Dublin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Dublin
Baile Átha Cliath

Obedientia Civium Urbis Felicitas
"Hiritarren Obedientzia Hiriaren Zoriontasuna Da"
Dublin
Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Samuel Beckett zubia, Convention Centre Dublin, Trinity College, O'Connell Bridge, Custom House,eta Dublingo gaztelua.
Dublingo bandera

Dublingo armarria

Estatua Irlandako ErrepublikaIrlandako Errepublika
Herrialdea
Lurralde Historikoa
Konderria
Flag of Ireland.svg Irlandako Errepublika
Flag of Leinster.svg Leinster
Dublin.svg Dublingo konderria
Herritarra Dublindar
Koordenatuak 53°20′N 6°15′W / 53.333°N 6.25°W / 53.333; -6.25Koordenatuak: 53°20′N 6°15′W / 53.333°N 6.25°W / 53.333; -6.25
Dublin is located in Irlandako Errepublika
Dublin
Eremua 114.99 km2
Posta kodea D
Biztanleria
Metropoli eremua
505,739 bizt. (2006)
1,045,769 (Hirigunea)
1,661,185 (Metropolia)
Dentsitatea 4.398,11 bizt./km²
http://www.dublincity.ie

Dublin (gaeleraz, Baile Átha Cliath edo Duibhlinn) Irlandako Errepublikaren hiriburua eta hiri nagusia da, herrialdearen ekialdeko kostaldean kokatuta dagoena. Leinster probintzian dago, Dublingo konderrian.

2006.urtean 505.739 biztanle zituen hiriak, baina inguruko herriak kontutan hartuta biztanleria 1.045.769koa zen, eta Dublingo konderri osoan 1.186.821 biztanle bizi dira.

Eduki-taula

[aldatu] Izena

Dublin hiri izena aitzinirlanderazko Dubh Linn izendapenaren hiberno-normanderako eratorria da, bere esanahia euskaraz Putzu Beltza delarik, hots, dubh ("beltz") eta linn ("putzu"). Historikoki, irlanderazko grafian gaur egungo bh hizkia antzina b hizki gaineko puntu batez idazten zen, Duḃ Linn edo Duḃlinn izenetan bezala. Frantsesez hitz egiten zuten Normandiarrek puntua desagerrarazi eta izena Develyn edo Dublin izenekin ordezkatu zuten. Aintzira hau Poddle ibaia gaur egun Wellington Quayn elkartzen den Liffey ibaiarekin elkartu aurretik jasaten zuen geldialdiarekin sortzen zen. Gaurko egunez aintzira hau idortuta dago eta Dublingo atzekaldean kokatzen den Dubh Linn Gardens parkeko guneaz estalita, Poddle ibaia berriz lurpeko kanalerapen baten bidez doa.

Gaur egungo hiriaren irlanderaz Baile Átha Cliath, euskaraz "Ibiko Gotorlekuaren Hiria" esan nahi duelarik. Áth Cliath Father Mathew zubitik hurbil zegoen Liffey ibaiko ibi bat zen. Irlandar mitologiako Táin Bó Cúailnge izeneko kondairan Dublind rissa ratter Áth Cliath esaldia aipatzen da ("Dublin, Áth Cliath deitua da").

[aldatu] Geografia

Dublin hiria Irlandako ekialdeko kostaldean dago. Hiria Liffey ibaiaren bokalean kokatua dago eta denera 115 km2-ko azalera du. Hegoaldetan garaiera txikiko mendiz inguratua dago, eta mendebalde eta iparraldetik berriz soro eta alorrez. Liffey ibaiak hiria bitan banatzen du: Dublingo Iparraldea eta Dublingo Hegoaldea. Bi ertz hauek beste bi ibaia txikiagotan banatzen dira: Dublingo badiaren iparmendebaldean itsasoratzen den Tolka ibaia eta hego-mendebaldean itsasoratzen den Dodder ibaia. Gainere hiri barnean izan eta mendebaldera Shannon ibaiaren lotzen diren beste ni kanal ere badaude: hegoaldeko Royal Canal eta iparraldeko Royal Canal.

