Eduardo Txillida

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eduardo Txillida.
Haizearen orrazia (Donostia),
Txillidaren lanik ezagunenetakoa.
Berlin (2000) eskultura, Berlingo Kantzilertza Federalaren bulegoen atarian.

Eduardo Txillida Juantegi,[1] nazioartean Chillida erdal grafiaz ezagunagoa,[2] (Donostia, Gipuzkoa, 1924ko urtarrilaren 10a - 2002ko abuztuaren 19a) eskultorea izan zen, eta euskal herritar eskultore famatuena dugu orain ere. Haren lan ezagunenetariko bat Donostian dagoen Haizearen orrazia da. Txillidaren lanak dira, orobat, Gipuzkoa Donostia Kutxaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Udako Euskal Unibertsitatearen logotipoak, besteak beste.

2000. urtean, Hernanin, Chillida-Leku museoa eraiki zen. Kanarietako Fuerteventura uharteko Tindaya mendian proiektaturiko lan eztabaidatsu eta erraldoia egin gabe gelditu zen gipuzkoar artista hiltzean. Alzheimerrak jota, azken urteak Igeldon familiak zuen etxean bizi izan zen.

Biografia eta ibilbide artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskultura Txillida 001.PNG
Eskultura Txilida 002.PNG
Elogio del agua, Eduardo Txillidarena (1987).
Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia lanaren hiru ikuspegi (1987), Donostian.
Eduardo Txillidaren zenbait lan. Eskuinean goian: Gure aitaren etxea obraren bi ikuspegi (1988), Gernikan (Bizkaia). Eskuinean behean: Homenaje a Fleming, 1985ean egina, Donostian 1991n jarria. Behean: Para Rafael Ruiz Balerdi, 1992koa, Donostian.

1924ko urtarrilaren 10ean jaioa, Pedro Txillidaren eta Carmen Juantegiren hirugarren semea zen. 18 urterekin, 1942an alegia, ikasketak hasi zituen Madrilgo ETSAM arkitektura eskolan, Unibertsitate Politeknikoaren fakultatean. Urte gutxi geroago bere arkitektura ikasketei utzi zien, futbolean jokatzeko.

1942-1943 denboraldian, Real Sociedad taldean atezain aritu zen, Espainiako futbol ligako bigarren mailan, aita klubeko lehendakari zela. Denboraldi hartan Realak lehen mailara igotzea lortu zuen, baina Txillidak, beste jokalari batekin talka eginda, belauna txikitu zuen, eta bizi osoan izango zuen lesio haren ondorioz utzi egin behar izan zuen futbola. Orduan, 19 urte besterik ez zuela, artearen munduan murgildu zen buru-belarri.[3]

1947an Madrilgo Arte Ederren Elkartean marrazten hasi zen. Garai hartan, marrazki naturalarekin etxekotu zen. Gero, berak esaten zuen bezala, ezker eskuarekin marraztea erabaki zuen, eskuina izan arren, erresoluzio figuratiboa bere trebetasun fisikoaren menpe izan ez zedin. Bere lehenengo pieza eskultorikoak garai hartakoak dira.

Gero, Parisa aldatu zen, 24 urte zituela, 1947an, eta hiri horretan bere lana garrantzia hartzen hasi zen, kritikari batzuen esanetan. Bere lehenengo eskulturak igeltsuzkoak ziren, Louvre museoaren eskultura greziarrek asko hunkitu zutelako. Garai hartan oraindik ere ideologiaz eta ekintzaz espainiar faxista zen (1949ko ekainaren 26an, espainiar faxisten ikurrina kentzera zihoazen bi errepublikazale jipoitu zituen, Parisen, Pablo Palazuelo gogaide faxista lagun zuela); geroago, tolerantziarantz eta kulturartekotasun deitu izan den horretarantz aldatu zen, eta gaztaroan zuen pentsamolde faxistaren errua aita militarrari egotzi zion.[4] Han bizi izan zen hiru urteetan (1947-1950), bi erakusketatan azaldu zen: 1949an, Maiatzeko Aretoan eta 1950ean Maeght Galerian. Garai horretan Giza sorbalda eta Emakume sorbalda lan figuratiboak nabarmentzen dira bere obren artean.

