Dropbox

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dropbox
Garatzailea
Informazio orokorra
Plataforma-anitza
Fitxategiak online kudeatzeko sistema
Ez

Dropbox , erabiltzaileari fitxategiak gordetzeko eta sinkronizatzeko aukera ematen dion Evenflow, Inc. enpresaren aplikazio bat da. Orain dela gutxira arte, informazio pertsonala norberaren ordenagailuan gordetzen zen, eta Internet bidez, fitxategiak bidaltzen ziren. Gaur egun, informazioa Interneteko hodeian gordetzen da. Kontzeptu hori, mugara eramanda, erabiltzen du Dropbox-ek, informazioa hor dago (interneten) eta modu desberdinetatik atzitu daiteke. Erabiltzailearen fitxategiak ordenagailuaren bidez edota internetera konexioa duen edozein dispositiboren nabigatzailearen bidez atzitu daitezke.

Interfaze motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dropbox zerbitzua nagusiki bi interfaze motarekin erabili daiteke: web interfazea eta mahai-gaineko programa. Biak ala biak, erabiltzeko sinpleak eta errazak dira.

Web interfazea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Web interfazerako sarrera www.getdropbox.com helbidetik egiten da eta erabiltzaile izena (posta elektroniko helbide bat) eta pasahitz baten bidez egiten da. Web gune honek bi interfaze mota ditu: bat, nabigatzaile arruntentzakoa eta bi, dispositibo mugikorrentzakoa.

Instalatutako aplikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste aukera bat Dropbox ordenagailuan instalatzea da. Hiru sistema eragiletarako bertsioak ditu: Windows, Mac OS eta Linux-erako. Instalatzerakoan karpeta bat sortzen du (“Dropbox” edo “My Dropbox” izenekoa) erabiltzailearen erro katalogoan. Horrela, behin instalatutakoan, karpeta horretan sartzen den edozein fitxategi zerbitzariarekin sinkronizatuko da eta Dropbox instalatu den edozein ordenagailutik eskuragarri egongo da, baita web orritik ere. Gainera, fitxategian egiten diren aldaketa guztiak ere sinkronizatuko dira.

Ezaugarri teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurtasun kopiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretik aipatu bezala, Drobpox karpetan egiten diren aldaketa guztiak zerbitzariarekin automatikoki eta berehala sinkronizatzen dira. Hori dela eta, ez dago segurtasun kopiak egiteko beharrik. Gainera, bertsio guztiak gordetzen joaten da. Horrela, segurtasun kopiak egiteaz arduratzen diren aplikazioek eskaintzen duten trazabilitatea ere eskaintzen du. Gainera, gorde dugun edozein bertsio berreskuratu dezakegu. Hori gutxi balitz, fitxategi bat ezabatzen denean (nahita edo nahigabe) berreskuratzeko aukera ere eskaintzen du. Duen beste abantaila bat sinkronizatzeko prozesua erabat automatikoa dela da. Aplikazioa bera konturatzen da noiz gertatzen diren aldaketak eta ez dago aukerarik aldaketa bat zerbitzarian islatzea ahazteko.

Sinkronizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi berri bat gordetzen den bakoitzean edota dagoen batean aldaketak egiten diren bakoitzean zerbitzariarekin sinkronizatzen da eta aldatu diren bitak bakarrik sinkronizatzen ditu. Hurrengo atalean azaltzen den konpartitzea erabiltzen denean, erabiltzaile desberdinek karpeta bat berritzen dutenean, beste guztiei automatikoki ere berritu egiten zaie, ezer egin beharrik gabe. Fitxategi batean azken aldaketa zeinek egin duen ere kontsultatu daiteke, web interfazearen bidez. Sinkronizazioa, interneterako konexiorik ez dagoelako, ezin bada burutu, konexioa lortzen den hurrengo aldian egiten da.

Konpartitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gordetzen diren fitxategiak beste erabiltzaileekin konpartitu daitezke. Besterik ezean, sortzen diren fitxategiak sortzaileak bakarrik ikus ditzake. Baina, erabiltzaileak nahi izan ezkero beste erabiltzaileekin (aurretik Dropbox-en izena emanda egon behar dute) konpartitu dezake karpeta bat (edo gehiago).

Karpetak konpartitzen Gainera, zenbait fitxategi mundu guztiarentzako eskuragarri jarri daitezke, horretarako espreski sortuta dagoen karpeta bat erabiliz. Karpeta horren izena “Public” da eta “Dropbox” karpetaren barnean dago. Bertan sartzen diren fitxategiak, edozeinek edozertarako erabili ditzake, diru merkataritza helburuetarako erabiltzen ez den bitartean. [1]

Segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabiltzen duen segurtasuna online bankuen parekoa da, SSL erabiltzen du datuak bidaltzeko. Bidaltzen diren fitxategiak, halaber, 256 bitetako AES algoritmoarekin zifratuta gordetzen dira zerbitzarian. Segurtasunaren aldetik kontuan izan behar da mahai-ganeko aplikazioa, besterik ezean, saioa irekitzearekin batera hasten dela. Horregatik, garrantzitsua da sistema eragileko saio hasiera pasahitzarekin babestuta izatea. Izan ere, litekeena da Dropbox-en gureak bakarrik ez diren fitxategiak izatea, partekatutako karpetetan, eta horiek ezabatzeko aukera dago (nahiz eta, web interfazea erabiliz berreskuratu daitezkeen). Bestalde, saio hasiera automatikoa gaituta badago, orduan, gomendagarria da Dropbox automatikoki ez hasteko konfiguratzea.

Prezioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aplikazio honek eskaintzen duen zerbitzua hiru motatakoa da. Dohainekoa izan daiteke edo erabiltzeagatik urtean edo hilean kopuru bat ordaindu behar da. Ordaintzearen eta ez ordaintzearen artean desberdintasun nagusia eskaintzen duen gordetzeko ahalmenean dago. Doan bada, 2 GB gordetzeko aukera dago. $99 urtean (edo $9,99 hilean) ordaintzen bada 50 GB gortzeko aukera eskaintzen dute eta, azkenik, $199 urtean (edo $19,99 hilean) ordainduta 100 GB gorde daitezke.

Politikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan Dropbox erabiltzeko enpresak erabiltzaileari ezartzen dizkion politikak azalduko ditugu. Bi izango dira: alde batetik, erabilera politika eta, beste alde batetik, pribatutasun politika.

Erabilera politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzua den bezala (“AS-IS”) eskaintzen da eta fitxategiak galtzen edo hondatzen badira enpresak ez du bere gain inongo erantzukizunik hartzen. Ez du zerbitzuarekiko inongo garantiarik eskaintzen. Enpresak ez du bere gain hartzen bertan jartzen diren fitxategien gaineko jabetzarik. Izan ere, ez du fitxategi horien erabileran egiten den ezerren gainean hartzen.

Pribatutasun politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzua erabili ahal izateko nahitaezkoa da datu pertsonalak ematea. Gainera, zerbitzua erabiltzen den bakoitzean enpresako zerbitzariek erabilera datuak gordetzeko eskubidea dute. Datu pribatu hauek zerbitzua emateko erabiltzen dira. Baita zerbitzuko web gunea edo zerbitzua bera hobetzeko ere. Informazio komertziala bidaltzeko ere erabili ditzakete datu pribatuak.


Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Erabilera baldintzak", [1]
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dropbox Aldatu lotura Wikidatan