Dublin hiriko aireko ikuspegia. Bertan, Liffey ibaia Dublingo badia eta Zelta itsasoan itsasoratzen ikusten da, baita Dublingo Iparraldea eta Dublingo Hegoaldea eremuak ere.

Liffey ibaia Leixlip udalerrian ekialde-mendebaldetik hego-ekialderako norantzara biratzen du, leku honek soroen eta hirigunearen arteko muga adierazten duelarik.

[aldatu] Kultur eta ekonomia maila banaketa

Hirian ipar-hegoaldeko eremuen arteko usadiozko banaketa bat egon da, Liffey ibaia bi eremuen arteko muga delarik, bi eremu hauen artean lehia herrikoia ere badago. Dublingo Iparraldea ohituraz langile mailaren bizilekua izan da, aldiz Dublingo Hegoaldea erdi eta goi mailakoen bizilekua. Banaketa hau Dublingo "azpikulturen" estereotipoen adibide garbia da, Dublin hirian mintzatzen den ingelesaren dialektoa ere bitan banatzen duelarik: Hegoaldekoa, goi mailako heziketa eta modu onen parekidea dena, eta Iparraldekoa, hiriko langileen ohiko ingelesa.

Hegoaldeko eremuan kokatua dagoen Dublingo gaztelua denbora luzez hiri honetako britainiar boterearen ikurra izan da, bai eta hiriko bi katedralak ere.

Bestalde, ekonomikoki ere ekialde-mendebalde eta ipar-hegoaldearen arteko banaketak ere badaude. Gainera, hiriaren kostaldeko auzune eta ekialde edo iparraldeko auzuneen arteko maila sozialen arteko banaketa ere badago, bai eta askoz ere berriagoak diren mendebaldeko auzunekoen artean ere.[1]

[aldatu] Klima

Europako ipar-mendebaldeko eremu guztian bezala, Dublin hiriburuak klima atlantikoari esker negu xamurrak eta uda freskoak izateaz gain, ez du muturreko tenperaturarik jasaten. Urtarrileko tenperatura handiena 8.3 °C-koa da, aldiz uztaileko tenperatura handiena 19.6 °C-koa da. Bestalde, urte osoko hilabete eguzkitsuenak maiatza eta ekaina dira, aldiz 73 mm. euri kopuruarekin abendua hilabete euritsu eta hezeena izan ohi da, eta hilabete idorrena berriz uztaila 43 mm. euri kopuruarekin. Dublin hirian euri-jasak urte osoan zehar eman litezke.

Dublin hiria Irlanda gustian euri gutxiena egiten duen lekua da, hiriaren erdigunean urte osoan 695 mm. euri jaso ohi direlaik. Neguko urtaro gehienean euria egin ohi du, halere azaroa eta martxoaren artean noizbehinka elurra ere egin ohi du. Elurra bera baino txingorra ohikoagoa da. Hiriak udan egun luzeak izan ohi ditu, neguan berriz egun motzak. Udazkenean Ozeano Atlantikotik datozen haize indartsuak jasan ohi ditu, halere hiria uhartearen ekialdean kokatua dagoenez, herrialdeko mendedebaldeko leku askotan ematen diren haize bolada bortitzak ez ditu jasaten. Dena dela, neguan ekialdetik datozten haizeek Dublin hirian elurra uharteko beste leku batzuetan baino maizago eginaraztea ekartzen du.