1950ean, Pilar Beltzuntzerekin ezkondu zen Donostian, eta elkarrekin berriro bueltatu ziren Parisa, Txillidaren lehenengo erakusketarekin estreinatzeko, urte berean. Erakustaldiaren izenburua Les Mains Eblouis izan zen. Espainiar faxismoan gogaide zuen Pablo Palazuelo margolariarekin adiskidetasuna landu zuen; euskal kulturaren eta nortasunaren aldezle eta aldarrikatzaile Jorge Oteizarekin, ordea, areriotasun bizia izan zuen garai hartan.

La casa del poeta (1982), Eduardo Txillidarena.

Oteiza eta biek konstruktibismoan errotu zuten bere lana, gai ezberdinak jorratu arren. Batak bestea salatu zuen, behin eta berriro, bere lanak plagiatzeagatik. Oteizak 1991n Aldaketen legea. Plagioen liburua argitaratu zuen, argazkiekin Txillidaren lanak eta bereak alderatuz, eta bereak lehenagokoak izan zirela esanez. Bien arteko areriotasuna 1997an bukatu zuten elkar barkatuaz.

1951an Txillidak eduki zituen zortzi seme-alabetatik lehena jaio zen, eta laster familia osoa behin betiko bueltatu zen Donostiara. Txillidak Ilarik, bere lehenengo burdinazko eskultura, osatu zuen. Momentu horretatik aurrera burdina gehien erabili zuen materialetako bat izan zen.

Hernanin jarri zen bizitzen, baina idortasun handiazeukan barnean: urtebete egon zen ezer egin gabe. Eskulturagintzako materiala aldatu egingo du: harria utzi eta burdina hartuko du. Eta dagoeneko abstrakzioaren bidea hautatuko du. 1952-1953an egiten ditu burdinazko lehen obra handiak: Barrendik, Gutiziatsu, Iru, Aize Orrazia (urteetan zehar, eta material desberdinak erabiliz, sorta osoa eratuko du), Ozka irtena, Inguruan biribil... 1954an egin zuen bakarkako lehen erakusketa Madrilen, Clan Galerian, arrakasta gutxiz inolaz. Urte berean aurkeztu zuen bere obra Milango Hiru Urtekoan, Ramón Vázquez Molezún arkitektoak gonbidaturik, eta Ohorezko Domina erdietsi zuen. Urte berean egingo ditu Arantzazuko Basilikarako lau ate. 1954an, beste artista batzuekin batera, Parisko 1 er Salon de l'Esculpture Abstraite-n erakusten du bere obra.

1954-1955ean eman zion hasiera Amets ingudea sailari (hamazazpi eskultura, 1954. eta 1966. urte artean eginak) eta Dardarra burdinean, Utsune soinudunak harri eta burdinean, Suaren goraipamena, Musika ixilla, Burni ikara, Txoriaren izpiritua, etab. burdinean, sortuko ditu. Orobat, Mugarri Zurrumurru sorta egin zuen (zazpi pieza dira, bost burdinean eta bi altzairuan). Berna (1955), Madril eta Rouen (1957), Paris, New York, Chicago, Venezia eta Pittsburgh (1958), eta Madril, Kassel, Paris, New York eta Minneapoliseraino (1958) iritsiko dira bere erakusketak. 1957an Graham Foundation saria lortu zuen.

Burdina erabat utzi gabe, zura hautatzen du Txillidak 1959an. Berak aitortzen duenez, burdina baino arinagoa izango zen material bat nahi zuen, betetasuna eta hustasuna adierazteko. Horrela hasiko da osatzen Abesti Gogorra saila (lau zurezko pieza etabostgarrena, granitozkoa). 1959an erabiliko du lehen aldiz altzairua, Mugarri Zurrumurru IV obran. 1967 urtean hasiko zen, burdina erabat baztertu gabe, beste materialak erabiltzen.Sariak ere ugariak dira urte hauetan: Kandinsky saria (1960) Carnegie (1964), Wilhelm Lehmbruck eta Nord-Rhein Westfalen (1966, Alemaniako garrantzitsuena), eta Art Institut (1966).

Eduardo Txillidaren bi lan. Eskuinean: Toki. Ezkerrean: Abesti gogorra.

