Edward Burnett Tylor

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Edward Burnett Tylor
Edward Burnett Tylor
Zientzialaria
Arloa Antropologia
Jaio 1832ko urriaren 2a
Londres, Ingalaterra
(Erresuma Batua Erresuma Batua)
Hil 1917ko urtarrilaren 2a (84 urte)
Wellington, Somerset, Ingalaterra
(Erresuma Batua Erresuma Batua)


Sir Edward Burnett Tylor (Camberwell, Londres, Ingalaterra, 1832ko urriaren 2aWellington, 1917ko urtarrilaren 2a) Antropologo britainiarra izan zen. Bizi eta bere ikerketak Viktoriar Ingalaterra ren urrezko aroan egin zituen. Sasoi horretan garapen militarrek, sozio-ekonomikoek eta kolonial handiek aurrerapenean konfiantza handia eragiten zuten.

Bere bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere gurasoak Joseph Tylor eta Harriet Skipper izan ziren, kuakeroak; eta Alfred Tylor geologoa bere erdi-anaia izan zen. Gurasoak Society of Friendseko kideak izan ziren eta Edwar B. Tylorrek euretariko eskola batean ikasi zuen, Grove Housekoan , Tottenham, hain zuzen. 1848an bere aitaren “J. Tylor & Sons” konpainian hasi zen, brontze galdatzaileak, hogei urte zituela osasuna zela eta utzi behar izan zuen.

1855 eta 1856 urteen artean AEBra bidaiatu zen. Azken urte horretan Kubara joan zen eta bertan Henry Christy etnologoa ezagutu zuen eta berarekin Mexikora joan.

Christyren laguntzak Tylorren antropologiarako sena biztu zuen eta Mexikon ikusitakoak ikerketa zientifiko sistematikoa. Zentzu bakarreko eboluzionismoan oinarritutako bere teoria asko gaur eguneko antropologiak baztertu egin ditu eta arrazistatzat jotzen dira. 1858an Anna Foxekin ezkondu zen.

1861ean Anahuac; or, Mexico and the Mexicans, Ancient and Modern argitaratu zuen, Mexikon egindako behaketen erregistroa. 1865ean agertu zen Researches into the Early History of Mankind, sasoi horretako etnologo handiaren ospearen oinarri. Hurrengoa Primitive Culture: Researches into the Development of Mythology, Philosophy, Religion, Language, Art and Custom, izan zen (1871) eta hamar urte beranduago Antropologiaren gaineko esku-liburu ezaguna.

1871an Britainia Handiko Royal Societyko Fellow aukeratu zuten eta 1875ean Oxfordeko Unibertsitateko zuzenbidezko ohorezko doktoretza hartu zuen. Bertako museoko zuzendari izendatu zuten 1883an eta antropologian katedradun 1884an. 1896an antropologia irakasle lanpostua bete zuen Oxforden

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturaren kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo liburua 1871an argitaratu zuen Primitive Culture: Researches into the Development of Mythology, Philosophy, Religion, Language, Art and Custom, izan zen eta bertan agertzen da kulturaren kontzeptuaren lehenengo definizio sistematikoa agertzen da: kultura edo zibilizazioa, zentzu etnografiko zabalean ulertuta, talde konplexua da zeinak ezagutzak, sinesmenak, artea, morala, zuzenbidea, ohiturak eta gizartekide legezko gizakiek eskuratutako beste edozein ahalmen bere barne hartzen baitu” Igarrian denez Tylorrek, definizio honetan, zibilizazio kontzeptuari eusten dio, sarri kulturaren sinonimotzat hartzen da eta beste askotan, berriz, kulturatik bereizten duen zentzu zehatzean. Tylorrek zehazten duen kulturak ikuspegi desberdin bi dauzka:

  • Kultura, giza garapenaren subjektu historikoa
  • Kultura, giza talde bereizi baten ondare kolektiboa