Datu klimatikoak (Merrion Square enparantzako datuak, Dublin)
Hilabetea Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 18.5 18.1 23.6 22.7 26.8 28.7 31.0 31.0 27.6 24.2 20.0 18.0 31.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.3 8.1 10.1 12.0 14.9 18.0 19.6 19.1 17.1 14.1 10.5 9.0 13.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa(°C) -15.6 -13.4 -9.8 -7.2 -5.6 -0.7 1.8 0.6 -1.7 -5.6 -9.3 -15.7 -15.7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 3.5 3.5 4.4 5.8 8.3 11.2 12.9 12.7 11.0 8.8 5.5 4.3 7.7
Pilatutako prezipitazioa (mm) 69 51 52 49 54 51 43 64 62 65 62 73 695
Eguzki orduak 55.8 70.0 111.6 156.0 207.7 201.0 167.4 158.1 129.0 96.1 72.0 52.7 1,477.4
Iturria (1): Met Éireann
Iturria (2): Climatetemp

[aldatu] Historia

Klaudio Ptolomeo greziar astronomo eta kartografoaren idazlanetan gaur egun Dublin hiria dagoen eremuaren lehenbiziko gune populatuen erreferentzia egiten da. 140. urtean Eblana izeneko kokaleku bat aipatu zuen. Beharbada Dubh Linn kokalekuaren izatea I. mendean datatu daiteke, nahiz eta hiria 841. urte inguruan bikingoek eratu izan.[2] Garai honetan zehar eta 1014an Clontarfeko gudua jazo zen arte, Dublin kokalekua bikingoen mende egon zen.

1797ko Dublingo mapa.

Gaur egungo hiriaren izena aitzinirlanderaren jatorrizko Dubh Linn izenaren ingelesezko aldaera da. Irlandako normandar inbasioaren ondoren, Dublin hiria botere militar eta legegilearen gune garrantzitsua bilakatu zen, botere hau 1922an Irlandako Estatu Askea sortu arte Dublingo gazteluan kokatu zelarik. Graia honetan Dublin eta normandarren menpe zegoen inguruko lurraldeak The Pale ("Oholesia") izena jaso zuten. XIV. mendetik XVI. mendera, dublin eta bere inguruko lurraldeak Irlanda osoko ingelessen menpeko lurralderik handiena osatu zuten. Mende askotan zehar Irlandako Legebiltzarra zena Drogheda hirian kokatua egon zen, baina Henrike II.a Ingalaterrakoak Kildareko konderria konkistatu zuenean Irlandako Legebiltzarra Dublinera lekualdatua izan zen.

Erdi Arotik hasita Dublinek berezko hiri agintaritza bat bazuen. XVII. mendean Wide Streets Commission erakundearen laguntzaz hiria azkar hedatu zen. Denbora laburrez, Dublin hiria Britainiar Inperioko bigarren hiririk handiena izan zen (Londres hiriburuaren ondoren), bai eta Europa osoko bosgarren hiririk handiena ere. Hain zuzen ere, hiri honetako eraikin nabarmenenak garai honetakoa dira, horregatik hiri honetako arkitekturaren urrezko arotzat jo ohi da. Aro honetako arkitekto garrantzitsuena James Gandon izan zen, hiri honetan Custom House, Four Courts eta King's Inns eraikin nabarmenak diseinatu zituelarik. Guinness garagardotegi ospetsua ere, garai honetan hirian sortu eta ezarri zen, bai eta Grafton Street kale ospetsua eraiki ere.

1800eko Batasun Agiriaren ondoren Dublin hiriak ekonomia eta politika gainbehera jasan zuen, ondorioz ordurarte bertan kokatzen zen Irlandako Legebiltzarra ezeztatu eta Londres hiriburuko Erresuma Batuko Legebiltzarrera eraman zen. Industria Iraultzak Dublin hiriak ez zuen paper garrantzitsurik jokatu, halere uharte osoko administraritza eta garraio gune nagusia izaten jarraitu zuen. XIX. mendean Dublin hiriaren demografia eta ekonomiak geldiunea jasan zuen. Bestalde, Irlandan garai hartako erregai nagusia zen ikatz askorik ez zegoenez, bertako portuan ez zen itsas garraio edota ontziola garrantzitsurik ezarri, berez hauek Britainia Handian industriaren eraketa motor nagusiak izan zirelarik. Aldiz, garai honetan iparraldean Belfast hiriak nazioarteko merkataritza, arropagintza eta ontzioletan oinarrituz Dublinek baino bilakera askoz azkarragoa izan zuen.

