Douala
Douala, Kamerungo hiriburu ekonomikoa da, baita herrialdeko hiririk handiena ere. Portua dauka eta Wouri eskualdean kokatzen da.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Douala Wouri ibaiaren itsasoratzean kokatzen da, Gineako golfoaren tokirik sakonenean, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Herrialdeko porturik handiena da, eta Ertafrikako porturik garrantzitsuenetako bat.
Hiria ibaiaren bi aldeetan zehar hedatzen da, eta batetik bestera pasatzeko zubi bakarra dago.
[aldatu] Klima
Doualan klima ekuatoriala topatzen dugu: tenperatura 26° inguruan konstante egon ohi da, eta prezipitazio ugari ditu, bereziki eurite sasoian (ekainetik urrira). Airea ia beti egon ohi da hezetasunez saturatuta; %99ko hezetasun erlatiboa eurite sasoian eta %80koa "lehorte" garaian (urritik maiatzera).
Klima honek eltxoen ugaritzea bultzatzen du eta beraz, paludismoarena ere bai.
[aldatu] Historia
Kamerungo eta, oro har, Ert-Afrikako historia bezela, Doualako historia ez da idatzia izan. Horren ondorioz, kanpoko lekukotasunen bidez baino ezin dugu ezagutu; jakinez Aintzinatean lekukotasun gutxi ditugula.
K.a.ko IV.en mendean, Hannon izeneko kartaginar batek Gineako golfoko sakoneko paisaian erupzioan zeuden sumendiak topatu zituen, eta "Jainkoen Gurdia" deitu. K.o.go XV.en mendean, 1472an, Fernâo do Po buru zuten portuges exploratzaile batzuk otarraintxoez beteta zegoen ibai bat aurkitu zuten Kamerun mendiaren oinetan. Erreka honi Rio dos Camaroes (Otarraintxoen ibaia) deituko diote eta Kamerun mendiari, Serra de Fernâo do Po. Pentsatzen da ibai hau Wouri ibaia dela. Espainolak beranduago etorriko dira, portugesek emandako izena gazteleratuz: Río de Camarones.
1578an beste herri bat etorriko da Kongoko drainatze arrotik leku honetara: Douala herria, estuariotik hurbil kokatuko dena. Bertan, Bassa eta Bakoko izeneko beste bi kultura aurkituko dituzte. Oraingoan otarraintxoek Mbeatoe izena hartuko dute.
[aldatu] Kolonizazioa
1840an, Thomas Buxton ingelesa Afrikako mendebaldeko kostarantzko espedizio britaniar baten buru egiten da. 1841ean, espedizio honek Fernando Poo uhartean eskala bat egiten du; baina ikusiz haien ebanjelizazio misiorako leku egokia zela, bertan geratuko dira. Bertatik, John Clarke artzaina eta G.K.Prince doktorea estuarioan gora joango dira hangokoekin lehen harremanak sortuz. Britainiarrek Rio de Camarones, Cameroons Town bilakatuko dute. 1843an, Joseph Merrick-ek, Prince-ekin batera Fernando Po-n kokatu denak, Isubu hizkuntzaren gramatika idazteari ekiten dio. Alfred Sakerrek lan hauek baliatuko ditu 1872an Idazki Santuak Duala hizkuntzara itzultzeko.
1884ko uztailak 14an, Nachtigall exploratzaile alemana (Ipar Afrikan bere herrialdearen kontsul zena) Cameroons Town-eko estuarioan lurreratzen da lurraldearen jabetza hartuz. 30000 biztanle inguruko hiriari Kamerunstadt izena jarriko zaio, eta herrialdeko hiriburua bihurtuko 1885etik 1901era. Urte hartako Urtarrilaren 1ean, hiriak Douala izena hartuko du eta Kamerunstadt herrialdearen deitura bilakatuko da gobernatzaile alemanaren dekretu bidez. Dekretu honek hiriburua Buea izendatuko du, eta 1908an Douala berriz bilakatuko da hiriburu. 1910ean Jaunde izendatuko dute hiriburu, eta hala izaten jarraituko du gaur egun arte.
Lehen Mundu Gerraren ondorioz, britainiarrek eta frantsesek garaian alemana zen Douala okupatuko dute, 1914ko irailaren 27tik 1916ko otsaila arte.