Down sindrome

Wikipedia(e)tik
Down sindromea» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
21. kromosoma parean trisomia duen kariotipo bat
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Down sindromea edo 21 trisomia 21. kromosoma parean hiru kromosoma agertzearen ondoriozko asaldura genetikoa da, bere ezaugarriak adimen atzerapena eta bereizgarri fisiko bereziak izanik. Jaiotzetiko gabezia psikikoen artean ohikoena da eta bere izena John Langdon Haydon Downi zor zaio, berak deskribatu baitzuen asaldura hau lehen aldiz 1866an. 1958an Jérôme Lejeune ikerlari gazteak aurkitu zuen asaldura honen arrazoia.

Down sindromea duten pertsonek zenbait patologia izateko arrisku handiagoa dute, hala nola, bihotzeko patologiak, digestio-aparatukoak edota sistema endokrinokoak. Sindrome hau detektatzeko umean amniozentesia erabil daiteke haurdunaldian zehar. 800-1.000 jaioberrietatik batean agertu ohi da, baina amaren adinak eragina du.

Gaur egun, ez dago pertsona horien gaitasun intelektuala hobetzen duen tratamendu farmakologikorik. Hala ere, familia giro eta heziketa egokiak Down sindromea duten haurren garapenean eragin positiboa dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Langdon Haydon Down

John Langdon Haydon Down sendagile britainiarrak eman zion izena sindrome honi. 1866an, petsona talde konkretu batek, arrazoi jakinik gabe, erakusten zituen bereizgarri komunak deskribatu zituen lehena izan zen.

Hala ere, 1958ko uztailera arte itxaron behar da Jérôme Lejeune genetista frantsesak Down sindromea 21. bikoteko alterazioaren eragina zela esan zuen arte. Trisomia hau da gizakiaren kromosometan aurkitutako lehen alterazioa.

Down sindromea adimen urritasuna eta alterazio genetiko arruntenaren eragile nagusia da. Amaren adina faktore nabarmena da eta 35 urte baino gehiago izateak arriskua handitzen duela ikusi da. Sindroem hau duten pertsonek arraza mongoloideko hazpegi batzuk izaten dituzte; hori dela eta, 1960ko hamarkadara arte, sindromea izendatzeko erabilitako terminoa mongolismo izan zen; eta mongoliko sindromea zutenak izendatzeko erabiltzen zena.

Down sindromean ager daitezkeen kromosoma alterazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Translokazioa

Giza gorputzeko zelulek 23 paretan banatzen diren 46 kromosoma dituzte. Horietako batek norbanakoak dakarren sexua adierazten du eta beste 22ei autosoma deritze, 1etik 22ran txikitzen doazelarik.

Zelulen ugalketa mitosiaren bidez egiten da eta zelula bakoitza 23 paretan banatuko diren 46 kromosoma dituzten bi zelula berdinetan bikoizten da. Gameto sortu behar denean, hau da, obulua edo espermatozoidea sortu behar duenean, zatiketa hau desberdina izaten da eta meiosia deritzo. Bai obuluan eta baita espermatozoidean ere, 23 kromosoma daude (bikote bakoitzetik bana) eta, bi zelulek elkartzen direnean, 23 paretan banatutako 46 kromosoma dituen zelula berria sortuko da. Prozesu konplexu honetan gerta daitezke Down sindromea ekar dezaketen alterazio gehienak.