Erakusketak etengabe egiten ditu munduan zehar: Paris, Houstongo museoa (Miró eta Picassorekin); bestalde, Donostiako Gaurko Artearen Erakusketan Abesti gogorra saileko lehena aurkezten du, zurezkoa. Baina garrantzirik handiena dutenak Parisko Maeght Galerian 1961, 1964 eta 1968an egin zituenak dira. Azken horretan burdinazko, granitozko eta alabastrozko 14 eskulturen ondoan bere obra bikainenetako bat aurkeztu zuen, Utsaren inguru IV. Juan Daniel Fullaondo izan zen katalogoaren prestatzailea.Oso gaztetatik izan du Txillidak jakiteko zaletasuna, eta filosofoen irakurketak garrantzi berezia du beretzat, Bergson, Heidegger, Theilhard de Chardin edo Bachelardenak. Hainbat intelektual bestalde hurbiltzen da bere obrara, hala nola Roland Penrose, Gabriel Celaya, Jorge Guillén, Martin Heidegger (Artea eta Espazioa liburua apain ziezaion eskatu zion Txillidari), Emile Cioran edo Gómez Pin.1966an antolatu zuen J.J. Sweeneyk Houstongo museoan Txillidaren obraren lehen erakusketa osoa Estatu Batuetan, geroago beste zenbait museotan aurkeztuko zena. Bi urte geroago hasiko dira halako erakusketak Europan, Basilea, Zurich, Amsterdam, eta abarretan.

1968an eskaera garrantzitsu bat hartzen du Unescoren aldetik, Parisko egoitzaren sarrerarako altzairuzko eskultura bat: Aize Orrazia IV, alegia.

Aparteko garrantzia aitortzen dio Txillidak materialari: haren gogortasuna edo hauskortasuna,edo arintasuna eskulturaren baitako osagai da, eskulturan ondo azaldu behar duena. Begirunerik handiena die materialari eta haren eskakizunei: “Egia da gaina hartzen diedala, baina haiei entzunez, errespetatuz” esango du berak.

1965ean alabastroa hautatzen du laneko materialtzat. Orduan osatuko du Arkitekturaren goraipamena. Alabastroak argiaren arazoa dakar berarekin; eta hortik dator Argiaren goraipamena ere. Gabriel Celaya poetak galde eta erantzungo dio alabastroak aurkezten duen auziari: «Baina berak (Txillidak), iluntasunean bila jardun eta jardun ibili den gizonak, zer egiten du berez erlus den material batekin? Haren ezkutukia bilatu. Axaleko gardentasunean atsegin hartu ordez, arraila krudelak, kasikan zauriak, irekitzen dizkio».

Ulertzekoa da Txillidak zirriborrorik erabiltzen ez badu ez eskulturetan ez marrazkietan: obra bakoitza bakarra da, eta obra bakoitzera bilatzera, esperimentatzera hurbiltzen da: materiaren eta pentsamenduaren arteko batasunaren bila dabil. Eta material batek eman behar zuena eman duenean, hurrengo beste baten bila abiatuko da.

Marrazki ugari egin du Txillidak, eta baita erakusketarik antolatu ere marrazkiak aurkezteko. Eskuak dira: bereak sarri, eskuinekoa eta ezkerrekoa. Espazio eta mugimendu baitira bi eskuak. Ez dute ezer esan nahi: espazioan dauden formak dira. Edozein modutan, benetako marrazkilaria dela erakusten du Txillidak lan horietan: bereak ez dira eskultura marraztuak, berezko balioa duten marrazkiak baino.

Bestalde, Txillidaren obra grafiko oparoa grabatuak, marrazkiak, collage-ak eskulturaren unibertso formalarekin loturik agertzen da, planoan espazio guztiz konplexua eraikitzen saiatzen baitzen. Grabatuaren alorrean, halaber, sari garrantzitsuak irabazi zituen, hala nola Rijeka-ko (Kroazia) Nazioarteko Erakusketa saria (1972), Italiako Diano Marina saria (1974), Tokioko Biurtekokoa. Orobat, zenbait libururen irudigile izan zen (M. Heidegger filosofoaren Die Kunst und der Raum, 1969).

Eskulturagintza izan da, zalantzarik gabe, Eduardo Txillidaren lan edo egiteko nagusia. Baina irakasle ere izan da: 1971n Harvardeko unibertsitatean irakasle gonbidatu izan zen lau hilez. Eta han ezagutu zuen gerora adiskide handia izango zuen Jorge Guillén poeta. Haren Más allá poema xilografiez apaindu zuen (bi urte georago Maeght Galeriak argitaratuko zuen, eta lan honegatik emango zioten 1974an Diano Marina saria ere). Urte berean, Thyssen Fundazioak eskultura handi bat eskatu zion, altzairuzkoa, Düsseldorfeko hirian jartzeko.

