Droga-trafiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nazioarteko droga ibilbideak.

Droga-trafikoa edo narkotrafikoa drogen legez kanpoko ekoizpen, banaketa, merkataritza, kontsumoa eta horien inguruan sortzen diren jardueren multzoa da. NBEren ikerketa batek estimazio bat egin zuen merkatu beltz honek 321.6 bilioi dolar mugitu zuela 2003an mundu osoan. Merkataritza jarduera guztien %1a da gutxi gora-behera. Sustantzia ilegalen kontsumoa ere modu globalean dago zabalduta.

Indarkeriarekin oso lotuta dago, hilketak, bahiketak eta estorsio ekonomikoak eragiten baititu. Historikoki ere herrialde batean baino gehiagotan gerrak piztu izan ditu.

Honetara dedikatzen diren antolatutako taldeek kartel izena hartzen dute. Euren barneko egituran funtzioak banatzen dira halcón, sicario, lugarteniente eta capo-en artean, gazteleraz izendatuta beti ere. Izan ere mundu mailako kartelik handienak Latinoamerikan sortu izan dira.

Munduan

Mexiko

Narkotrafikoa oso lotuta egon da Mexikoko ustelkeriarekin, bereziki PRI edo Partido Revolucionario Institucional alderdiaren inguruan eta 1940ko hamarkadatik. Azken hamarkadotan, hala ere, herrialdeko presidente batzuk jarduera hauen aurkako neurri batzuk hartu izan dituzte, besteen artean 1993an Salinas presidenteak, 1995etik 1998ra Zedillok eta 2001etik 2005era Vicente Foxek. Hau dela-eta, trafikatzaile garrantzitsu batzuk atxilotu izan dituzte: 1989an Miguel Angel Felix Gallardo (Sinaloako kartela), 1993an Joaquín "Chapo" Guzmán Loera (Sinaloakoa), 1995ean Héctor Luis Palma, 1996an Juan Garcia Abrego (Golkoko kartela), 2002an Ismael Higuera Guerrero, Jesus Labra eta Benjamin Arellano Felix (Tijuanako kartela) eta Adan Amezcua (Colimako kartela) eta 2003an Osiel Cardenas (Golkokoa).

Mexikoko ekonomian eragin handia dauka, kalkulatzen da 500 hiri lotuta daudela trafiko honekin eta ia 450.000 pertsonek lan egiten dutela kartelen bidez, guztira 3.2 milioi pertsonarengan eragiten dutelarik. Emakumeen papera bereziki aztertzekoa da.

Kolonbia

Kokainaren trafikatazile nagusia munduan Kolonbia izan da, eta jarudera hauek 1950eko hamarkadan hasi ziren eta herrialdeko BPGren %5.5a izatera iritsi da. Caliko kartela eta Medellingoa egon ziren bereziki aktiboak 1980ko hamarkadan. Lehenengoan nabarmendu dira Gilberto Rodríguez Orejuela eta Miguel Rodríguez Orejuela anaiak, José Santacruz Londoño eta Hélmer Herrera Buitrago. Besteak beste "garbiketa soziala" izeneko indarkeriazko ekintzekin lotuta egon ziren, gizarteko "errefusatuen" aurka (prostitutak, kaleko umeak, homosexualak eta homeless-ak).

Calikoen "etsaiak" Medellingo kartela izan zen, Pablo Escobar, Jorge Luis Ochoa Vásquez, Griselda Blanco, George Jung eta Carlos Lehder capoen artean egon zirelarik.

Kolonbiako Gobernuak berak eta M-19 eta FARC gerrillek harremanak izan dituzte narkotrafikoarekin bide batetik edo bestetik.

Afganistan

Gaur egun Afganistan heroinaren munduko ekoizlerik handiena da, Asiako hego-ekialdean dagoen Urrezko Triangeluarekin batera.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Droga-trafiko Aldatu lotura Wikidatan