Domiziano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Domizianoren Louvreko estatua bat.

Domiziano[1] (latinez Titus Flavius Domitianus) (51ko urriaren 24 - 96ko irailaren 18) Flaviar leinuko azken enperadorea izan zen, 81etik hil zen arte.

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erroman jaio zen Domiziano. Goi mailako gazte baten heziketa jaso zuen. Erretorika eta literatura ikasi zituen. Suetonioren arabera, nerabe ikasia eta elkarrizketa dotorekoa zen Domiziano. Titok ez bezala, ez zuen Vespasiano aitaren kanpainetan parte hartu.

Vespasiano enperadore bihurtzerakoan, Senatuan Flaviar leinuko lehen ordezkaria izan zen, aita eta anaiak iritsi baino lehen.

70ean Domitia Longinak dibortziatzea lortu zuen Domizianok. Berarekin ezkondu zen eta bikote bitxia osatu zuten. Domiziano gonazale porrokatua izan arren, Domitia ez zen jeloskor. Are gehiago, iturri batzuek diotenez, senarrarekin bat egiten zuen maitaleengan zihoazela. Bi seme-alaba izan zituzten, baina gazte hil ziren biak.

Bigarren semea izanda, Domizianok ez zeukan ardurarik. Ohorezko kargu batzuk izan zituen, baina batek ere ez zion botererik eman. Titoren agintaldian egoerak berdin jarraitu zuen. Hala ere, Domizianok bere handinahiak zituen. Tito hiltzen ari zela, oinordeko izendatzea eskuratu zuen Pretoriar Guardiari esker.

Agintean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domizianoren denarioa

Gobernarik kaskarra zela hasiera-hasieratik erakutsi zuen Domizianok. Ekonomiak behera egin zuen eta zergak gora. Herriaren mirespena lortzeko nahian, dirutza gastatzen zuen obra publikoetan. Erromak oraindik jasotzen zituen Neronen garaiko sutearen ondorioak.

85ean, bere burua behin betiko zentsor izendatu zuen. Erromatarren morala eta jokabidea ikuskatu nahi zituen. Bere morala, ordea, ereduetatik urrun zegoen. 83rako, biek sortutako eskandaluek bikote inperiala apurtu zuten. Domitia eta maitalea elkarrekin atzemanda, dibortzioa eta Domitiaren herbesteratzea eskuratu zuen Domizianok. Maitalea hil egin zuten. Titoren alabarekin maitemindu zen orduan Domiziano, baina erditzen ari zela, hil zen. Geroztik, Domitia bueltatu zen Jauregi Inperialera, Domiziano harekin berriro ezkonduu ez bazen ere.

Domizianoren grina nagusiak artea eta jokoak ziren. Kapitoliko Jokoak asmatu zituen. Joko Olinpikoetan bezala, mundu guztietako atletek parte hartzen zuten lau urte oro, Domizianok bidaia ordaindu behar bazien ere. Gladiadoreen ikuskizunetan, berrikuntzak ekarri zituen: nanoen edo emakumezkoen borrokak esate baterako.

Agintaldiaren azken urteetan bere ankerkeria erakutsi zuen Domizianok. Juduak eta kristauak jazarri zituen. Jazarpen-paranoia garatu zuen Domizianok berak. Aristokraziari beldur zionez, Senatuari botere guztiak kendu zizkion.

96ko irailean erail zuten Domiziano, senatariek, Pretoriar Goardiak eta Domitiak osatutako konspirazio batean. Domizianoren ondorengoa Senatuak hautatu zuen: Nerva.

Domiziano eta kristauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar guztiek Domizianoren Kultua gurtu behar izan zuten, enperadorearekiko leialtasuna frogatzeko. Kristauen dotrinak idolo faltsuak gurtzea debekatzen duenez, kristauek muzin egin zioten ohitura inperial honi.

Kinka larri horretan, kristau asko kristautasuna uzteko zorian egon zen. Hori zela eta, Patmoseko Joanek Apokalipsi liburua idatzi zuen, hainbat autorek diotenez. Kristauei oroitarazi zien Salbatzailea berriro etortzekoa zela, fidelak saritzera eta traidoreak zigortzera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Domiziano