Egan (musika taldea)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Egan
Egan logoa.png
Datuak
Jatorria Azpeitia, Gipuzkoa
Urteak 1970 — gaur egun
(1995-1998 "egan berria" bezala)
Diskoetxeak IZ Disketxea, Xoxoa, Elkar Disketxea
Taldekideak
Xabier Saldias, Idoia Uralde, Ane Saldias, Imanol Iribarren, Ruben Viejo, Rosi Zubizarreta
Lehenagoko taldekideak
Koldo Tarragona, Jose Luis Frantzesena, Alberto Frantzesena, Iñaki Arenas, Iñaki Korta, Gonzalo Pelaez, Joxe Mari Peleaez, Imanol Aranburu

Egan musika taldea Xabier Saldias kantaria buru zuela 1970. urtetik plazarik plaza ibilitako musika talde arrakastatsua da. Errepertorioa gehienbat bertsioz osatua dute, eta horietako batzuk arras ezagunak egin dira. Guztira 18 disko kaleratu dituzte. 1994an taldea banatu egin zen: Saldiasek Egan Berria izenarekin jarraitu zuen (aurrerago jatorrizko izenera bueltatuko zen), eta beste taldekideek Trabuko Egan sortu zuten, eta geroago Irailerako 6 eta Keinu.

Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Saldiasek (ahotsa eta gitarra), Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiek (teklatuak eta bateria, hurrenez hurren) eta Iñaki Arenasek (baxua) sortu zuten Egan, Azpeitian (Gipuzkoa). Jose Luis Frantzesena Schubert-ek Ez Dok Amairu sortzeko lehen bileretan parte hartu zuen eta Ordiziako Yoloak taldean aritu zen. Xabier Saldias berriz, Olatz arrebarekin aritutakoa zen Benito Lertxundiren eta Nemesio Etxanizen kantuak abestuz, baina 1968an bakarka kantatzen hasi zen. Irunen egindako lehiaketa batean lehen saria eskuratu zuen "Nere herriko langillea" kantuarekin, eta Arrasateko dantzaleku batean bi sari irabazi zituen: abesti ezezagunetan lehenengo saria, eta protesta kantuetan, bigarrena. Lehen aipatutakoaz gain, "Euskara, ialgi adi mundura" abestu zuen. Geroago single bat kaleratu zuen, Xabier Saldias izenekoa.

Xabier Madina kantaria (Akelarre) laguntzeko elkartu ziren geroago Egan sortuko zuten kideak, eta 1970eko uztailaren 30ean egin zuten estreinaldia, San Ignazio bezperan, Gautxori tabernan. Emanaldiak eskaintzen hasi eta urtebetera, Jose Luis Frantzesenak taldea utzi eta Iñaki Kortak hartu zuen haren lekua. Ez zen aldaketa bakarra izango, geroago Gonzalo Pelaezek beteko baitzuen soldadutzara joandako Iñaki Arenasen hutsunea. Zenbait urtetan laukotean ibili eta gero, Joxe Mari Pelaez Peke gitarrista sartu zen Eganen Xabierrek "punteo" batzuk besterik ez zituen jotzen, eta berak dioen bezala, “gitarrarekin norbait egonez gero, ni lasaiago egongo nintzen abesten”, 1984ra arte iraungo zuen formazioa osatuz. Urte hartan, Imanol Aranburuk (Sakre) ordezkatu zuen Iñaki Korta, eta ez zen beste aldaketarik izango 1994a arte, taldea banandu zen arte.

Herrietako jaietan euskal giroa jartzeko eta dantza egiteko musika modernoa egiteko sortu zen Egan, eta, hori lortze aldera, dantzaldietan euskal kantarien abestiak jotzen hasi zen, Xabier Leterenak eta Benito Lertxundirenak esaterako, baita atzerriko taldeenak ere, The Beatlesenak esaterako, euskaraturik. Segituan egin zen ezaguna Gipuzkoako herrietan, eta geroago beste herrialdeetara zabaldu zen taldearen oihartzuna, bereziki Bizkaiara. Akelarrerekin batera, dantzaldietara jendetza erakartzeari dagokionez puntan ibilitako taldea zen Egan, eta badira urtero hutsik egin gabe taldea kontratatu zuten herriak, hala nola Mutriku (Gipuzkoa). Dantzarako aproposak ziren kantu ezagunen euskarazko moldaketa atseginak lantzea, bost taldekideen arteko ahots harmoniak zaintzea eta Saldiasen taula gaineko karisma eta komunikatzeko dohaina izan ziren Eganen arrakastaren gakoetako batzuk. Urterik oparoenetan 200 emanaldi inguru eskaintzen zituen Eganek.

