Ebro Etxea

Koordenatuak: 43°17′14″N 2°09′48″W / 43.28717°N 2.16337°W / 43.28717; -2.16337
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ebro Etxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaZarautz
Koordenatuak43°17′14″N 2°09′48″W / 43.28717°N 2.16337°W / 43.28717; -2.16337
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1980(e)ko hamarkada
Kontaktua
HelbideaZumalakarregi kalea, 16

Ebro-Etxea Gipuzkoako Urola Kosta eskualdean dagoen Zarautz udalerriko bidaiari eta erromesentzako udal aterpetxea da. Mendilauta auzoko Zumalakarregi kaleko 16. zenbakian dago, Zarauzko hondartza, Karlos Argiñano jatetxea eta malekoitik oso hurbil.

2022ko ekainaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Monumentu sailkapenean[1]

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeak izena 1980ko hamarkadan Azucarera del Ebro enpresako langileen semeen udaleku izateari zor dio. Aurrealdea, Desertu Txikia deritzon lursailean kulunkadun parke bat ere badu (gaur egun Mendilauta atsedenlekua).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebro Compañía de azúcares y alcoholes S.A. (ECAYA) enpresa Zaragozan eratu zen 1911n, Azucarera del Ebro S.A. izenarekin, erremolatxa-azukrea eta deribatuak fabrikatzeko asmoz. 1928an, Compañía de Alcoholes S.A. de Bilbao enpresarekin bat egin zuen. Hain zuzen ere, Bilboko enpresa hori Lamiakon hasi zen lanean mende hasieran «La Camera» xaboi-fabrikaren lehengo instalazioetan. Hurrengo urtean, azukre-fabrikak ECAYA izena hartu zuen, eta gauza gehiago ekoizten eta merkaturatzen hasi zen: mota guztietako azukreak, lehengaiak eta deribatuak. Egoitza soziala Donostiara eraman zuten, eta bulego nagusiak, berriz, Madrilen jarri zituzten.

ECAYAk, bere langileen seme-alabek udaz goza zezaten, udalekuak sustatu zituen Zarautzen, 1930eko hamarkadaren amaieran. Eskola-udalekuen fenomenoaren jatorria XIX. mendearen azken laurdenean kokatu daiteke; zehazki, 1876an, Walter Bion artzain ebanjelista suitzarrak 14 eguneko egonaldia antolatu zuenean lehen aldiz mendialdean, Zuricheko eskoletako 68 ume txirorentzat. Beraz, ECAYAren udalekuak fenomeno horren agerpen berantiarra izan ziren. Esperientzia hori ez zen guztiz originala; izan ere, lehendik ere bazegoen tradizio pedagogiko garrantzitsu bat, zeinaren bitartez naturaren, aire librearen, ariketa fisikoaren edo behaketa zein intuizio bidezko ikasketaren balio hezitzaileak defendatzen baitziren. Zenbait urte igaro ostean udarako egoitza gisa diseinatua izan ez zen eraikin batean, 1940an, eraikin berri baten proiektua egiteko eskatu zitzaion Lucas Aldairi, zeina arkitekto nabarmena baitzen, ibilbide oparoa egin zuena mendeko lehen hamarkadetan Donostian. Gauzak horrela, gaur egun ikusgai dugun Ebro Etxea 1942ko abuztuaren 1ean inauguratu zen, txanda bakoitzeko 96 eskola-umerentzako lekuarekin.

1988an etxea udalaren jabetza izatera iragan eta 10 urte ondoren Done Jakue Bideko Adiskideen Elkarteari esker Euskal kostaldea iragaten duen Done Jakue bidearen erromesentzako bereziki egokitutako aterpetxe bilakatu zen.[2] Erromesak etxe honetan gau bakar batez ostatu har dezakate, ahalik eta bidaia jarraitzea galerazten dieten galera fisikorik ez baldin badute.

Gainontzeko urte sasoian bertan kultura inguruko ikastaro eta hitzaldiak ospatu ohi dira. Urola Kosta eskualdeko mankomunitatearen bulegoen egoitza ere bada.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak T formako oinplano-bolumen trinkoa du. Sotoko solairua dauka, bi altuera alboetako gorputzetan, eta 3 solairu, berriz, erdiko gorputzean. Alboetako hegaletan, 3 aldeko isurialde inklinatuak daude estalki gisa; eta 4 isurkikoak, berriz, erdiko bolumenean, teila zeramiko kurbatuko akaberarekin. Barne-egiturari dagokionez, hormigoi armatuko arkupedun sistema ortogonala dauka, hegikako habeekin eta lauzekin forjaketetan, eskaileretan eta estalkietan. Apaindura gutxiko fatxadak ditu, kanpoaldean krema-kolorez zarpiatutako adreiluz egindakoak, non ardatz bertikalean ordenatutako bao zuzenak irekitzen baitira, pixka bat proportzio bertikalean, salbu eta atikoaren solairuan eta erdiko gorputzaren hegoaldeko aldean: bi gune horietan, baoak handitu egiten dira, forma etzana hartu arte. Zurgin-lanak zurezkoak dira, eta kontraleiho tolesgarriak ditu kanpoaldean, nahiz eta ez duten beiren jatorrizko zatikatzerik mantentzen. Erdisotoko solairuak ere argiztapen eta aireztapen naturalak ditu, irekidura angeluzuzen txiki batzuei esker.