Liffey ibaia, O'Connell Street eta Dublingo iparraldearen aire ikuspegia 2009an.

1916an Pazko matxinadaren ondorioz hiriko etorbide nagusia zen Sackville Street (gaur egungo O'Connell Street), Dublingo Postetxe Nagusiak eta beste hainbat eraikinek sekulako kalteak jasan zituzten. Ondoren Irlandako Independentzia Gerra eta Irlandako Gerra Zibilak hiriaren erdialdea oraindik gehiago suntsitu eta kaltetu zuten.

1974ko maiatzaren 7an Dublingo erdialdea Ipar Irlandako loialistek burututako atentauen kokagunea izan zen, hauek aurretik Irlandako Armada Errepublikarrak burututako atentatu batzuen aurkako erantzuna izan ziren, ondorioz egun hura Ipar Irlandako gatazkako egunik odoltsuena bilakatu zen, denera bai Dublin hiriburuan nahiz Monaghan hirian 30 lagun hil eta beste 300 zauritu zirelarik.

1922. urtetik aurrera Irlandako Estatu Askearen hiriburua bihurtu eta gobernu berriak hiriaren erdialdea berreraiki zuen. Bidenabar, Oireachtas edota estatu berriaren legebiltzarra Leinster etxean ezarri zuelarik. 949an Irlandako Errepublikako hiriburua bilakatu zen.

1988an hiriak bere milurtekoa ospatu zuen. 1997. urtetik aurrera Dublingo paisaia asko aldaketa sakonak jasan zituen, Zelta Tigrea zeritzon ekonomia oparotasun garaian Irlandako Errepublikaren ekonomia garapen azkararren motor eta gune nagusietako bat izan baitzen. Garai honetan sektore pribatuek nahiz gobernu erakundeek bultzatuta hirian etxegintza, garraio, negozio eta merkataritza empresa ugari ipini zituzten.

[aldatu] Agintaritza

[aldatu] Udala

Dublingo Hiri Kontseilua bost urtero udal hauteskundeetan aukeratuak izan ohi diren 52 kidez osatutako biltzarra da. Biltzar honen buru alkatea da, hau urtero aukeratua izateaz gain Mansion House egoitzan bizi da. Udal biltzar hau Dublingo udaletxean biltzartu ohi da, aldiz erakunde honetako administrazio jarduerak Wood Quay barrutian dauden Hiri Bulegoetan burutu ohi dira. Udal biltzarran eserleku gehien dituen alderdiak edo alderdien koalizioak udal biltzarreko kideak hautatu, politika ekimenak proposatu eta alkatea izendatzen dute. Udal biltzarrak hirigintza, ekonomomia, trafikoa, plangintza eta hainbat gaiei buruzko urteroko txosten bat argitaratu ohi du. Dublingo hiri kudeatzailea Udal Biltzarrak hartutako erabakiak kudeatu eta aurrera ateratzeko ardura du.

[aldatu] Gobernua

Oireachtas edo Irlandako Errepublikako Legebiltzar Nazionala, bi ganberak osatzen dute: Dáil Éireann (Irlandako Legebiltzarra) eta Seanad Éireann (Irlandako Senatua). Hiruen egoitza Dublingo erdigunean dagoen Leinster House eraikinean kokatzen da.

Bestalde, Irlandako Presidentearen egoitza ofiziala hiriaren mendebaldeko eremuan dagoen Phoenix parkean kokatutako Áras an Uachtaráin eraikina da. Phoenix parkea 10 km2-ko azaleraz Europa osoko hiri-parke handiena da, Londresko Hyde Park eta New York hiriko Central Park parke ospetsuak baino handiagoa delarik.


