ELISA

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
ELISArako erabiltzen den mikrotitulazio-plaka

ELISA (ingelesetik, "Enzyme-Linned ImmunoSorbent Assay") klinika eta ospitaleetako laborategietan erabiltzen den teknika diagnostikoa da, metodo sentikorra, merkea eta azkarra dena antigenoak zein antigorputzak antzemateko. 1960ko hamarkadan hasi zen erabiltzen.

Teknika immunokimiko honen oinarria antigorputz bati loturiko entzima baten jardueran datza. Bere sustratuarekin erreakzionatzean, antigorputzari loturiko entzima horrek kolore-aldaketa bat sortu ohi du, laborategian erraz antzeman daitekeena.

Bi ELISA metodo garatu dira: antigenoa hautemateko bat (ELISA zuzena deiturikoa) eta antigorputzak hautemateko bestea (ELISA ez-zuzena). Lehenengoak eragile infekziosoak (birusak, bakterioak...) bilatzen ditu gaixo baten odol, gorotz edo beste lagin batean. Bigarrenak antigeno infekzioso baten aurkako antigorputzak antzematen ditu: antigorputz horien presentziak antigenoaren arrastoa adierazi nahi du.

Proba honek euskarri solido bat eskatzen du, antigeno edo antigorputzak itsasteko. Gehien erabiltzen diren euskarriak mikrotitulazio-plakak dira, putzutxo kopuru jakina duten plastikozko erretilu txikiak direnak.


ELISA zuzena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elisa.gif


Mikrobio patogenoak hautemateko ELISA metodoak entzima loturik duten antigorputzak erabiltzen ditu. Mikrobio susmagarriaren antigenoa laginean bada, euskarri solidoan antigeno-antigorputz konplexuak eratuko dira.

Lehenengo fase batean, ELISA zuzenak bilatu nahi den antigenoaren aurkako antigorputzak euskarri solidoan itsasten ditu. Gero, odola edo beste lagina gehitzen da, bilatutako antigenoak dituena. Antigenoa bada, antigeno-antigorputz konplexuak eratuko dira euskarri solidoaren gainean. Lotzen ez den antigenoa tanpoiarekin garbitzerakoan desagertzen da. Gero, bigarren antigorputz bat gehitzen da, entzima loturik duena: mikrobioaren antigenoa bada, bigarren antigorputz hori hasierako antigeno-antigorputz konplexuari lotuko da. Tanpoiaz garbitu ostean, konplexuari lotu ez den antigorputz entzimaduna desagertzen da. Bukatzeko, entzimari dagokion sustratua gehitzen da, entzimarekin erreakzionatzerakoan kolore-aldaketa bat sortzen duena.

Metodo honetan bilaturiko antigenoa bi antigorputz-geruzen artean kokatzen da. Hori dela eta, metodoari "ELISA-sandwich"a deitzen zaio ere (ikus irudi animatua).


ELISA ez-zuzena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika honekin antigeno baten aurkako antigorputzak antzematen dira giza odolean edo gaixo baten beste lagin klinikoan; antigorputzak badaude, antigenoa (birus edo bakterioa) gaixoaren organismoan sartu delaren seinalea da. Hots, antigorputzen bidez infekzioaren arrastoa antzeman daiteke organismo batean.

ELISA ez-zuzena erabiltzen da, esaterako, giza immunoeskariaren birusaren aurkako antigorputzak hautemateko (GIBaren aurkakoak).

Metodo honetan antigorputz baten aurkako antigorputzak erabiltzen dira (giza G immunoglobulinaren aurkako antigorputzak), entzima lotua dutenak. Bitxia iruditu arren, antigorputz baten aurkako antigorputzak egon badaude: kontuan hartu behar da antigorputzak proteinak direla, eta haien aurkako antigorputzen sorrera eragin dezaketela.

ELISA ez-zuzenean mikrotitulazio plaketan jartzen direnak ez dira antigorputzak (ELISA zuzenean bezala), antigeno ezagunak baizik (esaterako, GIBaren antigenoak). Gaixoaren laginean antigorputzak badaude, antigeno-antigorputz konplexuak eratuko dira. Bigarren antigorputza (entzima duena) gehitzerakoan, lotura gertatu izanak esan nahi du gaixoaren plasmatik hartutako antigorputzek GIBaren antigenoak ezagutzen dituztela, gaixoak GIBaren aurkako antigorputzak dituela eta -beraz- gaixoak kontaktua izan duela GIBarekin.

Lehen bezala froga positiboa kolore-aldaketa baten bidez antzematen da, entzima bere sustratuarekin erreakzionatzerakoan gertatzen dena. Antigeno-antigorputz konplexuak eratzen ez badira, ez dago antigorputzari loturiko entzimarik (tanpoiaz garbitzerakoan desagertzen baitira) eta entzima-sustratua elkarrekintza ez da gauzatzen.

GIBaren infekzioa ELISAren bitartez diagnostikatzeko metodo honek emaitza negatibo faltsuak eman ditzake (infekzioa oso berria bada, esaterako: organismoak asteak behar baititu GIBaren aurkako antigorputzak sortzeko) eta baita positibo faltsuak ere. Hori dela eta, diagnostikoa ere beste metodo batzuen bidez egiaztatu behar da beti.