitu gabe badago ere, hutsune inmunologikoren baten ondorioz gertatzen bide da.
  • Apendizitisa. Sarrienik agertzen den digestio aparatuko gaixotasuna da. Infekzio batek eragiten duen apendizearen hantura da eta min handia ematen du zilborraren inguruan.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Digestio-aparatu Euskalterm. Euskara.euskadi.net
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Digestio-aparatu Aldatu lotura Wikidatan