Donostia - Ondarroa traineru desafioa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Donostia - Ondarroa traineru desafioa, 1890ko abenduaren 2an Donostiako eta Ondarroako traineruek jokatutako traineru desafioa izan zen. Desafio hori oso sonatua izan zen, eta traineru arraunketaren historian izan den desafio ospetsuena da, seguru asko.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890ean, Bilboko Klub Nautikoak "Invencibles del Cantábrico" leloa zuen bandera bat eman zien ondarroarrei, Bilboko estropadak irabazteagatik. Alabaina, donostiarrek kexu agertu ziren, titulu hori irabazteko donostiarrei irabazi beharko zietela esanez; izan ere, urte hartako Kontxan eta 1888an Pasaian izandako desafio batean Donostia garaile izan zela gogorazi zuten. Donostiak desafio egin zion Ondarroari. Luis Karrili eman zitzaion Donostiako tripulazioa osatzeko ardura, eta Anbrosio Bedialauneta izan zen Ondarroako patroi. Lekeition hasi eta Getarian amaituko zen 10 miliatako estropada hitzartu zuten. Sekulako ikusmira sortu zen eta dirutza ikaragarriak egin ziren apustu, alde batera eta bestera. Ofizialki 25.000 pezeta egin zuten apustu bi alderdiek, baina partikularrek jokatutako dirutzak askoz handiagoak izan ziren (estropadaren kontura 250.000 pezeta baino gehiako jokatu zirela kalkulatu izan da[1].

Estropada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890eko abenduaren 2an jokatu zen estropada. Lekeitiotik 12:16an abiatu ziren bi traineruak, eta lehen minutuetan parean izan ziren biak. Baina, Saturraran aldera, donostiarrak aurrea hartzen hasi ziren. Mutrikun sua piztu zuten, donostiarrak aurretik zirela esateko seinale gisa, eta telegrafoz berehala iritsi zen albistea herri guztietara. Txikituta iritsi ziren bi tripulazioak, tostak odoletan blai, egurra eskuko hezurretaraino sartuta. Donostiak, ibilbidea 1 ordu eta 21 minutuan amaitu zuen, eta 1 minutu eta 28 segundoko aldea atera zion Ondarroari.

Porrot horren ondorioz, Anbrosio Bedialauneta patroi ondarroarra ez zen herrira itzuli eta Castrora joan zen bizitzera. Ondarroan galera ikaragarriak izan ziren apustuak galtzearen ondorioz.

Tripulazio garailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Traineru garaileko zazpi arraunlari Karrilen ohiko kuadrillakoak ziren, eta besteak Donostiako beste patroienak; horra tripulazioa:

Pantaleon Isasa (hankekoa, garai hartan bakarra izaten zen-eta), Tomas Agote, Isidro Ibarzabal, Martin Erkizia, Pedro Galdos, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Angel Etxezarreta, Roman Etxenike, Anselmo Idiakez, Joakin Landa, Inazio Olaizola eta Pepe Sanchez (aurrekoa).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [1] Macias Muñoz, Olga: El gran reto de traineras entre donostiarras y ondarrutarras en 1890.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • AGUIRRE, Rafael (2002): Donostiako Estropadak (1879 - 2001) Regatas de la Concha. Donostia: Kutxa Fundazioa, ISBN 84-7173-414-1
  • ZUBIKARAI, Augustin (1987): Treiñeru estropadak. Ondarroa'ko talaitik (1865-1970). Bilbo.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]