[aldatu] Leku interesgarriak

[aldatu] Gune ospetsuak

The Spire horratza Jim Larkin sindikariaren estatuaren atzealdean altxatzen da.

Dublin hiriak ehundaka urtetan zehar leku interesgarri eta monumentu ugari pilatu izan ditu. Hauetako zaharrenetako bat Dublingo gaztelua da, 1204an Joanes Ingalaterrakoaren aginduz lehenbiziko aldiz eraikia, hain zuzen ere 1169an Irlandako normandar inbasioa jazo eta hamarkada gutxira, hiria defendatu, justizia kudeatu, erregearen altxorra babestu eta Irlandan Ingalaterrako Erresumaren boterearen ikur izateko asmoz harresi bikainez sortutako gaztelu hau eraiki zuelarik.[3] Gaztelua 1230an amaitu zen, normandiar estiloko arkitekturaz, barnealdea enparantza zabal bat eta lau alboetan dorre borobildun harresi bana zituela. Gainera, gazteluak Poddle ibaia defentsa natural gisa ere erabili zuen.

The Molly Malonen estatua Grafton Street kaletik hurbil.

Dublingo monumentu berrietako bat The Spire horratza da, ofizialki "Argiaren Monumentua" izenez deitua, Ian Ritchie Architects arkitektoak diseinatu zuen.[4][5] Horratza erraldoi hau hiriaren etorbide nagusia den O'Connell Street kalean kokatua dago, egunez altzairuzko itxura du, aldiz iluntzean zeruan barneratzen dela dirudi, jada gauez argiztatu egiten delarik. Leku honetan bertan Nelsonen zutabea zegoen, baina britainiar kolonialismoaren ikurra zela eta, 1966an IRAk lehergailu bidez jo eta bertan suntsitu zuen.

Hiria datorren jende askok Trinity College unibertsitate ospetsua bisitatu ohi du, bertako liburutegian Kellseko liburua gordea dagoelarik. Liburu hau 800. urtetik aurrera irlandar fraideek idatzi, marraztu eta argiztatutako eskuizkribu ikusgarri bat da.

Bestalde, Dublin hiriak Liffey ibaia zeharkatzen duten hainbat zubi ospetsu ditu, horien artean Ha'penny Bridge burdinezko zubia eta O'Connell Bridge zubia.

[aldatu] Beste leku interesgarri batzuk

[aldatu] Ekonomia

[aldatu] Garraioa

[aldatu] Hezkuntza

[aldatu] Demografia

Dublin hiria Dublingo Hiri Kontseiluak kudeatzen du, baina "Dublin" izenaz normalki inguruko hirigune osoa izendatu ohi da, honen barnean Dún Laoghaire–Rathdown, Fingal eta South Dublin barrutiak daudelarik. Guzti hauek Dublingo konderria osatzen dute. Eremu hau Dublin eskualdea izenaz ezagutzen da. 2011ko erroladaren arabera Hiri Kontseiluaren kontrolpean zegoen eremuak 525.383 biztanle zituen, aldiz hiriguneak 1.110.627 biztanle zituen. Dublingo konderriak 1.273.069 biztanle zituen eta Dublin Handia Hiriguneak 1.804.156 biztanle. Hiriaren biztanleria azkar handituz doa, eta Irlandako Estatistika Bulegoaren arabera 2020an 2,1 milioi inguruan egongo omen da.[6]

1990eko hamarkadatik aurrera, Dublin hiria etorkin ugariren helmuga izan da, haietako gehienak Europar Batasunatik etorritakoak izan direlarik, bereziki Erresuma Batua, Polonia eta Lituaniatik etorritakoak.[7] Bestalde, Europatik kanpo etorritako etorkinak ere badaude, bereziki Txina eta Nigeriakoak. Dublin hiriburura gainontzeko herrialdeko edozein hiri eta eskualdeetara baino etorkin askoz ere gehiago ailegatu ohi dira. Irlandako asiar jatorriko biztanleen %60a Dublin hirian bizi da, haietako %40a Dublingo Hirigunean kokatua dagoelarik.[8] 2006ko erroldaren arabera atzerrian jaiotako Dublingo hiritarren kopurua %15 ingurukoa zen.[9]


Dublin hiria eta Dublingo badiaren ikuspegi panoramikoa.
Dublin hiria eta Dublingo badiaren ikuspegi panoramikoa.

