Donatello

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donatello

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakDonato di Niccolò di Betto Bardi
JaiotzaFlorentziac.1386
Herrialdea Florentziako Errepublika
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaFlorentzia1466ko abenduaren 13a (79/80 urte)
Hobiratze lekuaSan Lorenzo basilika
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Bicci di Lorenzo (en) Itzuli
Giovanni d'Ambrogio (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakeskultorea eta margolaria
Lantokia(k)Florentzia
Padua
Erroma
Ferrara
Lucca
Mantua
Modena
Napoli
Pisa
Prato eta Siena
Enplegatzailea(k)Lorenzo Ghiberti  (1400(e)ko hamarkada -
Lan nabarmenak
MugimenduaEarly Renaissance (en) Itzuli
Genero artistikoaarte sakroa
equestrian portrait (en) Itzuli
erretratua
margolaritza mitologikoa

Discogs: 2230632 Find a Grave: 7846114 Edit the value on Wikidata

Donato di Niccolò di Betto Bardi (Florentzia, c.1386ib., 1466ko abenduaren 13a), Donatello ezizenaz ezagunagoa, Pizkunde hasierako italiar artista eta eskultorea izan zen[1]. XV. mendeko Italiako eskultore handiena izan zen eta haren obrak izugarrizko garrantzia izan zuen Italiako iparraldeko artean.

Donatellorekin iritsi zuen gailurra Italiako Quattrocentoko eskulturagintzak. Giza irudiaren adierazpena zuen kezka nagusia, eta beti ahalegindu zen bere eskulturetan edertasunaren helburu klasikoa gauzatzen; baina, azken urteetan, espresionismo dramatiko eta espiritual baten aldera jo zuen. Quattrocentoko artista berritzailetan nagusietakoa izan zen eta eragin handia izan zuen bere garaitik aurrera eskulturan ere.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donato di Betto Bardi zuen benetako izena, eta 1386 inguruan jaio zen. Lorenzo Ghibertirekin eta Nanni di Bancorekin hasi zen eskultura lantzen, eta Bancoren lankide izan zen Florentziako katedralean. Bere lehen obrek (Dabid, 1408, marmolezko eskultura) eragin gotiko nabaria dute.

Lehen urte horietan, estilo gero eta klasikoagoz, zenbait eskultura egin zituen Orsanmichele, florentziar gremioen elizarako. 1411-1413 bitartean, haritzaileen gremioak eskaturik, San Marko eskultura zizelatu zuen, forma askoz ere biziagoak, errealistagoak dituena Dabid-ek baino. Armaduragileen gremioaren aginduz, San Jorge bat egin zuen (1415-1417), bere mugimendu eta adierazkortasun indarragatik guztiz bikaina. Eskultura bera baino garrantzitsuagoa ordea, eskulturaren oina da; marmolezko baxuerliebe bat egin zuen oinean Donatellok, San Jorge dragoia hiltzen, eta han erabili zuen aurreneko aldiz schiacciato («zapaldua») deritzan teknika, erliebe joko fin baten bitartez efektu espazial bitxia sortzen duena. Teknika hau hamar bat urte geroago margolaritzan erabiltzen hasi zena.

1415-1426 bitartean Profeten eskulturak egin zituen Florentziako katedraleko kanpandorrerako; aipatzekoa da horien artean Habacuc, Il Zuccone edo burusoila deitua. Bestalde, 1425ean egin zuen Joan XXIII.a antipaparen hilobia-k berebiziko eragina izan zuen ondoko hilobi-eskulturan.

1431-1433 bitartean, Michelozzo arkitektoarekin batera, bigarren bidaia egin zuen Erromara -oso gazte zelarik joan zen aurreneko aldiz, Filippo Brunelleschi zuela lagun-, eta bertan aztertu zuen arte greko-erromatarra. Erromatik itzuli zenean Cantoria (1433-1439) egin zuen Florentziako katedralean, haur dantzariak (putti) ageri dituen friso luze bat, apaingarri klasikoez inguratua. 1440 inguruan sortu zuen bere obrarik famatuenetako bat, beste Dabid bat, brontzezkoa eta arroparik gabea, Pizkundeko lehen eskultura biluzia.

Geroago, 1443-1453 artean, Paduan bizi izan zen, eta han egin zuen, brontzez, San Antonio elizako aldare nagusiko erretaula. Erretaula honetan eskulturari aplikatu zion Pizkundeko perspektiba; orobat egin zuen Paduan Gattamelata condottieroaren estatua (brontzezkoa, 1453), eredu klasikoetan inspiratua.

1453an itzuli zen Florentziara. Azken obretan klasizismotik gero eta urrunagoko estiloa erabili zuen, adierazkortasun berezikoa; Maria Magdalena (1453) da estilo horren agergarri nagusia. Zurean zizelatua da, eta patetismoaren adierazgarri da erabat, batere zerikusirik ez duela hasierako Quattrocento-ko hastapenekin. Azken urteetako beste obra batzuk, Judit eta Holofernes (brontzezkoa, 1453-1457) eta San Lorenzo basilikako pulpituak (1460 aldean) dira.

1466an hil zen Donatello, Florentzian.

Artelan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pierluigi De Vecchi & Elda Cerchiari, I tempi dell'arte, 2. liburukia, Bompiani, Milano, 1999. ISBN 88-451-7212-0
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donatello Aldatu lotura Wikidatan