Edmund Goulding
Edmund Goulding Britainia Handiko zinemagilea izan zen (Londres, 1891 - Los Angeles, 1959). Lehen Mundu Gerran parte hartu ondoren, Estatu Batuetara joan zen eta Hollywooden aritu zen lanean Metro-Goldwyn-Mayer-entzat, Warnerentzat, eta, azken urteetan, 20th Century Foxentzat. Haren filmetan lan egin zuten emakumeen zuzendaritzan arreta berezia jarri izan zuen beti. Haren gidaritzapean aritutako antzezle eta film batzuk dira, besteak beste: Greta Garborekin Gran Hotel (1932) eta Love (1927, Ana Kareninaren lehen bertsioa); Gloria Swanson, The trespasser (1929); Norma Shearer, Riptide (1934). Baina batez ere Bette Davisekin egin zituenak izan ziren ospe handienekoak: That certain woman (1937, Emakume ziur hori); Dark victory (1939, Garaipen iluna); The old maid (1939, Neska zaharra); eta The great lie (1941, Gezur handia).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.