Diokleziano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Diokleziano enperadorea

Diokleziano, latinez Gaius Aurelius Valerius Diocletianus (c. 244ko abenduaren 22a311ko abenduaren 3a), 284ko azaroaren 20tik 305eko maiatzaren 1 arte erromatar enperadorea izan zen. Haren erreformengatik III. mendeko krisialdiari bukaera eman zion, eta Erromako Inperioa bigarren fase batean sartu zuen, Dominatua (lehengoa Printzipatua zelako), Tetrarkia edo Berant Erromatar Inperioa izenekoan. Mendebaldeko Inperioak 200 urte gehiago iraun ahal izan zuen.

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iliria probintzian jaio zen, familia xume eta txiro batean. 284ko azaroaren 20an armadak aldarrikatu zuen enperadore Karinoren hilketaren ostean. 285eko udaberrian agintari bakarra bihurtu zen.

Aurreko 50 urteetan 20 edo 25 (ez dago kopuru zehazterik) enperadore ezberdin egon ziren, hau da, batez beste 2 edo 3 urte irauten zuten agintaldiek. Enperadore guztiak bi izan ezik hilarazi zituzten.

Hasiera batean, Diokleziano aurrekarien pauso berberak ematen ari dela bazirudien, etengabe matxinadei eta kanpoko etsaiei aurre egin behar izan baitzien. 298rako, halere, germaniar inbatzaile guztiak Danubio eta Rhin ibaien bestaldera botata zituen. Pertsiarrekiko muga Sirian eta Palestinan kokatu ondoren bakea ekarria zuen. Barruko arerio guztiak menderatuta zituen.

Dioklezianoren erreformak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III. mendeko krisialdiak erakutsi zuen Erromatar Inperioa gobernatzeko era aldatu behar zela. Inperioa bideragarria bilaka zedin, Dioklezianok erreformei ekin zion: bitan banatu zuen Inperioa, gobernagarriagoa izateko; enperadore ondorengotza arautu zuen; errepublikanismotik geratzen ziren azken apurrak desagerrarazi zituen, autokrata bezala gobernatuz; infazioa konpontzeko ekonomia ere erreformatu zuen.

Erromatar Enperadorea zilegizko monarkiaz mozorratutako diktadore militarra izaten zen. Legitimazioa errepublikar titulu eta praktika konplexuetatik zetorkion, baina benetako boterea legioen eta Pretoriar Goardiaren gaineko kontrolean oinarritzen zen. Horren isla titulu garrantzitsuena da: Inperator (Komandante nagusia).

Praktika horiei, batzuetan bestetan baino zorrotzago jarraitzen zitzaien lehendabiziko bi mendeetan zehar. Hala ere, Septimio Severo hasi zen errepublikako kutsu horiei kasurik ez egiten. Ondorengoak ere errege konstituzionalak baino diktadoreak ziren. Baina honela legitimazioa galdu zuten enperadoreek. Diokleziano ohartu zen indar militarra baino zerbait gehiago behar zuela bere boterea oinarritzeko. Oinarri hori estatu-erlijioan aurkitu zuen, eta enperadorea erdi-jainko eta apaiz nagusia bilakatu zen. Pontifex Maximus Errepublikako tituluak garrantzi berria bereganatu zuen.

Dioklezianok titulu berria hautatu zuen bere bururako: Dominus et deus, edo "Jaun eta jainko". Aurreko enperadoreek Princeps edo "lehenengo hiritarra" titulua hobesten zuten. Alde nabarmena zegoen. Protokoloan ere aldaketak egon ziren: inork ezin zuen enperadorea publikoki ikusi. Haren aurrean egonez gero, etzanda agertu behar zitzaion. Honela agintari misteriotsu, urruna, teokratikoa eta autokratikoa sortu zuen.

Tetrarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehendabiziko 9 urteetako eskarmentuak erakutsi zion Dioklezianori Inperioa handiegia zela pertsona bakar batek gobernatu ahal izateko. Ezinezkoa zen aldi berean Rhin ibaiko muga defendatzea eta Egiptoko arazoez arduratzea. Konponbide erradikala eman zion: bitan banatu zuen Inperioa, muga erdian kokatuz eta mendebaldeko eta ekialdeko erdiak sortuz. Erdibitze horrek epe laburrean arrakastarik ez bazuen ere, epe luzean egonkortu zen.