1972an zenbait gorabehera sortzen da Txillidaren inguruan, Iruñeko Topaketak zirela-eta. Hara aurkeztu zuen obra erakusketa ireki aurretxoan erretiratu egin zuen Txillidak, esanez han azaltzen ziren imitatzaileen bidez bere obra nahiko erakutsia zegoela. Lehenago Gaur taldean parte hartua zen, baina sekula ez du nahi izan talde bizitzarik, eta ez zuen bat egin nahi izan Euskal Eskola deituarekin: indibidualtasunari aparteko garrantzia eman dio beti, eta bere bide propioa egin du. Aipagarria da, bestalde, urteetako liskarrak bertan behera utzi zituztela 1997an Eduardo Txillidaren Zabalaga baserrian Txillidak eta Oteizak, besarkada baten bidez hainbat urtetako gorabeherak alboratuta.

Material berrien aukerak saiatu nahia da Eduardo Txillidaren ezaugarrietako bat. Eta 1972an, beste aro berri bat irekitzen da bere eskulturagintzan: hormigoiari helduko dio. Lehendik ere saio batzuk eginak zituen Harvarden irakasle zela, baina kolpetik ohi ez bezalako moduan hartzen du Txillidak hormigoia: euskarri izan ordez, zintzilik jartzen du, buruhauste tekniko handiak sortuz sarri. Pisuaren kontrako iraultza gauzatu nahi zuen, berak esaten duenez; hormigoiak barnean hutsa balu bezala erabili.

Sei tonako pisua du hormigoian egin zituen lehen obrak, Topaleku III deituak. Txillidak Madrilgo hiriari oparitu zion, eta lekua hautatu ere egin zuen: La Castellana pasealekua, errepideko zubi batetik esegita. Bainahorrek izugarrizko iskanbila sortu zuen, eta arkitekto eta adituek esan bazuten ere inolako arriskurik ez zegoela, udaletxeak ez zuen ipini nahi izan (1979an, gauza jakin batzuk konpondu ondoren, ipini zen azkenik, egileak hautaturiko lekuan). 1974an Topaleku V prestatzen du, Juan March fundazioak Madrilen zuen egoitzaren atarian jartzeko eskatuta.

Urte horietan Txillidaren ospea alde guztietara zabaltzen da, egin zituen erakusketetatik eta jaso zituen sarietatik erraz iger daitekeenez. 1972an, Madrilgo Iolas Velasco Galeriak erakusketa handi bat prestatzen du, eskultorearen lanik garrantzitsuenak erakutsiz. 1975ean, Basileako Johan Wolfgang von Goethe fundazioak ematen duen Rembrandt saria jasotzen du, eta hiru urte geroago Andrew W. Mellon saria, Willem De Kooningekin batera. Basilean, 1976an, Leku III aurkezten du, hormigoian egindako obra; urte berean, Tokion, Euzkadi IV akuaforteagatik Atzerriko Arazoetako ministerioko lehen saria erdiesten du. Hurrengo urtean, beste erakusketa oso batantolatzen du Madrilen Iolas Velasco galeriak, eta erakusketa hori Durangora, Iruñeara eta Harvardeko Unibertsitatera joango da.

Estelak izan dira Txillidak landu dituen arloetako beste bat. Estela horiek adiskide dituenei eta bestelako pertsonaia ospetsuei eskaini dizkie. 1977an halako lau aurkeztu zituen Parisen, gaurko artearen nazioarteko azokan, altzairuan eginak: Gudari, eta Nerudari, Allenderi eta Millaresi Omenaldiak. Era horretako estelak eskaini dizkie bere adiskide batzuei eta beste zenbaiti, adibidez Estela a Giacometti (1974), Estela a Picasso (1975), Estela a Borromini (1976), Estela a Bergson (1977), Estela a Sabino Arana 1977), Estela a Edgar Allan Poe (1978), Estela a Rafael Ruiz Balerdi (1992), etab.