Altxaeren konposizio soil eta proportzionatuaren ezaugarria hormigoizko plaka lisoen lerroen horizontaltasuna da, inpostek, leiho-barren jarraituek eta erlaitzek bata bestearen atzetik trazatzen dutena eraikinaren perimetro osoan zehar. Eraikinak dauzkan apaindura urriak erdiko ardatzean daude pilatuta, fatxada nagusian: arkupe bat dago han, mailadiarekin eta kapitel lisoko zutabe bikoitzarekin, sarrera nagusia zein den adieraziz; horren gainean, berriz, balkoi bat dago peto itsuarekin. Lehen solairuko balkoi-baoa da arku beheratua daukan bakarra; erliebez egindako landare-irudiekin dago dekoratuta, eta ECAYA (enpresaren akronimoa) dioen armarri bat du gainean. Bereziki nabarmentzen dira goiko solairuetako angeluetako estalkietan ikus daitezkeen «garitoi» erako eranskin zilindrikoak, euskal dorretxeen estiloa gogorarazten duten elementuen antzera. Elementu horien inspirazioak aitortza egiten dio jatorrizko proiektuaren memoriari. Barrualdearen banaketari dagokionez, erdiko gorputza hiru hormartetan dago banatuta, eta, erdikoan, hiru tarteko eskailera nagusia dago, 4 solairuak lotzen dituena eta, era berean, goialdean argi-zuloa duen patio estali batera ere ematen duena. Lotura-guneek ere hortik hartzen dute argia. Jatorriz, bigarren mailako eskailera bat eta karga-jasogailu bat ere bazeuden sotoko solairuaren eta beheko solairuaren artean, sukaldea eta jantokia lotzeko. Espazio horren gainean, solairu nagusian, patioaren zorua zegoen. Alabaina, 1990eko hamarkadan igogailua jarri zenean, patioa beheko solairuraino luzatu zen, eta han, era berean, pasagune bat jarri zen, gaur egun eskailera nagusiaren azken tartea eta atikoko terraza lotzen dituena.

Lotura bertikal horien inguruan, solairu guztietako alboetako hormarteetan, modu simetrikoan ezarri ziren banalekuak, higiene-zerbitzuak eta beste areto osagarri batzuk; esate baterako, sen- daketa-gelak eta bulegoak. Sotoan, biltegiek, despentsek, garbitokiak eta lehortegiak okupatzen dute espazio hori. Atikoan, ziurrenik udalekuetako zuzendaritzaren erabilera esklusiborako, bulego handi bat dago, bai eta bi etxebizitza ere, sarrera zuzena daukatena hegoaldera ematen duen terrazara. Erdiko gorputz hori atzealdeko fatxadarantz luzatzen da sotoko solairuan, beheko solairuan eta lehen solairuan, eta espazio garbi bat dauka, non kokatzen baitziren, hurrenez hurren, sukaldea, jantokia eta erizaindegia. Alboetako hegalei dagokienez, bakoitzak 5 hormarte dauzka, eta banatu gabeko espazio garbi zabalak osatzen dituzte. Hantxe zeuden logela komunitarioak, sexuaren arabera banatuta. Deskribatutako sarrera nagusiaz gain, sotoko solairuak bi sarrera independente dauzka lorategitik. Sarrera horietako bakoitzak eskailera bat du, beharbada biak ere gerora jarritakoak. Kanpoaldean, partzelak muga egiten du, iparraldean, balaustradadun hormigoizko horma batekin. Horma horrek zurezko ateak ditu oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarrera gisa, eta harrizko eta hormigoizko hormak dauzka gainerako orientazioetan. Partzelaren hego-ekialdeko eta hego-mendebaldeko ertzetan, arkupeko zutabeen erreplika diren bi pergola daude. Kanpoan dauden gune estali horiek lorategiaz gozatzeko egin baziren ere, orain galdu egin dute ezauga- rri hori, itxi egin baitituzte hormigoizko blokeekin. Eraikina inguratzen duen partzelako gainerako espazio librea, hegoalderantz azalera handiagoa duena, landaretza ugariko lorategi batek hartzen du. Lorategiak ibilbide perimetrala dauka, bai eta zintarriz mugatutako parterre berdeak eta hormigoizko jardinera aurrefabrikatuak ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]