[aldatu] Kultura

[aldatu] Arkitektura

Erdialdeko hiriguneko eraikinek Pazko matxinada, Irlandako Independentzia Gerra eta Irlandako Gerra Zibilaren bonbardaketa eta suntsiketen eragin zuzena eta kalteak jasan zituzten. Eraikin hauen zaharberritzea astiro joan zen, Irlandako Estatu Askearen lehenbiziko helburua irlandar ekonomiaren berrindartzea izan baitzen, gainera eraikin horietako asko kolonialismoaren ikurtzat jo ohi zirenez, denbora luzez haiek zaharberritzeko benetazko borondate eza egon zen. Halere, orain dela gutxi, adibidez Temple Bar eta North Great George's Street bezalako auzoak bertako auzotarren ekimenez eraberritu dira, baita Custom House eraikina eta Kilmainham Gaol espetxea ere, azken hau museo bilakatu delarik.

Beharbada kontserbatzaile edo zaharberritzaile berri hauen benetazko arrazoiak eraikinen eraberritzeak dakarren turismoaren onurak lirateke, baina zaharberritze hauen arrazoi nagusia dublindarrek eraikin hauekiko nahiz hiriko arkitektur ondasun aberatsarekiko sentitzen duten harrotasuna izan da.

[aldatu] Literatura

Bloomsday, egun honetan Dublingo kaleetan zehar James Joyce idazlearen Ulises eleberriaren hainbat pasarte errezitatu eta antzeztu ohi dira.

Hiria literatura aldetik mundu osoan ospetsua da, nazioarteko literaturgile garrantzitsuek Dublinen jaio zirelarik, horien artean Literatura Nobel Saria duten William Butler Yeats, George Bernard Shaw eta Samuel Beckett. Dublingo beste idazle esanguratsuak Oscar Wilde, Jonathan Swift eta Drakula eleberriaren sortzailea den Bram Stoker dira. James Joyce idazle bikainaren eleberrietako leku asko eta asko Dublinen kokatzen dira. Dubliners ("Dublindarrak") eleberria Joycek XX. mende hasierako hiri honetako biztanleen gertakizun eta ohiko izakerak bildu eta deskribatzen dituen kontakizun sorta bat da. Bere idazlan nabarmenena den Ulysses ere Dublinen leku hartzen du eta ohiko topikoz beterik dago. Beste hainbat idazle dublindar esanguratsuak ere badaude: John Millington Synge, Sean O'Casey, Brendan Behan, Sheridan Le Fanu, Maeve Binchy eta Roddy Doyle. Irlandako liburutegi eta literatur museo handienak Dublinen daude, National Print Museum of Ireland eta National Library of Ireland barne direlarik.

Ekainaren 16an James Joycek idatzitako Ulises eleberriko pertsonaia nagusia den Leopold Bloomen omenez Bloomsday jaialdia ospatu ohi da. Ekainaren 16a, Ulises eleberriko gertakizunak gertatzen diren eguna da. Egun honetan, ospatzaileak, laneko protagonistek bazkaltzen eta afaltzen duten gauza bera jaten saiatzen dira, edo, eleberrian parekotasunik duten ekintza ezberdinak egitea. Bereziki, Dublin hirian gertakarien ibilbide zehatza jarraitzeko topaketak egiten dira.

