Edward G. Robinson

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Edward G. Robinson
Edward G. Robinson
Datu pertsonalak
Izen osoa Emmanuel Goldenberg
Jaio 1893ko abenduaren 12a
Errumania Bukarest (Errumania)
Hil 1973ko urtarrilaren 26a (79 urte)
Ameriketako Estatu Batuak Hollywood, Kalifornia (Estatu Batuak)
Lan nabarmenenak Little Ceasar
Sariak Ohorezko Oscar Saria
IMDB IMDBko fitxa

Edward G. Robinson (Bukarest, 1893ko abenduaren 12a - Hollywood, 1973ko urtarrilaren 26a) errumaniar jatorria zuen estatubatuar aktorea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emmanuel Goldenberg benetako izena zuen eta 10 urterekin, bere familia New Yorkera joan zen eta oso gaztetatik interpretatzeari ekin zion.

Zinema mutuaren garaian egin zuen debuta pantaila handian Errumaniako aktoreak. Besteak beste, Smart Money, The stranger eta Little Ceasar pelikuletan egin zuen lan. Gainera, ohorezko Oscar saria eman zioten zendu baino lehen.

American Academy of Dramatic Arts akademian ikasteko beka bat lortu eta 1915ean Broadwayen egin zuen debuta. Garai horretan aldatu zuen izena, eta Edward G. Robinson izan zen une horretatik aurrera.

Zinema mutuan egin zuen bere lehen pelikula Robinsonek; The Bright Shawl (1923) John S. Robertson zuzendariaren lanean hartu zuen parte, baina antzerkira itzuli zen laster.

1929an pantaila handira itzuli zen The hole in the wall Robert Floreyren filmean lan egiteko. Little Ceasar (1930) Mervyn LeRoyren pelikulan Rico Bandello gangsterrarena egin zuenean lortu zuen arrakasta errumaniarrak. Bere pertsonifikazioak eta itxurak paper horiek egitera eraman zuten aktorea, batez ere 1930eko hamarkadan.

Hamarkada horretako pelikularik arrakastatsuenak Smart Money (1931, Mervyn LeRoy); The Hatchet Man (1932, William Wellman), Tiger Shark (1932, Howard Hawks), The Whole Town's Talking (1935, John Ford), Bullets or ballots (1936, William Keighley), Kid Galahad (1937, Michael Curtiz) eta A slight case of murder (1938, Lloyd Bacon) komedia izan ziren.

1927. urtean, Gladys Lloyd aktorearekin ezkondu zen Edward G. Robinson. Little Ceasar (1930), Smart Money (1931), The Hatchet Man (1932) eta Two Seconds (1932) filmetan elkarrekin egin zuten lan. 1956an banandu egin ziren.

1940ko hamarkadan pertsonaia desberdinagoak egin zituen, eta garai hartako aktore garrantzitsuenekoa izan zen. Hamar urte horietan Dr. Ehrlich's Magic Bullet (1940, William Dieterle), Unholy partners (1941, Mervyn LeRoy), The Sea Wolf (1941, Michael Curtiz), Tales of Manhattan (1942, Julien Duvivier), Destroyer (1943, Julien Duvivier), The Woman in the Window (1944, Fritz Lang), Tampico (1944, Billy Wilder), Our Vines Have Tender Grapes (1945, Fritz Lang), (1945, Roy Rowland), The stranger (1946, Orson Welles), The Red House (1947, Delmer Daves), Key Largo (1948, John Huston) eta House of Strangers (1949, Joseph L. Mankiewicz) pelikulak egin zituen Edward G. Robinsonek.

1950eko hamarkadan atsekabe desberdinak gainditu behar izan zituen aktoreak. Bere emaztearekin banandu zen, eta semeak (Edward G. Robinson Jr. aktorea) arazo psikologikoak izan zituen; bere buruaz beste egiten ere saiatu zen. Hala ere, aktoreak maila handia erakutsi zuen garrantzi handiko filmetan; besteak beste, aipatzekoak dira What's My Line? (1953, Jack Arnold), Black Tuesday (1954, Hugo Fregonese), Illegal (1955, Phil Karlson) eta The Ten Commandments (1956, Cecil B. De Mille). Gainera, antzerkira itzuli zen eta hainbat telesailetan hartu zuen parte.

1960ko hamarkada osoan eta 1970eko hamarkadako lehen urteetan Two Weeks in Another Town (1962, Vincente Minnelli), The Prize (1962, Mark Robson), The Outrage (1964, John Ford), Good Neighbor Sam (1964, David Swift), The Cincinnati Kid (1965, Norman Jewison) eta The Biggest Bundle of Them All (1968, Ken Annakin) filmetan egin zuen lan. Azken pelikula horretan Raquel Welch izan zuen lagun.

Edward G. Robinson ez zuten inoiz Oscarretarako izendatu, baina 1973an ohorezko saria eman zioten. Aktorea urte horretan (1973ko urtarrilaren 26an) zendu zen minbizi baten ondorioz. Hil baino lehen, Soylent Green (1973) pelikulan egin zuen lan Charlton Hestonekin batera. 79 urte zituen hil zenean, eta Jane Adler (bere bigarren emaztea) alargun utzi zuen.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Edward G. Robinson