Dokumental

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kartela Nanuk eskimala (Nanook of the north), 1922an egindako dokumentala, zinemaren historian lehena.

Dokumentala zinema eta telebistaren genero zabal ez fikziozkoa da, errealitatetik hartutako irudietan oinarrituta eta nagusiki hezibidea helburu duena edota historiarekin lotutako marka zabaldu nahi duena. Hasieran film mota hauek pelikula euskarrian grabatzen zituzten, baina gaur egun bideo eta ekoizpen digitalak ere badaude.

Egileak ematen dion antolaketak, egiturak eta soinuak (testuak eta elkarrizketak) eragiten dute dokumentalak sailkatzeko.

Historia

Askoren ustez historiako lehendabiziko dokumentala Nanuk eskimala lan mutua (Nanook of the north, Robert J. Flaherty, 1922) izan zen. Estatubatuarrak beste antzeko lan batzuk egin zituen, Moana (1926), Samoan girotua, eta Man of Aran (1934), Irlandako mendebaldean egindakoa, Aran uharte urrunetan hain zuzen ere. Exotizismoa eta erromantizismoa amankomunean zituzten hiru lan haiek.

Propaganda egitea Kino-Pravda serie sobietarren helburuetako bat zen, baina are nabarmenagoa izan zen Triumph des Willens ("Borondatearen garaipena") dokumental nazia (Leni Riefenstahl, 1935). Garai hartakoa da halaber Luis Buñuelen maisulan etnografikoa, Las Hurdes, tierra sin pan (1932), aurretik aipatutako lanek zeukaten ez bezalako helburuarekin egindakoa.

1950eko hamarkadatik aurrera Cinéma vérité edo "errealitatezko zinema" garatu zuten, Jean Rouch paristarrak abiatuta eta Ipar Amerikako "Direct cinema" baliokidea zuena. Les Raquetteurs (1958), Salesman (1969), Showman, Near Death, The Children Were Watching eta Grey Gardens korronte horien adibide ezagunak dira.

Latinoamerikan bestela ugaritu ziren neokolonialismo eta kapitalismoaren aurkako lanak, besteak beste La Hora de los hornos (Octavio Getino eta Fernando E. Solanas, 1968). Txilen halaber Salvador Allenderen gobernuaren aurkako erasoa jaso zuten lan batean.

Naturari buruz, bestela, Le Monde du silence filma (Jacques Cousteau, 1956) eta Félix Rodríguez de la Fuenteren telebistarako dokumental seriea El Hombre y la Tierra (19751980) oso nabarmentzekoak dira.

1980ko hamarkadatik aurrera aipatu behar dira Godfrey Reggioren "Qatsi trilogia" (Koyaanisqatsi: Life out of balance, 1983; Powaqqatsi: Life in transformation, 1988 eta Naqoyqatsi: Life as war, 2002), bai eta Baraka ere (Ron Fricke, 1992).

Oihartzun handia eduki dituzte halaber azken urtoetan Fahrenheit 9/11 (Michael Moore, 2004), Super Size Me (Morgan Spurlock, 2004), An Inconvenient Truth (Davis Guggenheim, 2006) eta Earth (Alastair Fothergill eta Mark Linfield, 2007), besteak beste.

Euskal Herrian

Artikulu nagusia: «Dokumentalak Euskal Herrian»

Euskal Herrian, bitartean, Gotzon Elortza bizkaitarrak lehenengo euskarazko dokumentalak egin zituen, Frankismoaren garaian: "Ereagatik Matxitxakora" (1959), "Aberria (Erria)" (1961) eta "Elburua Gernika" (1962), hain zuzen ere.

Azken urteotan, "Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra" (Julio Medem, 2003), "Bagdad Rap" (2005) eta "Amerikanuak" (2009) azpimarratu beharko genituen, besteak beste.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dokumental Aldatu lotura Wikidatan