1977an oparitu zion Eduardo Txillidak bere sorlekuari, Donostiari, hiriko sinbolo bilakatu den eskultura ospetsua, Haizearen orrazia, Igeldo azpian, badiaren ertzean, haitzetan itsatsia dagoen monumentua. Peña Gantxegi arkitektoarekin batera proiektatua dago obra osoa, eta hiruzenbakia da egileari joko guztiak egiteko aukera eskaintzen diona: hiru elementu funtsezkoenak hantxe aurkitzen dira, eskulturaren osagai barneko bezala, ura, eguratsa eta lurra, alegia; hiru eskultura dira, bakoitzak hiru beso dituela, eta hiru haitzetan hiru loturaz itsatsiak, espazioa mugatuz eta hertsiz. Donostian beste bi obra ere baditu Txillidak: Santa Maria elizari oparitua bat, eta Fleming doktoreari eskainia bestea.

1980an, Gasteizko Foru plaza egin zuen, berriro ere Luis Peña Gantxegi arkitektoa lagun zuela. Bi erakusketa handi egin ziren 1980an: New Yorkeko Guggenheim Museoak antolatu zuen lehena, Txillidak 1951 eta 1980 artean egindako ehundik gora eskultura eta grafiko biltzen zituena. Madrilgo El Retiroko Kristalezko Jauregian egin zen bigarrena, eta aurrekoa bezain oparoa ez bazen ere, Txillidaren aro guztietako obrez hornitua zegoen.

Munduko museorik handienetan aurki daiteke Eduardo Txillidaren obra. Baina museoez aparte, Frantziako, Alemaniako, Irango, Espainiako, Suediako etaEstatu Batuetako hainbat hiritan ere jarri ditu bere monumentuak. Jaso dituen sarien zerrenda ere luzea da benetan. Lehen aipaturikoez aparte, ezin utzi aipatu gabe Arteetako Príncipe de Asturias saria (Madril, 1987), Lorenzo il Magnifico (Florentzia, 1987), Alemaniako Merezimenduzko domina (Bonn, 1987), Bartzelona hiria (1988), Grabatuen Nazioarteko Hiru urtekoa (Grenchen, 1988), eta abar luzea.

1990ean, Veneziako Arteko Bi Urtekoak omenaldi handia eskaini zion Eduardo Txillidari, bizirik dauden eskultore handienetakoen artean ipiniz. Bost obra eskaini zituen omenaldi horretan: Mendi Huts II (1900, alabastroa), Poetaren etxea/Stele VI (1990, burdina), Arkitekturaren goraipamena VI (1990, burdina), Homenaje a Balenciaga (1990, burdina) eta Down town II (1990, altzairua).

Sariek eta omenaldiek ez diote murriztu sorkuntza indarra, eta hala Sevillan Homenaje a la Tolerancia ipini zuen 1992an, Munduko Erakusketa zela-eta. Hormigoizkoa da obra, eta ohiko eskultura baino gehiago mugarri bilakatzen da hiriko paisajean,Goetheren etxea (1968) bere garaian izan zen bezala.

Euskadin, Gure aitaren etxea ipini du Gernikan. Juntetxetik hurbil jarria dago, eta Euskal Herriaren historian aparteko garrantzia duten bi leku seinalatzen ditu monumentuak. Alde batetik, Juntetxea bera, edo Juntetxeko arbola, demokraziaren eta askatasunaren topagune, eta bestetik Santimamiñeko haitzuloa, bertan dauden historiaurreko irudiekin; bi alderdi horiek Arestik abestu zuen «Gure Aitaren Etxea» sinbolopean bilduak geratzen dira. Obrak, berez, bi atal ditu: Estela Gernika eta Estela Agamenon, biek eskala desberdineko hesi bat bezala bat egin eta erdian dagoen burdina babesten dutelarik, monumentua osatzeko. Halere, gisa horretako obren artean, ezin utz daiteke aipatu gabe Odaiertzaren goraipamena (Xixon, 1990), guztien artean onena beharbada, itsasoaren handitasunaren aurrean kokatua.