Tylorrek testuan gizateriaren garapen kulturala ulertzeko zibilizazio berba darabil , honek Herber Spencerren ideietan du oinarri, bakuntasunetik konplexutasunerako garapen zentzu bakarrean dautza ideiok. Egoera mugatuaz, herri edo tribu baten gainean, ari denean hizketan Tylorrek kultura hitza darabil. Maila honetan Spencer baino Gustav Klemm da ideien sortzailea. Klemm izan zen, alemaniar erromantikoa, kultura berbari ohitura eta sineskera multzoa esanahia eman zion lehenengoa. Tylorrek kulturaz ematen duen definizioan, zibilizazio kontzeptuan aurki daitekeen jokaera zuzenaren ideiaz baino izaera kolektiboaz ari da. Kulturaren kontrakoa, Tylorren zentzuan, naturaren kontzeptua da. Natura unibertsala da gizaki guztien berdintasunaren oinarria delako, berdintasuna denon ondare genetikoa eta patu biologikoa delako. Natura unibertsala da eta kultura berezia. Tylorrek ohiturak azpimarratzen ditu bere definizioan. Tylorrek “eskuratu” kontzeptua azpimarratzen du, honekin kulturak eta naturak batak bestea baztertzen dute; kultura ez da igarotzen genetikoki, ez da hereditarioa, ikasia da, norbanakoek bizitzan zehar eskuratua da, batez ere hasieran. Eskurapen hau inkontzientea da eta gizarte hartu-emanetan oinarritua da, imitazioan eta ondorioztatzean: antropologian honi inkulturazioa deritzo Bere definizioan Tylorrek oso ideia garrantzitsua sartzen du, konplexutasuna. Tylorrek aipatutako osagai guztiak -ohiturak, artea, morala, zuzenbidea etab.- ez dira banaka ulertu behar, denak osotasun antolatua dira, osotasun hau osagaien gehikuntza baino gehiago dira, desberdina da, haratagokoa da. Antza, definizio honekin Tylorrek kultura substantibatu egiten du, errealitate enpirikodun eginaz, beranduago Emile Durkheimek teorizatuko duen gizarte gertakaria.

Metodologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tylorrek konparazio-metodoa erabili zuen. Herri eta kultura desberdinen behaketaz ezaugarri eta erakundeen antzerakotasunetan oinarritutako kultur-fenomenoen sailkapen unibertsala egiten ahalegindu zen. Konparaketa era honek uniformetasunaren alde egiten zuen, “balizko eboluzio hurrenkera” egin nahi izan zuen. Ezkontza eta ondorengotzaren legeetan (1899) hirurehun gizarte baino gehiagoko lagina erabili zuen bere ondorioetara heltzeko.

Tylorrek ibilbide bikoitza erabili zuen: tokiko ikerketa enpirikoak egiteko indukzio-metodoa eta dedukzio-metodoa eboluzio kulturalaren eszenatokia eraikitzeko, ezin egin zezakeena osagai enpiriko hutsetan oinarrituz egin zuen.

Konparazio-metodoa derrigorrezkoa izan zen, bera ez baitzen landa ikertzailea, metodologia honen garrantziaz zeharo konbentziturik bazegoen ere, nahiz eta pare bat urtean AEBetan, Kuban, eta Mexikon ibilia izan.

Erreza da Tylor eboluzionisten artean kokatzea, izan ere, orduan gizakiaren historia ulertzeko era desberdin bi zeuden.

  • Kreazionismoa: gizakiaren historia, hauen arabera, arku batean muga daiteke, eta hasiera munduaren sorkuntzan legoke. Kreazionistek gizarte primitiboagoak eta beste batzuk zibilizatuagoak identifikatzen zituzten; tesiok bat zetozen Ingalaterrako elizarekin eta bere zientziarekin.
  • Eboluzionismoa: Charles Darwinen liburu batekin sortu zen, "Espezieen jatorriaz Hautespen naturalaren bidez" (On the Origin of Species by Means of Natural Selection). Antropologo eboluzionisten ustez mutazio prozesu baten bitartez gizakia eta beste espezieak garatu ziren, prozesu hau emango zen ingurugiroan gizakiak fisiko zein psikikoki moldatzeko leukaketen gaitasunean. Honela, gizarte garatuagoak leudeke.

Tylorren ideian gizateria garapena egoera kultural hurrenkera batean oinarrituta dago, horrela sinpletik konplexura igaroko litzateke eten bako hobekuntzan. Prozesu hau zentzubakarrekoa da eta unibertsala gizateria osorako, beraz, kulturen arteko desberdintasunak ez lirateke besterik garapen une desberdinak baino.

