Domenico Veneziano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
"Ama Birjina eta Haurra".

Domenico Veneziano, jaiotza-izenez Domenico di Bartolomeo (Venezia, 1400 - Florentzia, 1461) italiar pintorea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1439 inguruan Florentziara aldatu zen, Pedro Medicirentzat lan egitera, eta garrantzi handiko maisua izan zen. Hasieran nazioarteko gotikoko ezaugarriak beretu zituen, eta Europa iparraldeko artisten obra ezagutu zuen, baina Lehen Pizkundeko artearen joerari jarraitu zion orokorrean. Kolorearen erabilera berria bultzatu zuen, arina eta garbia. Piero della Francesca pintorearen maisua izan zen bestalde. Obra nagusiak: Aztien gurtza (1434), Santa Lucia dei Magnoli (1445) eta Madonna (1460).

Veneziako lehen lanetan nazioarteko gotikoko maisuen kutsua antzematen zaio, esan bezala, baina Florentziara aldatu zenez gero Filippo Lippi eta Fra Angelico hartu zituen eredu, nahiz eta ez zituen haien ezaugarri asko bere egin, eta arretaz aztertu zuen Masaccioren obra. Venezianok argiaren bidez arrazionaltasun plastiko handiko mundu bat irudikatu zuen, eta espazioa argiaren bidez zehazten zuen, geometriaren bidez baino; Lippi eta Fra Angelicoren koadroetan argiak irudiak modelatu eta ingurunetik urruntzen zituen bezala, Venezianorenetan argiak eratzen du espazioa eta batzen ditu irudiak.

"Ama Birjina eta Haurra tronuan".

Florentziako lehen obratik (Carnesecchi eta Toskanako freskoak) "Ama Birjina eta Haurra tronuan" eta bi santuren buruak bakarrik gorde dira. Perspektiba oso landua dute, eta irudiak eskulturalak dira, Masacciorenak bezala. Bigarren lana Santa Lucia dei Magnoli elizako aldarerako egin zuen, 1445 inguruan. Erdiko atalean agertzen da bere obra nagusietako bat, "Ama Birjina eta Haurra santuekin" (Uffizien galeria, Florentzia), erretaulen alorrean XV. mendetik aurrera ospe handia izan zuen estilo baten aitzindaria (Sacra Conversazione edo "Elkarrizketa sakratua"). "Ama Birjina eta Haurra" koadroan Masaccioren antzeko hainbat ezaugarri agertzen dira: hark Ama Birjinari emandako tankera bera eman zion Venezianok San Joani; antzeko perspektiba erabili zuen, baina Venezianoren proportzioak lirainagoak dira eta arkitektura osagaiek ez dute hain nabarmena Brunelleschiren ukitua; pertsonaiek oreka eta duintasun handia dute, baina ez dute Masaccioren irudien pisua eta bolumena, santuen gorputzak meheak dira, gihartsuak, aurpegiak adierazkorrak eta ezaugarri indibidualizatuak dituzte. Kolorearen erabilera, ordea, Masacciorenaren eta, oro har, Florentziako eskolako margolarienen oso bestelakoa zuen; obraren osagai integrala da, eta argiak definitzen du espazioa.

Aztien gurtza ere azpimarratzekoa da, hondoko paisaia zabal bikainagatik batez ere. Kolore biziak eta errealismo zaindua elkartu zituen.

Venezianorena da, orobat, Florentziako San Egidio ospitaleko elizako koruko margoa, Ama Birjinaren bizitza; baina Piero della Francesca, gerora Quattrocentoko maisu handi izan zena, lan horretan laguntzaile izan zuelako da bereziki ospetsua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Domenico Veneziano Aldatu lotura Wikidatan