Maurice Walsh idazle irlandarrak bere "The Quiet Man and Other Stories" ("Gizon Lasaia eta Beste Kontakizunak") eleberrian "Bad Town Dublin" ("Hiri Txarra Dublin") olerki honekin ederki asko deskribatzen du Dublin hiria eta irlandar askori pizten dizkion sentipen kontrajarriak:

Ingeleraz

Clean Town Dublin, the Danneman built it,
Stone Town Dublin, the Norman walled it,
Bad Town Dublin, the Briton cursed it,
Our Town Dublin, we Irish hold it,
For weal or woe.

Flesh or our flesh, bone of our bone,
Our martyrs´ blood on every stone,
In exile, broken, lost, alone,
In pain we won it, let pain atone
To friend and foe.

Euskaraz
Hiri garbia Dublin, Danimarkarrek eraiki zuten,
Hiri harrizkoa Dublin, Normandarrak harresitu zuten,
Hiri txarra Dublin, Britainiarrek madarikatu zuten,
Gure Hiria Dublin, geuk Irlandarrok baitugu,
Onerako edo txarrerako.
Geure haragiaren haragi, hezurren hezur,
Geure martirien odola harri bakoitzean,
Atzerrian, lur jota, galduta, bakarrik,
Irabazi genuenaren atsekabez, utzi atsekabeak jasatea
Lagunari eta etsaiari.

[aldatu] Zinema eta antzerkia

Hiriaren erdigunean antzoki ugari daude eta munduko zenbait aktore ospetsuek Dublingo antzerki eszenatokietan eman zituzten beren lehendabiziko urratsak, hauen artean: Noel Purcell, Brendan Gleeson, Stephen Rea, Colin Farrell, Colm Meaney eta Gabriel Byrne. Dublingo antzoki ezagun eta nagusienen artean hauek daude: Gaiety antzokia, Abbey antzokia, Olympia antzokia eta Gate antzokia. Gaiety antzokiaren berezitasuna musikal eta opera ekoizpenak dira, eta ospetsua da bere ateak arratseko zuzeneko musika, dantza edo filmen ondoren ikuslego arruntari irikitzeagatik. Abbey antzokia, Yeats barne zen zaletu talde batek 1904an sortu zuen, bertako irlandar literaturako talentuen laguntza eta sustapen moduan. Synge, Yeats bera eta George Bernard Shaw bezalako literaturgileei bultzakada bikaina eman zien. Gate antzokia 1928an sortu zen Europa eta Ameriketako antzerkilan abangoardistei bultzakada bat emateko asmoz- Hiriko antzoki handiena Glanesvine auzunean den Dublin City Universityko The Helixko Mahony Hall aretoa da.

[aldatu] Musika

U2 rock musika talde ospetsua.

Dublinen musikak garrantzia handia duen hiria da. Bertan, kaleko musika emanaldiez nahiz tabernetako zuzeneko kontzertuez goza ahal liteke.

Hiria musika talde ospetsu ugariren sorlekua da. 1960ko hamarkadan hirian hainbat folk musika talde sortu ziren: Ceoltóirí Chualann, The Dubliners, The Chieftains, Emmet Spiceland, The Wolfe Tones edota Sweeney's Men. Jada, 1970 eta 1980ko hamarkadetan rock musika taldeen txanda izan zen: Thin Lizzy, U2, Bell X1, Planxty, The Pogues, Aslan, Sinéad O'Connor, Westlife, The Script, B*witched, BoyZone, Rob Smith, The Thrills, Stars of Heaven, Something Happens, A House, Damien Dempsey, Declan O' Rourke eta The Frames.

