Diogenes Sinopekoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Diogenes irudikatzen duen Jean-Léon Gérômeren margolan bat.

Diogenes Sinopekoa edo Diogenes Zinikoa, grekoz Διογένης ὁ Σινωπεύς Diogenes ho Sinopeus), (Sinope, ca. K. a. 412Korinto, K. a. 323) Antzinako Greziako filosofo ziniko nabarmen bat izan zen. Ez zuen ezer idatzirik utzi, eta hari buruz ezagutzen den den guztia Diogenes Laerziok bere Filosofoen bizitzak bilduman idatzitakoa da.

Diogenes Sinopetik erbesteratu zuten, eta Atenasa joan zen bizitzera, non Antistenes (Sokratesen lehen ikaslea) hartuko zuen maisutzat. Diogenes arlote gisa bizi izan zen Atenasko kaleetan, muturreko gabezia bertute bihurtuz. Kontatzen zenez, upel batean bizi zen, eta ez zuen manta edo kapa bat, zorro bat eta makila bat beste jabegorik. Buztinezko edalontzi bat ere izan omen zuen, baina hautsi egin zuen haur bat errekatik eskuekin edaten ikusi zuenean. Egunez eskuargi bat zuela ibiltzen zen poliseko karriketatik, "gizonen bila" (gizon zintzo eta zuzenen bila, alegia). Korinton ere izan zen, eta zinikoek defendaturiko autosufizientziaren ideiak etsenpluz predikatu zituen: bizitza naturala, gizarteko luxuak arbuiatuz. Bere hitzetan, bertutea da ongi gorena. Zientzia, ohoreak eta aberastasunak alde batera utzi beharreko ondasun faltsuak dira. Bere filosofiaren oinarriak gizarteko ohituren hipokrisiak salatzea eta ikuspegi naturala kontrajartzea dira. Gizaki jakintsuak bere desioak gainditu behar ditu, eta bere beharrizanak ahalik eta neurri txikienera gutxitu.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diogenesi buruzko pasarteen egiatasuna zalantzazkoa da askotan. Izan ere, ez zuen idazlanik utzi, eta bere izaera xelebreak eragin handia izan zuen herritarren irudimenean. Horregatik zaila da esatea bere bizitzako zein parte diren egia, eta zein ipuin soilak.

Diogenes Sinopeko greziar kolonian sortu zen, itsaso beltzaren hegoaldeko kostaldean. Bere aitarekin batera txanponak faltsutzeagatik erbesteratu zutela uste da. Atenasa iristean, bere esklaboa zen Manesek ihes egin zion, eta orduan, bere umore garratz bereziarekin esan omen zuen: "Manes Diogenes gabe bizi badaiteke, zergatik ezingo luke Diogenesek Manes gabe bizi?". Modu hartan, Diogenesek barre egin zion gizonen arteko menpekotasunari, gerora gizarteko beste hainbat kateri egingo zien bezala. Maisu bat aurkitu zuen, Antistenes, Platonek dioenez Sokratesen heriotzaren lekuko izan zena, eta Atenasen bizimodu aszetikoa zeramana. Ikasleak laster gainditu zuen maisua doktrinaren praxian, eta gozamen lurtarrak saihestuz bizi izan zen, askotan gainerako hiritarren eskandalurako. Pentsalariaren muturreko jarrerek giza jokabidearen itxurakeria, harrokeria, zoramena, autoengainua eta naturaz kontrakoa salatzea zuten helburu.

Diogenesen inguruan kontatzen diren istorio askok ematen digute bere nortasunaren koherentziaren berri. Urtaro guztietan oinutsik ibiltzen omen zen, tenpluetako zutabeen artean egiten zuen lo bere mantapean bilduta, eta kupela soil bat zuen etxebizitza moduan. Behin, Agoran masturbatzen ari zelako jendea kexatu zenean honakoa bota zuela esaten da: "nahi nuke sabela igurtziz gosea ere holako erraztasunez desager baledi!". Gizarteari zion erdeinua erakusteko, behin Atenasko kaleetan zehar ibili zen eskuargi batekin "gizon baten bila" zebilela aldarrikatuz. Herriko dirudun batek etxera gonbidatu zuen, bere etxean listua botatzea debekatuta zegoela berariaz ohartaraziz; Diogenesek eztarria garbitzeko gargara batzuk egin eta aurpegira tu egin zion zuzenean, barneak husteko leku zikinagorik topatu ez zuela argudiatuz. Inguruko pentsalariekin gorabehera asko izan zituen. Behin Platonen akademian lumarik gabeko oilasko bat askatu zuen bere hitzaldi batez barre egiteko. Beste behin, Eleako Zenonen irakaspen baten ondoren (mugimendua ukatzen zuena), bere inguruan ibiltzeari ekin zion. Atenasko biztanleek barre egiten zioten, baina beldurra eta errespetua ere baziotela egia da.