Gizateria osoaren patua bide beretik igarotzea da eta tarte berberetatik pasatzea. Honen guztionen oinarrian Adolf Bastian antropologo eta bidaiariaren tesia dago: gizadiaren batasun psikikoa. Bastianek zioen bata bestearengandik urrunegi dauden herrien antzekotasun nabarmenak azaltzeko jaiotzezko ideiak daudela, baliagarriak, eta komunak gizadi osorako; ideiok oinarrizko pentsamendu egiturak sortuko lituzkete.

Tesi honetatik Tylorrek biziraupen nozioa eraiki zuen, aurretiko estadio bateko ohiturak, jokaerak eta sineskeren irautea izendatzeko. Biziraupenak antropologoari lagunduko lioke, beraz, zibilizazioak segitutako bidea ezagutzeko, honen bitartez jakintsuek gizateriaren eboluzio prozesua berreraiki ahalko lukete.

Ez da ahaztu behar Tylorren garapen eskema benetako errealitate historikoa baino eredu ideal txorta dela, Comtren gizartearen garapenaren hiru aldietan oinarrituta egin zuen, basatia, barbaroa eta zibilizatua. Aipagarria da eskema honetan “primitibo” eta “modernoei” duintasun bera ematen ziela Tylorrek, orduko eurozentrismo arrazistako “barbaro” eta “basati” ideiak aldenduz . Bere lanak eurozentrismo lorratz indartsua dauka garapena definitzerakoan; Mendebala erakusten du modernitate legez, beraz, garapen kulturalaren gailurra litzateke eta Europatik kanpoko herriak garapen maila baxuagoan leudeke. Etnozentrismo honetan bestetasunaren eta historiaren ukazio bikoitza agertzen da. Historia zentzubakarreko bezala ikusten da, amaiera edukiko luke. Europatik kanpoko herrien bestekotasuna ukatua da bere berezkotasunean, onartutako desberdintasun bakarrak garapenaren zutabe tentean ipintzen dira eta ez lirateke garapen kulturalaren pauso desberdinak baino. Holan antropologiak modernitatearen ideiaren eraikuntzan lehenengo planoko eginkizuna hartu zuen. Moderno kontzeptua berez ez da definitzen, ukazioz bere burua definitzen uzten dion “ez-modernoa” behar du. Antropologiak gizarte modernoari moderno izena hartzen uzten dio aurre-modernitatean bizi diren gizarteen aurrean. Tylorrek teorizatutakoa ez da besterik modernitatearen produktua baino.

Garapenaren estadioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ikerketa antropologikoetan garapenaren hiru estadio ezarri zituen, euren arteko segida ezagutzaren mailak erakusten zuen. Ikerketa hauen arabera edozein giza talde gero eta zibilago bilakatuko lukeen etengabeko prozesua egongo litzateke. Estadiook hauek dira:

  1. Estadio basatia: taldekoak gehienbat ehizaz, arrantzaz eta batzeaz bizi dira. Nomadismoa da estadio honen ezaugarria. Giza talde primitiboak ez du ezagutzen toki batean finkatzeko premiarik.
  2. Barbariaren estadioa: talde honetakoak nekazaritzan eta abeltzaintzaz bizi dira. Taldean egituraketa maila nabarmenak agertzen dira (tabua eta intzestua agertzen dira). Nomadismoa desagertu egiten da.
  3. Zibilizazioaren estadioa: Tylorren arabera honetara mendebaldeko gizartea baino ez da heldu. Estadio honetan industria-ekonomia garatzen da eta hiruretan gorena da.

Garapenaren estadio gorenetatik urrun dauden herririk antzinakoenak ikertuz posible litzateke gure asaben bizitzeko modua ezagutzea.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Anahuac: Or Mexico and the Mexicans, Ancient and Modern (1861)
  • Researches into the Early History of Mankind and the Development of Civilization (1865)
  • Primitive Culture: Researches into the Development of Mythology, Philosophy, Religion, Language, Art and Custom (1871)
  • Anthropology (1881)
  • On a Method of Investigating the Development of Institutions; applied to Laws of Marriage and Descent (1889)