[aldatu] Artea eta museoak

Dublin hiria Irlandar Arte eta Eszenatoki Artistikoaren topagune garrantzitsua ere bada. Kellseko liburua, mundu osoan ospetsua den zeltiar fraideek 800. urtean eginiriko eskuizkribua Trinity Collegen gordetzen da. Chester Beatty Liburutegiaren eraikinak bere baitan gordetzen du Sir Alfred Chester Beatty (1875-1968) estatubatuar dirudunak (orain ohorezko irlandar herritarra ere bada) bildutako margolan, argitalpen, irudi, liburu arrao eta apaingarrien bilduma. Bildumak K.a. 2700. urteko pieza eta aleak ditu, gehienbat Asia, Ekialde Erdia, Ipar Amerika, Ipar Afrika eta Europakoak. Bertako artisten lanak ere jendeaurrean erakusten dira St. Stephen's Green parkean, hiriaren erdigunean kokatzen den gune publiko nagusiena. Hiri honetan arte areto handiak ere badaude, horien artean Arte Modernoko Irlandar Museoa (Irish Museum of Modern Art), Areto Nazionala (National Gallery), Hugh Lane Udal Aretoa (Hugh Lane Municipal Gallery), Hiriko Artegunea (City Arts Centre), Douglas Hyde Aretoa (Douglas Hyde Gallery), Artegune Proiektua (Project Arts Centre) eta Erret Hiberniar Akademia (The Royal Hibernian Academy).

Dublingo Irlandako Museo Nazionalaren hiru ordezkaritzak honako hauek dira: Arkeologia, Kildare Street kalean; Arte Apaingarriak eta Historia, Collins Barracks kokagunean eta Natur Historia, Merrion Street kalean.[10]

[aldatu] Gastronomia

Irlandako Errepublikaren barnean Dublin hiriburua eta herrialdearen hego-mendebaldean dagoen Cork hiriaren arten lehia herrikoia dago. Lehia hau gai ugaritan argiratu ohi da, adibidez, Irlandako Errepublikan mundu osoan ospetsua den Guinness garagardoa Dublin hiriburuko ikurtzat jo ohi da, aldiz Cork hiriko garagardoa Murphy delarik.

[aldatu] Garraioa

[aldatu] Errepideak

Dublin hiria inguratzen duen M50 autobidea.

[aldatu] Tranbia eta metroa

[aldatu] Aireportua

Sakontzeko, irakurri: Dublingo aireportua

Dublingo aireportua hiriaren iparraldean kokatua dago, Fingal konderrian. Irlandako hainbat hegazkin konpainien egoitza ofiziala da, esate baterako Aer Lingus konpainia nazionala, kostu baxuko Ryanair konpainia nahiz Irlanda barneko Aer Arann eta CityJet eskualde konpainiak. Dublingo aireportuak gainontzeko Irlandako hainbat aireportuetara doazen hegaldiak eskeintzen ditu. Hortaz gain, EEBB, Kanada eta Ekialde Ertainera doazen hegaldi edo lotura ugari ditu. Dublingo aireportua Irlanda osoan erabiltzaile gehien dituen aireportua da, bere atzetik erabiltzaile kopuruari dagokionez Corkeko aireportua eta Shannon aireportua daudelarik. 2007an bigarren terminal baten eraikuntza lanei ekin zitzaien, 2010eko azaroaren 19an ofizialki ireki zelarik.[11]

Europa mailan Dublingo aireportua erabiltzaileei dagokionez 25. postuan dago, 2011. urtean bertatik 19 milioi erabiltzaile iragan zirelarik.

[aldatu] Hiri senidetuak

[aldatu] Dublindar ezagunak

[aldatu] Erreferentziak

  1. Northside vs Southside
  2. McGee (1863), 50-57. orr
  3. [Dublin Castle: at the heart of Irish Histor. Denis McCarthy eta David Benton. 2004. Irish Government Stationary Office. 12–18. orr. isbn= 0-7557-1975-1
  4. Spire cleaners get prime view of city. Irish Independent. 2007ko ekainaren 5a.
  5. The Dublin Spire. 2003.
  6. Call for improved infrastructure for Dublin 2 April 2007
  7. "Dublin heralds a new era in publishing for immigrants". The Guardian 12 March 2006.
  8. Foreign nationals now 10% of Irish population 26 July 2007
  9. "Dublin". OPENCities, a British Council project.
  10. National Museum of Ireland
  11. Opening date for Terminal 2 set. RTÉ. 2010eko urriaren 21a

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Dublin


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak