Euskararen Gaitasun Agiria

Wikipedia, Entziklopedia askea
EGA» orritik birbideratua)
Artikulu hau Euskararen Gaitasun Agiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «EGA (txartel grafikoa)».

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) pertsona batek euskaraz ahoz zein idatziz aritzeko trebetasuna duela, eta euskara batuaren ortografia eta arauak ezagutzen dituela erakusten duen ziurtagiria da. EGA lortzeko, hiru proba edo azterketa gainditu behar izaten dira: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa, ordena horretan. Proba bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.

EGA ziurtagiria ALTEko (Association of Language Testers in Europe) partaidea da. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari erreparatuz, EGA azterketa C1 mailaren parekoa da.

Euskal Herriko erakunde hauek banatzen zuten EGA: Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian. 2019an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EGA Euskara Gaitasun Agiriaren azken azterketa egin zuten. Aurrerantzean, euskara maila hori frogatu nahiko dutenek HABEren C1 azterketa egin beharko dute EAEn, nahiz eta Nafarroan eta Iparraldeko eskualdeetan EGA mantendu.[1]

Gainditu beharreko hiru probak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atariko proba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

85 itemeko proba da, aukera anitzeko galdera formatuan (AAG). Azterketa sailka osatuta dago:

  • B (ahozkoan oinarritutakoak, 30 item)
  • C (lexikoa, 10 item)
  • D (morfosintaxia, 24 item)
  • E (euskara batua jakitea, 5 item)
  • F (irakurriaren ulermena, 12 item)
  • G (datak, orduak, eragiketak..., 4 item)

Gainditzeko langa: 60 erantzun zuzen. Baina % 50ek gainditu behar dutenez, langa jaits daiteke

Proba idatzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi ataletan banatzen da azterketa hau. Lehenengo atala Ulermena izenekoa; bigarrena, Idazmena. Bi ataletan guztira 50 puntu dira. Gainditzeko 27 puntu lortu behar dira eta Idazmena ataleko bi idazlanen artean gainditzeko nota lortu beharra dago: 10. Gainerako ariketen puntuazioak konpentsatu egiten dira. Bi atalen artean sei ariketa dira:

Ulermena (AAG)

  • Elkarrizketa testua (hutsuneak osatzeko zatiak aukeratu). 5 puntu.
  • Lexikoa (testu batean 10 hitzen sinonimoak aukeratu). 5 puntu.
  • Irakurmena (bi testu labur eta bat luzea, 10 item). 10 puntu.

Idazmena

  • Idazlan luzea (bi dosier aukeran; 250 hitz gutxienez). 10 puntu.
  • Idazlan laburra (bi gai aukeran; 150 hitz gutxienez). 10 puntu.
  • Esaldiak berridatzi (10 egitura). 10 puntu.

Ahozko proba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi atal ditu: bata, Entzutezko ulermena (10 puntu) eta Mintzamena (40 puntu).

Mintzamenean bi ariketa egin behar dira:

  • Gai baten ahozko azalpena
  • Bat-bateko elkarrizketa saioa.

Mintzamen ataleko bi ariketak bikoteka egiten dira. Azterketariak binaka aritzen dira. Gutxienez 20 puntu atera behar dira gainditzeko.

Gaia (testua) prestatzeko 20 minutuko denbora dago, apunteak hartzeko edo gidoia egiteko. Azalpenaren ondoren bi azterketariren arteko elkarrizketa-saioa egiten da, hamar bat minututan. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute.

Mintzamen ariketak hau neurtzeko irizpideak:

  • Jarioa
  • Egokitasuna
  • Aberastasuna
  • Zuzentasuna

Ahozko Probak 50 puntuko balioa du eta gutxienez 25 lortu behar dira.

Azterketariek beren ahozko proba graba dadila eska dezakete. Grabazio hori erreklamazio kasuetan bakarrik erabiliko da, berriz ebaluatua izateko.

Polemika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EGAk 30 urtetik gorako ibilbidea egin zuen, eta azterketa horri buruzkoak beti agertu ziren polemika kutsutan; askotan, joko politikoarekin lotuta. Kritiketan, azterketaren «zailtasuna» —eta, bereziki, Atarikoarena— azpimarratu izan zuten maiz. EAEn, lautik batek soilik gainditu zuen azterketaren azken urteetan. Aurkezten ziren pertsonen —bereziki ikasleen— kopuru handiek ere eragin dute kezka —10.000tik gora lagun urtero—.[1][2]

Zifra horiek murriztu ziren azken deialdietan; bereziki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek aitortuak dituztelako euskara gaitasunak ikasketak B edo D ereduan egitearen truke: C1 mailakoa, unibertsitate ikasketak eginak dituztenek. Hori izan zen azken urteetako aldaketarik nabarmenena EGAri dagokionez. PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan bakarrik gobernatu zuenean (2009-2012) hartu zuen neurria.[1]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «EGA azterketak amaitu dira EAEn» Berria 2019-05-18 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  2. «"Pixka bat es mucho". Hori ote HABEren C1 maila?» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]