Edgar Quinet

Wikipedia, Entziklopedia askea
Edgar Quineten erretratua, André Gillek egina.

Edgar Quinet (Bourg-en-Bresse, Frantzia, 1803ko otsailaren 17a - Paris, Frantzia, 1875eko martxoaren 27a) frantses historialaria, politikaria eta idazlea izan zen.

Biografia

Greziari eta Alemaniari buruzko historia-liburuak idatzi zituen: De la Grèce moderne et de ses rapports avec l´Antiquité (1830, Grezia modernoaz eta Antzinatearekin dituen harremanez), Système politique de l´Allemagne (1831, Alemaniako sistema politikoa).

Klerikalismoaren etsai amorratua izan zen, eta horren erakusgarri dira Collège de France ikastetxean irakatsi zituen gaiak: Contre les jésuites (1843, Jesuiten aurka); L´ultramontanisme (1844, Ultramontanismoa); Le christianisme eta la Révolution française (1845, Kristautasuna eta Frantziako Iraultza).

1846an, kargu horretatik kendu zuten. 1848an, diputatu hautatu zuten, eta estatuaren eta eliza katolikoaren arteko erabateko bereizkuntzaren alde agertu zen. 1851ko estatu-kolpearen ondoren, erbesteratu egin behar izan zuen, Belgikara lehenengo eta Suitzara gero. 1870ean itzuli zen Frantziara. 1871n, diputatu hautatu zuten, berriro.

Olerkia, antzerkia, literatura eta arte-kritika ere landu zituen. Quineten ustez, gizonaren eta munduaren arteko borroka luzearen sekretuak bilatzea da historiaren helburua.

Beste idazlan batzuk: Les Révolutions d´Italie (1852, Italiako iraultzak); Histoire de mes idées (1858, Nire ideien historia), autobiografia; La Révolution (1865, Iraultza); La Création (1870, Sorrera); La République (1872, Errepublika), L´Esprit nouveau (1875, Espiritu berria).

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Edgar Quinet Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak