Dinoflagelatu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dinoflagelatuak

Ceratium hirundinella
Sailkapen Zientifikoa
Erreinua: Protista
Phylum: Dinoflagellata
Bütschli 1885
Klaseak

Blastodiniophyceae
Dinophyceae
Noctiluciphyceae
Syndiniophyceae

Dinoflagelatuak izaki fotosintetiko zelulabakarrak dira. Bere bizitzan fase aske bat dute eta bertan garatzen dituzten bi flageloz mugitzen dira. Izenako dino hori ez dator dinosauroaren etimologia berdinetik, baizik eta grezierako δινος - zurrunbilotik. Flageloa mugitzean sortzen duten zurrunbiloa dela eta eman zitzaien izen hau.

Izaki hauen tamaina 7 eta 2000 μmkoa da, baina gehienak 20 μm inguruan kokatzen dira. Euren banaketa zabala da eta ur geza zein gazitan bizi daitzke.

Izaki planktoniko eta bentonikoak izan daitezke eta sinbionte eta parasito ere izan daitezke. Gehienak ale bakartiak dira baina badira koloniak eratzen dituzten gutxi batzuk. Gehienak autotrofoak dira, eta batzuk sinbionteak dira. Gutxi batzuk heterotrofoak dira.

Gaur egun algen barruan sartu ohi dira, Phyrrophyta (grezierako Φιρος - sua eta φιτα - landare) atalean. Izen hau euren kolore gorriagatik eman zaie. Gaur egun eztabaida dago izaki hauek non kokatzearen harira. Autore batzuek Protista erreinuko Dinoflagellata phyluman sartzen dituzte. Beste batzuek Eukarya domeinuan Alveolates erreinuan sartzen dituzten bitartean.


Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dinoflagelatuek morfologia ezberdinak erakutsi ditzakete. Dena den gehienak bizi zikloko fase mugikorretan gorputza teka baten barruan dute, eta mugimendurako 2 flagelo dituzte.

Flagelo luzea gerritik behera luzatzen da mugimenduaren kontrako zentzuan. Mugimenduaren zentzua aurreko eta atzeko aldea definitzeko erabiltzen da izaki hauetan. Flagelo hau surcus deritzon depresio batean babesten da.

Zeharkako flagelua gerriaren inguruan kokatzen da. Gerriko depresioaren angulum deitzen denaren inguruan dago txertatua.

Cingulumak teka bi zatitan banatzen du. Aurrekaldea (mugimenduarekiko) epiteka da, eta atzekaldea hipoteka.

Epitekaren goiko aldeari apex deitzen zaio eta hipotekaren beheko aldeari antapex. Flageloak tekako bi poroetatik kanporatzen dira, eta polo hauek dauden aldeari bentralak deitzen zaio eta kontrakoari dortsala. Dinoflagelatu askoren teka zulatutako plaka poligonalen bidez oraturik dago eta hauen kantitatea, banaketa, forma eta apainketa motak tabulaketa osatzen dute.

Genero bakoitza desberdintzeko bere tabulaketa ikusten da, baina kasu askotan hau ez da oso nabaria, are gutxiago kistetan. Zenbait dinoflagelatutan apainketak nahiz beste ezaugarri morfologikoak plaken banaketa islada dezakete eta ikus edo berregin daitezke modu honetan tabulaketak.

Teka batzuek adarrak deitzen diren luzapenak izan ditzkate. Hauek apikalak, autapikalak eta postcingularrak izan daitezke. Adar hauen kopuruak balio sistematikoa izan dezake.

Kiste egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dinoflagelatuak izaki eukariotoen artean zaharrenetarikoak dira. Batzuek beraien bizi zikloan kiste estadioa daukate, hasiera batean inguruko baldintza aldakorren aurrean babes egitura bat zela pentsatzen zen, baina gaur egun kasu gehienetan beraien ernalkuntza zikloaren atal bat bezala kontsideratzen dira.

Kiste hauek zelulosaz osaturik daudenean normalean ez dira kontserbatzen, baina beraien paretak esporopoleninaz osatuta dagoenean oso ondo kontserbatzen dira eta erraz fosilizatzen dira. Kiste gutxi batzuk silizez eta kaltzitaz osatuta daude, hala ere autore batzuentzat bi mota hauek ez dira dinoflagelatuak.

Kisteak deskribatzeko teketan erabiltzen den terminologia berdina erabiltzen da. Desberdintzeko kisteak eta tabulalketak lehenengoari para- aurrizkia jartzen zaio.

Kistearen paretari fragma deitzen zaio eta hauek horma bakarrekoa izan daiteke (autifragma), bi izan ditzake (kanpokoa perifragma eta barrukoa endofragma) edo hirukoa ere izan daiteke (mesofragma erdikoa eta barne eta kanpokoak berdin).