Ondorengotza Inperioko sisteman ez zen inoiz konpondu. Arauturik ez zegoenez, gerra zibilak maiz pizten ziren. Enperadore batzuk adopzioaz baliatu ziren, eta haiek beraiek hautatzen zuten ondorengoa. Enperadore militarrek, ordea, ez zuten sistema hori oso begiko, eta seme naturalak hobesten zituzten. Erromako Senatuak uste zuen enperadorea hautatzeko ahalmena zeukala. Hortaz, gutxienez ondorengotza legitimatzeko hiru era zeuden.

Erromatar Inperioa 300an.

Ondorengotza-arazoak konpontzearren eta banatu berri zeuden zatiak nork gobernatuko zituen argitzearren, Dioklezianok Tetrarkia (edo lauen gobernua) sortu zuen.

Enperadore batek mendebaldea jasoko zuen, eta beste batek, ekialdea. Baina haiek ere euren menpeko eremua zatitu behar zuten, eta beste kide bat onartu, enperadore tituluarekin. Hala ere, lehenengo biek Augusto titulua izanen zuten. Onartutako kideek Zesar titulua berriz. Dioklezianoren asmoa zen Augusto bat hil ondoren, Zesar batek bere postua hartzea, eta Zesar berri bat izendatzea.

292an sistema abian jarri zuen Dioklezianok. Ekialdea bere esku utzi zuen eta mendebaldea Maximianori eman zion. Erroma ez zen jada hiriburua. Bakoitzak berea hautatu zuen, Erroma Inperioko arazoetatik urrunegi baitzegoen. Senatuak Erroman jarraitu zuen, baina haren botereak murriztuta zeuden erabat.

Galerio eta Konstantzio Kloro ziren aukeratutako Zesarrak. Ondorengoak ez ezik, eremu zabal (Inperioko laurden bat gutxi gorabehera) baten gobernatzaileak ere baziren.

III. mendeko krisialdia kontuan hartuta, harrigarria da Dioklezianoren garaian bederen Tetrarkiako gobernatzaile bat ere matxinatu ez izana. Dioklezianoren ostean gerra zibila piztu zen berriro, eta Inperio osoak buru bat izatera igaro zuen. Nolanahi ere, 395ean sistema hau berreskuratu zen, eta bi erdiak ez ziren berriro batu.

Erreforma ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dioklezianok boterea eskuratu zuenean, Erromako ekonomia krisi luzean zegoen jada. Etengabeko gerren kostuek hondoratu zuten ekonomia. Gainera, armadak gizon gazte andana eskatzen zuen, eta, beraz, langile falta somatzen zen.

Erromatar Inperioa zabala zen oso. Distantzia luzeko lurraldeak batzen zituen. Horren gainean gobernatzeko sistema hiri txiki bat aurrera eramateko Errepublikan oinarritzen zen. Handiegia eta zabalegia zen Inperioa haren ekonomia kontrolpean edukitzeko.

Horren guztiaren ondorioa hiperinflazioa eta moneta-debaluaketa sakona izan ziren. 301ean, Dioklezianok Altuenetako Prezioen Legea plazaratu zuen. Horretan 1000 ondasun inguruko prezioak eta soldatak ezartzen ziren. Ez betetzeagatik heriotza zigorra emanen zitzaien saltzailei.

Nolanahi ere, ekonomia-zientza sortu baino lehen bizi zen Diokleziano, eta haren erreformek behera eraman zuten ekonomia. Zergak handitu eta zerbitzu zibila luzatu behar izan zituen. Inflazioa kontrolatu ezinik, azkenean erreformei ez zitzaien kasurik egin.

Armada-erreformak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dioklezianok armada handi zuen, 450.000 soldadu izateraino. Bi taldetan banatu zuen: mugako tropak (limitanei edo ripenses) eta tropa mugikorrak (comitatenses) laguntza ematearren. Armada guztiaren bi heren mugako tropak ziren. Gainerakoek Augutoek eta Zesarrek bere hiriburuetan zeuzkaten. Boteretik hurbilago zeudela eta, tropa mugikorrek soldata hobe jasotzen zuten. Horrek sumina eragin zuen hasiera batean. Epe luzean arazoak ekarriko zituen.

