Eduardo García Máynez

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Eduardo García Máynez mexikar filosofo eta legegizona izan zen (Mexiko Hiria, 1908 - 1993). Zuzenbide-ikasketak Mexikoko Unibertsitate Autonomoan egin zituen (UNAM), eta Berlinen eta Vienan osatu zituen. 1939. urtean UNAMeko irakasle izendatu zuten, eta 1953tik aurrera, bertako Filosofia eta Letretako Fakultateko zuzendari izan zen. Hego Ameriketako zenbait unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten. Zuzenbidearen filosofiari buruz egindako lanarengatik da, batez ere, ezaguna. Hasierako lanetan alemaniar tradizioko egile objektibisten joerari jarraitu zion, oro har, eta axiologia juridiko, objektibo eta antiformalista finkatzearen alde agertu zen. Axiomatika modernoari jarraituz, García Máynezek askatasuna oinarri juridikotzat hartzen duen eta betebehar juridikoaren logikan oinarritzen den teoria bat osatu zuen, zuzenbidea printzipio ontologikoez eta ontologiko-juridikoez osaturiko sistema gisa egituratzeko. Bere ekarpenek eragin handia izan dute, Latinoamerikan bereziki. Lan aipagarriak ditu, besteak beste, Libertad como derecho y poder (1940, Askatasuna, eskubide eta ahalmen gisa), Introducción a la lógica jurídica (1951, Logika juridikoaren sarrera), Los principios de la ontología formal en el derecho (1953, Ontologia formalaren printzipioak zuzenbidean), Ensayos filosófico-jurídicos (1959, Saiakera filosofiko-juridikoak), Lógica del raciocinio jurídico (1964, Arrazoimen juridikoaren logika), El problema de la objetividad de los valores (1969, Balioen objektibotasunaren arazoa), Semblanzas, discursos y últimos ensayos filosófico-jurídicos (1989, Azalpen biografikoa, hitzaldiak eta azken saiakera filosofiko-juridikoak).


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]