Besteen kantuekin egindako euskarazko bertsioek ekarri zioten ospea, Les Humphries Singers ("Lo ez Mexikon"), John Denver ("Loiolan jai jai", "Izarraren lorratza"), Stealers Wheel ("Astelehena"), Everly Brothers ("Bat eginik") eta Flaco Jimenezenak ("Ireki bihotza"), besteak beste, baina bereziki Queen taldea miresten zuen Saldiasek. Horrela, Freddie Mercury kantaria hil eta gero, disko oso bat eskaini ziten talde ingelesari, Queen omenduz (IZ, 1992). Urte berean, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak festa egunerako kantua sortu zuen Saldiasek, eta 1993an Euskal Telebistan H-Egan saioa aurkezten hasi zen, Pako Aristi idazlearekin eta Xabier Euzkitze bertsolariarekin.

70eko hamarkadaren hastapenetan plazaratu arren, 1985era arte taldeak ez zuen kaleratu lehen diskoa. 1994a bitartean, zortzi disko eta bilduma bat argitaratu zituen. Urte hartan, Saldiasen eta gainerako taldekideen arteko liskarrak zirela medio, taldea banandu egin zen. Saldiasek musikari berriak bildu zituen, eta Egan izenari eutsi zion, Berria erantsita, eta besteek Trabuko Egan sortu zuten. Trabukotik beste bi talde sortu ziren epe laburrean: Irailerako 6 eta Keinu. Egan Berriak kantu propioen aldeko apustua egin zuen lehen diskoan, Berria (IZ, 1995), baina ez zuen oihartzun handirik izan. "Beti bertsioak egiten ibili eta gero, gure kantuekin atera genuen diskoak ez zuen batere arrakastarik izan. Egan, erromeria, rantxera, tirolesa... esparru horretara mugatu gaitu, nonbait, jendeak. Hasieran, gu rockeroak ginen, baina jendeak horretara eraman gaitu", zioen tonu etsian Saldiasek. Hortaz, bertsioetara itzuli zen hurrengo lanetan.

2002an abeslari berri bat sartu zen taldera: Idoia Uralde eta 2004ean formatu berria estreinatu zuen Xabierrek: musika tresnak sakrifikatu eta bi dantzari sartuaz, Jaione Zapiain eta Rosi Zubizarreta, jendeak hori eskatzen zuela eta; handik urte batzuetara, 2010ean Ane Saldias, Xabierren alaba sartu zen dantzari. Joera berrietara egokitu beharra argudiatu zuen Saldiasek: "DJak plazan sartu dira, eta jendeari bost inporta zaio zeinek jotzen duen edo zein musika tresna dauden; jartzen duen giroak bakarrik axola du. Itxuraz arreta handiagoa jartzen zaie dantzariei eta ikuskizunari, musika jotzeari baino. Horregatik, joera hori ikusita, formatua aldatu dugu". Plaza giroaren gainbeherak ere eragin dio Egani, urteko emanaldi kopurua berrehunetik erdira murriztu baitzaio.

Eganen ez ezik, 2008ko abenduan estreinaldia egin zuen Pasaia Orchestra big band-ean ere abesten dute Xabier Saldiasek eta Idoia Uraldek. Azken hau, gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin lanean hasi zen 2010ean.

Goian (ezkerretik eskuinera): Rosi Zubizarreta, Ane Saldias eta Idoia Uralde / Behean (ezkerretik eskuinera): Imanol Iribarren, Xabier Saldias eta Ruben Viejo

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]