Egon Schiele

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Egon Schieleren autorretratua, 1910

Egon Schiele (Tulln, Austria, 1890eko ekainaren 12aViena, 1918ko urriaren 31a), austriar margolari figuratiboa, espresionismoaren ordezkari goiztiarra. Gustav Klimt eta Oskar Kokoschkarekin batera, austriar espresionismoa delakoa osatu zuen.

Austriako espresionismoko pintore nagusietako bat izan zen, margolaria, marrazkilaria eta grabatzailea, eta bere irudien erotismoagatik nabarmendu zen. Vienako Arte eta Lanbide eskolan egin zituen ikasketak (1907-1909). Garai hartan harreman handia izan zuen Alemaniako art noveau-rekin (Alemanian Jugendstil deitua), eta Gustav Klimt ere ezagutu zuen, Klimt Vienako Sezesioa taldeko buru zela. Izan ere, Schieleren estilo sotilak asko zor dio Klimten dotoretasun dekoratiboari. Nolanahi ere, Schielek garrantzi handiagoa eman zion espresioari dekorazioari baino, eta lerroaren ahalmen hunkigarria indartu zuen tentsio sukartsu batez.

Hasiera-hasieratik, giza irudia landu zuen batez ere (autorretratu asko egin zituen), eta gai erotikoak tratatzen zituen modu irekiak harridura handia sortu zuen. Vienako Akademiaren kontserbadorismoaz asperturik, 1909an Vienako Neukunstgruppe ("Arte-talde berria") taldea sortu zuten artisteetariko bat izan zen. 191ltik aurrera erakusketak egin zituen Europan zehar, eta 1918an areto bat eskaini zioten bere lanari Vienako sezesionisten erakusketan. Handik gutxira hil zen, Vienan bertan, 28 urte besterik ez zuela, Europan osoa 20 milioi hildako eragin zuen gripe-epidemiak jota (hiru egun lehenago, haren emazte Edith ere hil zuen gripeak, sei hilabeteko haurdun zegoela).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Egon Schiele