Eginarantz eginiko bidaia batean, Diogenes pirata batzuek preso hartu eta esklabotzat salgai jarri omen zuten. Salgai zegoela, honela erantzun zuen zer egiten zekien galdetu ziotenean; "Agindu. Galdetu ea inork jaberik erosi nahi duen". Korintoko Xeniades izeneko morroi batek erosi zuen, eta askatasuna eman ondoren, bere semeen tutore izendatu zuen. Harrezkero Korinton bizi izan zen hil arte. Hiri horretan ezagutuko zuen Alejandro Magno, gerora pentsalariaren pasadizo ezagunena izango zena gertatuko zelarik. Mazedoniarrak Diogenes ezagutzeko interesa zuen eta goiz batez kalean eserita topatu zuen, hausnarketa sakonean. Alejandro hurbildu eta nahi zuena eman ziezaiokeela esan zion, eta Diogenesek paretik kentzeko eskatu zion, eguzkia estaltzen ziola eta. Gortesauek agiraka egin zioten, errege baten aurrean zegoela ohartarazita. Alejandrok bere jarraitzaileen barre eta kritikak isilarazi zituen esanaz: "Alejandro ez banintz, Diogenes izan nahiko nuke".[1] Beste batean, erregeak hezur pila bati begira topatu zuen eta zertan zebilen galdetuta, esan zion: "Zure aita Filiporen hezurren bila nabil, baina ez dakit esklabo baten hezurrengandik bereizten".

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diogenesen azkenaz bertsio ugari kontatzen dira: olagarro bat gordinik janda gaixotu zela; istripuz erorita hil zela; zakur baten haginkaden ondorioz hil zela, olagarro baten kausaz elkarrekin borrokatu ondoren; baita bere burua hil zuela ere, arnasa hartzeari uko eginda. Esaten denez, bere azken hitzak honako hauek izan ziren: "Hiltzean, bota nazazue zakurretara. Jada ohituta nago".

Askoz geroago, korintiarrek atseden hartzen zegoen zakur baten irudia zeukan marmolezko zutabe bat jaso zuten haren omenez. Epictetok jakituriaren iruditzat zeukan.

Diogenes eta zakurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diogenesen inguruan kontatzen diren pasadizo askok bere zakurren antzeko bizitzaz eta bizitza horri egiten zion gorazarreaz hitz egiten digute. Arrazoia Ziniko hitzean dago, grekozko zakur hitzetik baitator. Bi jatorri lotzen dira eskola zinikoaren sortzaileen inguruan. Lehenak dio Antistenesek Kinosargoko santutegi eta gimnasioan eman zituela bere aurreneko ikasgaiak; Kinosargo izena kyon argosetik letorke («zakur zalua» edo «zakur zuria»). Bigarrenaren arabera, Antistenes eta Diogenesek Atenasen jaso zuten ezizenetik dator, beren portaera zakurren antzekoa zela eta kynikos deitzen baitzitzaien; «zakur moldekoak», alegia. Beren bizimodua zakurrenarekin lotzea, izan ere, lege eta ohitura gizatiarrei zieten mespretxuaren, beren askatasun ideiaren eta beren lotsarik ezaren ondorio zen.

Diogenesi Zakur deitzeak iraintzeko asmoa garbia bazuen ere, zinikoak oso egokitzat hartu zuen izendapena. Zakurraren ideia erabili zuen askotan bere jokabidea azaltzeko, eta aldi berean iraina botatzen zuena lotsagarri uzteko. Bazkari baten erdian hezurrak bota zizkiotenean, Diogenes haien aurrean pixa egiten hasi zen, adibidez. Agoran jaten ari zenean zakur deitu ziotenean, "zakurrak zuek, jaten ari naizen bitartean gerturatzen zaretenok!". Irain horixe bota zion Platonek ere, eta berehala jaso zuen erantzuna: "Bai, zakurra behar dut izan dudarik gabe, beti saldu nindutenengana itzultzen naizenez".

Doktrina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxiago dakigu Diogenesen irakaspenez bere bizitzaz baino. Ziniko gehienak bezala, bere bizitzaren egokitasuna izan zen bere kezka, eta ez zuen eskola bat sortzeko ahalegin handirik egin.

Dakigunaren arabera, jabegoari ez zion inolako garrantzirik ematen (Antistenesek ordea, oztopo kontsideratzen zuen). Lapurreta onargarria zela irakasten omen zuen: "jakintsuak eskura duena erabil dezake". Maisuarekin bat zetorren ideia askotan, hala nola beharrizanen ezabatzetik datorren bertutea, gizartea dela alperreko behar askoren eragilea eta hauek naturarekin bat datorren bizimodu batekin ekidin daitezkeela, sufrimenduaren mugetarainoko gabeziaren gorazarrea, gizarteko konbentzioei erdeinua, eta filosofia oso landuenganako mesfidantza.

Zibilizazioaren ohiko ideiei egiten zien erasoa gimnasia, musika eta astronomia lantzeko greziarrek zuten joerara ere zabaltzen zuen Diogenesek. Aldarrikatzen zuen moralaren zuzentasunean horrelako gogoa jarriko balute gazteek, heziketa hobea izango zutela. Gizonek beren desiren esklabo gisa jokatzen zutela ere salatzen zuen, eta horregatik gozamen materialak alde batera utzi behar zirela. Maitasunari buruz "alferren negozioa" zela esan zuen, eta maitaleak beren zoritxarrean atsegin hartzen zutela. Hala ere, koitoa beharrizan fisikoa dela baieztatzen zuen, jatea eta edatea diren bezalaxe.

Heriotza txarra ez zela ere esaten zuen, ez baitugu bere zuzeneko kontzientziarik. Kosmopolitetan lehena dela esaten da, aberririk zuenik ukatu baitzuen, munduko hiritarra zela argudiatuz.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Diogenes Sinopekoa Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Plutarko: Vidas paralelas. Alejandro..