  • Trisomia librea: Alterazio arruntena da. Obulu edo espermatozoidearen 21. parea ez da behar bezala banatzen eta gameto horietakoren batek 24 kromosoma ditu, 23 izan ordez. Gameto hau beste sexuko gametoarekin konbinatzen denean, zigoto izeneko zelula berriak 47 kromosoma izango ditu. Zigotoaren mitosiak 47 kromosomako zelula berdinak sortuko ditu eta jaioko den haurrak Down sindromea izango du.
  • Translokazio kromosomikoa: Zenbaitetan, meiosia burutzen ari den bitartean, 21. bikoteko kromosometako bat hautsi egiten da eta era ez ohikoan eransten zaio pare bati, normalean 14.ari.
  • Mosaizismoa: Obulu ernaldu eta zigotoa osatuta dagoenean, zelulak zatitzen joango dira zelula berriak sortzeko. Zatiketa hauek ez badira ondo burutzen garta daiteke zelula berrietako batek 21. bikotean 3 kromosoma izatea eta besteak, berriz, bakarra. Kromosoma mosaikoa edo mosaizismoa deritzo tankera kromosomiko ezberdinak erakusten dituen estruktura genetiko honi.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Down sindromearen diagnosia erditzea baino lehenago edo ondoren egin daiteke. Azken honetan, azterketa klinikoa burutzen da eta kariotipoz berresten da gero, hau da, zelulen kromosomak ordenatu eta kromosoma gehigarria edo dagokion anomalia ikusiz.

Erditzea baino lehen egiten diren frogak susmoa dagoenean egin daitezke edo dakiguna berrestearren. Azken hauek arriskua dagoela uste dugunean burutzen dira, alterazio genetikoa dagoen aurrekariak daudenean, amak 35 urte baino gehiago dituenean edo beste zenbait frogak susmoa piztu digunean. Umea galtzeko arrisku bat badago berreste froga hauek egiterakoan eta emakumearen esku egon ohi da froga egin ala ez erabakitzea.

Egia da, erditu baino lehen egindako diagnosi batek gurasoei adimen urriko seme bat datorkion ideiara emozionalki prestatzeko aukera ematen diela eta, hasiera-hasieratik, beharko dituen maitasun eta zaintza bereziak emateko prestaketarako aukera ere bai. Baina arriskuak ere hor daude eta amak neurtu beharko du hori.

Amniozentesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurdunaldiaren 16. astean egin ohi da eta, froga honetan, fetua inguratzen duen likido amniotikoa analizatzen da. Aborturako arriskua dago (%1), baina, alterazio genetikorako arriskua egon daitekeen susmoa dagoenean, sendagileen aholkua izaten da.

Hala ere, zenbaitetan, froga guztietan ezezkoa atera bada ere, haur jaio berriak Down sindromea ekar dezake.

Bilo korioniken biopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurdunaldiaren 8. astean egin ohi da, amniozentesia baino lehen. Plazentaren ehuna aztertzen da, baina aborturako aukera gehiago izan ohi da.

Koadro klinikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Down sindromea duen haur baten oinak

Sortzetiko adimen urriaren arrazoi nagusia da. Atzerapen guztien %25a hartzen du. Gaixotasuna baino gehiago, sindrome esaten zaio, baina maiz gaixotasun batzuei lotuta joan ohi da.

Bereizgarriak: fisonomia nabarmena, hipotonia muskular orokorra, adimen atzeratua eta garapen atzeratua. 50-60 urterako bizi itxaropena izaten dute, baina kardiopatia edo leuzemiarako aukera gehiago izaten dute eta horrek heriotza aurrera dezake.

Ohiko patologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezintasun mitrala erakusten duen Eco-Dopplerra. Balbulak ezin du erabat itxi eta odola ezkerreko aurikulara doa (urdinez)
  • Kardiopatiak: Heriotzarako arrazoi nagusia izan ohi da Down sindromean. Zaintza arrunt bat nahikoa izan daiteke edo kirurgiaren beharra izan daiteke.
  • Alterazio gastro-intestinalak: Sindromea dutenen %10 batek nozitzen du hau. Esofagoaren atresia, malformazio anorrektalak, Hirschsprung gaixotasuna eta zeliakia dira ohikoenak.
  • Trastorno endokrinoak: tiroidearen alterazioa gehiago ematen da Down sindromea dutenen artean.
  • Ikusmena: %60 batek nozitzen du. Astigmatismoa, sortzetiko kataratak edo miopia dira ohikoenak.
  • Entzumena: %80 batek ez du behar bezala entzuten.
  • Hortzak: karies gutxiago izaten dute, baina atzerapena dakarte garapenean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Down sindrome Aldatu lotura Wikidatan