Kiste prozesuan dagoenean gainazalean beste horma bat ager daiteke, ektrofragma izenekoa. Kisteek bariazio intraespezifiko handia daukate eta genero batuzetan aldakortasun honek esanahi paleoekologikoa du.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen esan bezala sailkapen zaila dute izaki hauek eta autorez-autore aldatu egiten dira. Phyrrophytaren barruan sartzen direnean Dnophyceae klasea osatzen dute. Klase honen barruan 7 ordena daude, ugariena erregistro fosilean Peridinale delarik. Hala ere gehienek sailkapenerako ezaugarri morfologikoak hartzen dituzte kontutan:

  • Ezaugarri orokorrak
    • Tamaina
    • Eitea (forma)
    • Orientazioa
    • Adar apikalak
    • Adar antapikalak.
    • Ezaugarri tafonomikoak.
  • Horma edo hormen egiturak zein azalaren ezaugarriak.
  • Paratabulaketa.
  • Arkeophylumak
  • Paracinguluma.

Guzti hau kontuan hartuta gaur egun 130 genero eta 2200 espezie deskribatu dira. 2000 itsastarrak dira eta 200 ur gezatakoak. Erregistro fosilean beste 525 genero aurkitu dira eta 3000 espezie baino gehiago deskribatu dira.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzen diren dinoflagelatuen erdia autotrofoak dira. Beste batzuetan sinbionteak dira, batzuk parasitoak dira eta beste batzuk heterotrofoak. Azken hauek beste izaki batzuen harrapakariak dira baina baita ere hilda daudenean izakiez elikatzen dira. Autotrofoak direnak diatomeoekin batera kate trofikoaren oinarria osatzen dute. Dinoflagelatuen ernalkuntza abiadura handiagoa denez, bloom bat gertatzen denean dinoflagelatuen ugaritasuna diatomeoen aurretik joango da beti.

Gainazaleko elikagaiak bukatzen direnean dinoflagelatuak gauez hondoratu egiten dira, bertan dauden elikagaiez hornitu eta berriro egunez beraien flageloekin ur azalerara irtetzen dira eguzki izpiak hartzera. Sinbionteen artean koralekin eta makroforaminiferoekin egiten dute sinbiosia.

Ernalkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ernalkuntza ugariena asexuala da, baina paleontologian ez du interes handirik ez dituztelako kisteak sortzen. Kisteak sexualki sortutako gametoak elkartzen direnean sortuko dira. Kisteen barnean meiosiaren bidez zelula berriak sortuko dira eta prozesu hau ordutik urteetara iraun ahal ditu. Kisteak irekiko dira eta zelula berriak kanporatuko dira, bakoitzak bere teka osatuko duelarik.

Toxizitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxienez gaur eguneko 20tik 30 espezietara toxinak ekoitzen dituzte. Espezie guzti hauek fotosintetikoak dira eta estuarioetan bizi dira. Forma ez toxikoetatik bereizten zailak dira eta bloomak egiten dutenean ur litroko milioika indibiduo egon daitezke.

Leku batzuetan bloom hauek urtero ematen dira eta hainbat animalia pozointzen dituzte.

Biolumineszentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dinoflagelatuak ozeanoaren azalean ematen diren gertaera biolumineszente gehienen erantzuleak dira. Tropikoko gune batzuetan biolumineszentzia atrakzio turistikoa bihurtu egin da.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekologiari dagokionez dinoflagelatuak ingurune itsastar eta ez itsastarrean bizi daitezkeen izakiak dira. Ugariena itsastarrak dira. Plataformatik kanpo bizi direnak (pelagikoak) flotagarritasuna handitzeko eta elikagaiak harrapatzeko apaindutako adarrak eta luzapenak garatzen dituzte. Dinoflagelatu neritikoak normalean morfologia sinpleagoak eratzen dituzte. Dinoflagelatuak ere marea ondoko putzuetan, kostaldeko lokatz eta harea intestizialetan, ur gezako lakuetan, erreka eta turberetan bizi daitezke. Azken gune hauetan ura koloreztatzeko gaitasuna dute, adibidez Alpeetan ematen diren elur gorriak. Dinoflagelatuen espezie gehienak kosmopolitak dira eta banaketa latitudinal zabala daukate. Dena den badaude espezie estenohalinoak eta estenotermoak.

Dinoflagelatu autotrofoak elikagaiengatik kontrolaturik daude batez ere fosforo eta nitrogenoagatik. Euren bloomak elikagai hauen ugaritasunarekin erlazionatuta daude.

Dinoflagelatu heterotrofoak ingurune ezberdinak betetzen dituzte eta ez daude autotrofoak bezalaxe urtaroen aldaketin lotuta.

Paleoekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guzti hau kontutan hartu behar da ikerketa paleoekologikoetan, iraganeko dinoflagelatuen inguruneak gaur egungoen antzekoak izango baitziren.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dinoflagelatu Aldatu lotura Wikidatan