Legio baten gizon kopurua murriztu zuen Diokleziano. 1.000 soldadurekin estrategikoki malguagoak ziren. Mugako legioek, ordea, 4.000-6.000 soldadu bitartean zeuzkaten, indartsu gordetzeko.

Pretoriar Goardiako prefektuari boterea kendu zion Dioklezianok. Augusto eta Zesar orok bi jeneral nagusi zituzten, bat infanteriarako (magister militum), eta bestea zalditeriarako (magister equitum). Ardura militarra erdibitzeaz gain, arrisku politikoak ere murrizten ziren honela. Gainera, zalditeriaren garrantzia onesten zen erromatar armadan.

Dioklezianoren ondorengoek halako erreformei eutsi zieten. Konstantino I Handiak areagotu zituzten: Pretoriar Goardia desegin zuen eta 4.000ko bizkartzain gorpu berri bat sortu zuen, hobeki kontrola zezan.

Kristauen kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

303an kristauen kontrako azken eta bortitzen jazarpenari hasiera eman zion Dioklezianok. Haren agintaldiaren lehen urteetan Galerio zen kristauen kontra egiterakoan sutsuena. Baina denbora pasa ahala Dioklezianok ere kidea bezain oldarkor jokatu zuen.

Otsailaren 24an kristauen aurkako ediktua indarrean jarri zen. Soldadu kristauek armada utzi behar izan zuten. Elizaren ondasunak bahitu ziren, eta haren liburuak erre. Jauregian bi sute izan ondoren, neurriak areagotu zituen Dioklezianok: kristauek erlijioari uko egin ezean, hiltzera zigortuko lituzke.

Jazarpen honek 313 arte iraun zuen, Konstantinok Milango Ediktua plazaratu arte. Jazarpena hain zen gogorra non Alexandriako elizarentzat Dioklezianoren agintaldiari martirren garaia deitzen zioten. Jazarpenaren beste ondorio bat Marinoren ihesaldia izan zen. Dalmatiar honek Titano mendira joan behar izan zuen, eta, hor, San Marino Errepublika izatekoa jaio zen.

Boteretik at[aldatu | aldatu iturburu kodea]

305ean, 59 urte zituela eta gaixotasun batek ia ia hil ondoren, Dioklezianok erretiroa hartu zuen. Itsaso Adriatikoko kostaldera, gaur egungo Split-era hain zuzen ere, joan zen non kalabazak hazteari ekin zion.

Erreteriro boluntarioa hartu zuen enperadore bakarra izan zen. Gainerakoak tronuan hil ziren, bai erahilda bai heriotza naturalengatik. Urte batzuk beranduago boterea berriro har zezan eskatu zioten, ondorengoek eragindako gerra zibil berria zela eta. Dioklezianok muzin egin zuen.

Dioklezianoren eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde administratiboak Herrialdeak
EKIALDEA
Oriens Libia, Egipto, Palestina, Siria, eta Zilizia
Pontus Kapadozia, Armenia Minor, Galatia, Bithynia
Asia (Asiana) Asia, Phrygia, Pisidia, Lycia, Lydia, Caria
Thrace Moesiae Moesia Inferior, Trazia
Moesia Moesia Superior, Dazia, Epirus, Mazedonia, Thessaly,

Achaea, Dardania

MENDEBALDEA
Africa Africa Proconsularis, Byzacena, Tripolitana, Numidia, Mauretaniako zati bat
Hispania Mauretania Tingitana, Baetica, Lusitania,

Tarraconensis

Prov. Viennensis Narbonensis, Aquitania, Viennensis, Alpes

Maritimae

Galia Lugdunensis, Germania Superior, Germania

Inferior, Belgica

Britania Britannia, Caesariensis
Italia annonaria
hiriburua Mediolanum
Venetia et Histria, Aemilia et Liguria, Flaminia et Picenum, Raetia, Alpes Cottiae
Italia suburbicaria
hiriburua Erroma
Tuscia et Umbria, Valeria, Campania et Samnium, Apulia et Calabria, Sicilia, Sardinia et Corsica
Panonia Panonia Inferior, Panonia Superior, Noricum,

Dalmatia


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Diokleziano Aldatu lotura Wikidatan