1980az geroztik egin dituen obra asko Txillidaren antzinako kezka zaharren birmoldaketa gertatzen dira: Zuhaitz edo Beaulieu burdin lan preziatuak dira. Xaflen tolesdura harrigarria gertatzen da Locmariaquer sortan (1987-1989). Berriro ere materiak duen arazo bati heldu nahi dio Txillidak: grabitazioaren arazoa azalduko da bi sorta berritan: Gravitación (1991) deituriko lehen sorta, haritan zintzilik dauden paper lodietan egindako grabatuak dira, eta Homenaje a Luca Pacioli (1986) berriz altzairuzko mahai sorta. Argia materiaren barnera sartu, materiaren beraren osagarri bezala, espazioak eta mugak markatu: ahalegin berrian dabil Eduardo Txillida Kanarietako Tindaya mendian: mendia bera zulatu nahi du, mendiko harria baino gehiago, lehendik hainbesteko historiaz zamaturik dagoen lekua zulatu nahi du, mendiaren barneko misterioa argiak ernal dezan. Neurriz izugarrizko obra bada ere, esanahiaz handiagoa da oraindik, kosmogonia oso bat bilbatu nahi baitu Txillidak, eguzkiaren eta ilargiaren, egunaren eta gauaren argian mendi barnera bilduz.

Hasierako igeltsu eta alabastroak, ondoren etorri den burdina, herdoila, denborak eta espazioak materiaren azalean duten eragina era poetikoan adierazten duena; hormigoia geroago, bere astuntasun pisutik libratua, baina orobat bere lakartasuna erakusten duela. Guztiak dira materia, errespetatu beharrekoa bai, baina birmoldatu beharrekoa orobat, geometriaren bidez.

Ahalegin horrek jarri du Eduardo Txillida, mugaren eta topagunearen poeta, mende honetako eskultore handienen artean; gaurko eskulturagintzan erreferentzia puntu ezinbestekoa eta gure egunetako klasiko bakanetakoa da, modaren aldietatik urrun.

Eduardo Txillidak hauxe zioen bere buruaz: "Bakartia naiz, Pilirekin bakartia". Txillida bere artean murgildu zedin, bere emazte Pili, haren afera guztiez jabetu zen. Haren zutabea izan zen bizitza osoan. Gainera, haren emazteak eta seme-alabek arte proiektuetan parte hartu zuten, adibidez Chillida-Leku museoan edota Tindaya mendian.

Eduardo Txillidaren alde ezezagunetako bat barne-diseinuarena zen. Igeldo mendiko bere etxean giro koloretsua eraiki zuen, altzari arruntekin, euskal tradizioan oinarriturik. Bere bizitzaren azken fasean, Txillidak berak eman zituen ideiak Zabalaga baserria Chillida-Leku bihurtzeko lanetarako alderdi konstruktibo eta arkitektonikoak, eskultura bat balitz bezala. 2000 urtean Zabalaga baserrian (XVI. mendeko baserria), Hernani udalerrian, bere museoan artistaren bilduma zabalena inauguratu zen. Espainiako errege-erreginak, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuko presidente eta Gerhard Schröder Alemaniako kantzilerra inauguraziora joan ziren. Izan ere, 1984. urtean, Txillidaren tamaina handiko lanak gordetzeko leku baten bila zebiltzala, Donostia eta Hernani artean dagoen Zabalaga baserria, XVI. mendeko eraikina, aurkitu zuten, eta urte hartan bertan erosi zuten etxea eta etxeari zegozkion lurren lehen zatia. Urtez urte, baserria zaharberritzen eta lursail gehiago erosten jarraitu zuten, hamasei urteren buruan Txillida familiaren eta, besteak beste, Joaquín Montero arkitektoaren ekimenez baserria bera eta inguruko belardiak hartzen dituen museo zabal eta berezia osatuz. Chillida-Lekuk Eduardo Txillidaren hainbat eskultura hartzen ditu, estilo, neurri eta garai askotakoak, hainbat kasutan han-hemenka berreskuratuak, eta haiek erakusteko eta ikusteko era da museoaren ezaugarririk bereziena, inguru naturalean erabat integratuta eta jendearen eskura baitaude guztiak. Ireki eta berehala, arrakasta handia izan zuen Chillida-Lekuk, eta Guggenheimekin batera Euskal Autonomia Erkidegoko museo nagusia bilakatu da. Chillida-Leku eraiki ondoren, Eduardo Txillida eta Pilar Belzunce Fundazioa sortu zuten txillidatarrek, sortzailearen inguruko bibliografia eta bere artxibo pertsonala kudeatzeko.

Sormen lanari eutsi zion azken urteetan ere Eduardo Txillidak, eta obra guztiz aipagarriak egin zituen. Eskulturagintzari dagokionez, hainbat lan berri ipini zituen Txillidak azken urteotan. Euskal Herrian geratu direnen batzuk aipatzekotan, ezin ahaztu da 1997an Donostiako Artzain Onaren katedralaren atari nagusian jarri zuen Bakearen Gurutzea, edota 2000. urteko martxoan Loiolako Basilikaren aurreko enparantzan inauguratutako Enparantza II lana, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1997an erosia eta egileak Loiolako San Ignaziori bihotz-bihotzez eginiko omenaldi modura aurkeztua. Eduardo Txillidaren azken lanik aipagarriena, ordea, 2000. urteko urrian Alemaniako gobernuaren egoitza berriaren ohorezko sarreran kokatu zen Berlin izeneko eskultura izan zen, Gerhard Schröder kantzilerrak berak aurkeztua, eta dagoeneko Alemaniako eskulturarik esanguratsuena bilakatu dena: sei metroko altuera eta 90 tonako pisua du, eta Alemania bien bat egitearen ikur bilakatu da. Eduardo Txillidak Alemaniarekin zuen lotura estuaren lekuko dira, halaber, 2001. urteko urtarrilean Koloniako Jesusen Lagundiaren elizarako eginiko aldarea eta urte bereko otsailean Düsseldorf hiritik hurbil dagoen Hombroicheko Museoen Uhartea izeneko parkean kokatu zuen 15 metroko eskultura erraldoia.

2002ko abuztuaren 19an Igeldo mendiko bere etxean hil zen, Donostian.

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzan Txillidak sari ugari jaso zituen, esaterako Kandinski saria, Wilhem Lehmbruck saria, Asturiasko Printze saria, Alemaniako Kaiserring saria eta Japoniako Inperial saria. Gainera, munduan zehar erakusketa askotan parte hartu zuen, besteak beste Veneziako Bienalean, 1958an.

Bere sari garrantzitsuenak:

  • 1965 - Carnegie Saria.
  • 1975 - Rembrandt Saria.
  • 1976 - Japoniako gobernuaren saria, X. Tokioko irarlan bienalean.
  • 1984/85 - Wolf Arteko hastapenaren saria
  • 1987 - Arteetako Asturiasko Printzearen saria
  • 1991 - eskulturan Praemium Imperiale
  • 1999 - Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

Gainera, San Fernandoren Arte Ederren Akademiaren akademiakoa, Amerikako Arte eta Zientziaren akademiaren kidea, Londresko Royal Academy of Arts kide ohoretsua eta Japoniako inperial ordenako kidea izan zen.

Txillidaren lanaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bere lanen ezaugarri nagusia materialen izaerarekin jokatzea da. Altzairua, alabastroa, hormigoia eta terrakota erabili zituen batezere, zura ere bai maila apalagoan.
  • Bere talentua Brancusi edo Giacomettirekin parekatu izan da. Laster eskuratu zuen nazioarteko mailan errekonozimendua, eta gaur bere lanak museo onenetan eta bilduma pribatuetan eta publikoetan kokatzen dira.
  • Eskultura monumentalek bere lan-ekoizpenaren zati handi bat osatzen dute, eta espazio publikoetan egoteko pentsatu zituen Eduardo Txillidak. Ildo beretik, bere lan monumentalena Tindaya mendiaren proiektua da, Fuerteventuran. Eskultorea hil zenean azterketa-fasean zegoen, nahiz eta proiektua zehaztuta egon.
  • Bere lan eskultorikoa oso indartsua eta plastika ederrekoa da. Bere lanak espazioarekin jokatzen du eta Koldobika Jauregi bezalako artista berrientzat erreferentzia bezala erabiltzen da.
  • Eskulturagintzak dituen arazo ugariei irtenbidea etengabe bilatu nahiak defini dezake neurri batean Eduardo Txillidaren obra: materialak berak sortzen dituenezinak, lehengai den materiala bera, haren astuntasuna edo arintasuna.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Wikipedian antroponimiari buruz ditugun irizpide nagusiei jarraituz, Txillida da euskal herritar horren abizenaren idazkera. Horrela ageri da, orobat, EIMAren izen zerrendetan eta Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan, besteak beste.
  2. Ikasmaterialen Aholku Batzordea: Onomastika.
  3. «Eduardo Chillida, del fútbol al arte», Anecdotario de portería, 2012-01-21.
  4. Xavier Valls: La Meva Capsa de Pandora: Memories (D'Un Dia A L'Altre), Quaderns Crema, 2003. ISBN 84-7727-399-5.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Eduardo Txillida